Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak eta Topaguneak euskararen erabilera soziala sustatzeko eta sentsibilizatzeko lankidetza indartu dute
2024ko apirilaren 23a
Nafarroako Gobernuak eta Topaguneak euskararen erabilera soziala sustatzeko eta sentsibilizatzeko lankidetza indartu dute
Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak eta Oskar Zapata Topaguneko zuzendariak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, Nafarroako euskararen erabilera soziala indartzeko helburuarekin. Sinadura ekitaldian Jabi Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzailearekin egon da. Hitzarmena 155.000 eurokoa izango da, eta ‘Euskarak 365 egun’ programa garatzeko eta ‘Euskaraldia’ diseinatzeko aukera emango du, besteak beste.
‘Euskarak 365 egun’ programaren helburu nagusia da hiztunen artean euskararen erabilera bultzatzea, eta aurten bi ekimen izango ditu. Bata gazteengana zuzenduta dago, eta bestea, egunerokotasunean haurrekin harremanetan dauden pertsona helduengana.
Eragile sozial hala nola instituzionalen arteko ekintza bateratuaren ondorioz sortutako ‘Euskaraldia’ ekimenaren helburua, euskararen erabilera bultzatu eta bere erabileraren aldeko jarrerak aktibatzea da, herritarren hizkuntza-ohituretan eraginez.
Prestakuntza eta sentsibilizazioa
Hitzarmen honi esker, Topaguneak, aurreko urteetan bezala, tailerrak eta saioak garatu ahal izango ditu hala eskatzen duten eskualde eta herrietan. Horren adibide da joan den apirilaren 17an Iruñako Kondestableko Jauregian egindako jardunaldia zeinetara joan ziren Ana Ollo kontseilaria eta Jabi Arakama Euskarabideako zuzendari kudeatzailea. ‘Gero eta aldeko gehiago’ izenburupean, Topaguneak jardunaldi bat ospatu zuen zeinen helburua zen euskara ikastera hiztun berriak erakartzea, hitz egiten dakitenak aktibatzea eta euskararen aldeko hizkuntza-ohiturak areagotzea.
Ollo, Arakama hala nola Zapata bat etorri dira euskararen gaiaren inguruan erakunde publikoen eta gizarte-eragileen arteko lankidetza sustatzean, “gizarte gisa dugun balioa biderkatzen duen eta aukeraz zein indargunez betetako etorkizun batekin lotuta dagoen hizkuntza baita”.