Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak eta La Caixa Fundazioak 14 milioiko hitzarmena sinatu dute gizarte, hezkuntza, kultura eta zientzia jarduerak garatzeko
2024ko uztailaren 30a
Nafarroako Gobernuak eta La Caixa Fundazioak 14 milioiko hitzarmena sinatu dute gizarte, hezkuntza, kultura eta zientzia jarduerak garatzeko
Maria Chivite Navascués Nafarroako Lehendakariak eta Antonio Vila Bertrán La Caixa Fundazioko zuzendari nagusiak esparru-akordio bat sinatu dute Iruñean, bi erakundeen arteko lankidetza jasotzen duena gizarte, hezkuntza eta kultura arloetan. Lankidetza horren arabera, erakundeak 14 milioi euro bideratuko ditu, guztira, gizarte-ekintzara 2024an.
Lehendakariak Nafarroako Gobernuaren eta la Caixa Fundazioaren arteko harreman egonkorra eta denboran zehar jarraitua dena baloratu du; izan ere, “komunitatearen aurrerapenean eta gizarte-kohesioan laguntzen duten programetan bidea egiten jarraitzeko aukera ematen du”. Gainera, “lankidetza hori herritarren zerbitzura jartzen dugu, eta etorkizunean ere jarraitzea espero dut, aurrean erronka asko eta helburu berberak ditugulako; beraz, gure gizartearekiko begirada partekatu batekin lan egiten dugu”, azpimarratu du.
“Foru Komunitatean dugun aurrekontua finkatzen dugu, gure programa sozialak sendotzeko eta, era horretan, kolektibo ahulenen bizi-kalitatea hobetzeko. Nafarroako Gobernuarekin eta gizarte-erakundeekin lankidetzan arituta lurralde honetako behar espezifikoei erantzun diezaiekegu”, azaldu du Antonio Vila Bertranek, “la Caixa” Fundazioko zuzendari nagusiak.
Hitzarmenean ezarritako oinarrizko helburuen artean, honako hauek aurkitzen dira: haur kalteberenen bizi-baldintzak hobetzeko lankidetzan aritzea, adinekoen zahartze aktiboa sustatzea, egoera ahulean dauden kolektiboei enplegua eskuratzea erraztea eta gaixotasun aurreratuak dituzten pazienteei arreta integrala ematea nahiz desgaitasuna duten edo baztertzeko arriskuan aurkitzen diren pertsonen ongizatea bultzatzea.
Jarduera-ildo horiez gain, hezkuntza, kultura, ikerketa eta ezagutzaren arloko ekintzak jasotzen dira akordioan.
Ekimen estrategikoak
Erakundeak nafarren beharrekiko duen konpromisoaren barruan, bereziki gizarte-ekintza eraldatzaileari erreparatuta, honako lehentasunezko proiektu hauek sartzen dira: CaixaProinfancia programa, haurren pobreziaren aurka borrokatzen duena; edo zailtasun bereziak dituzten kolektiboak kontratatzea errazteko laneratze-proiektuak. Halaber, nabarmentzekoa da Gaixotasun Aurreratuak dituzten Pertsonentzako Arreta Integralerako programa, bizitzaren amaieran dauden pertsonei eta haien familiei arreta-kalitatea hobetzeko helburua duena, eta Adinekoen Programa ere bai.
Bestalde, CaixaBanken bulego-sareak, “la Caixa” Fundazioaren laguntzen bitartez, ingurune hurbileneko proiektuak eta jarduerak bultzatzen ditu gizartearen, kulturaren eta hezkuntzaren arloetan. 2023an zehar, 259 laguntza eman ziren, eta 810.000 euroko inbertsioa egin zuen Fundazioak. Fundazioak garatutako Proiektu Sozialen deialdietan, guztira 890.000 euro bideratu ziren Nafarroako erakundeen 33 proiektutan, 2023. urtean.
Izaera sozialeko ekimen horiei erakundeak bikaintasuneko ikerketa biomedikoa bultzatzeko duen konpromisoa gehitu behar zaie. Helburua da gehien zabalduta dauden gaixotasunei aurre egitea.
100.000 bisitari baino gehiago Nafarroako erakusketetan
Kultura zabaltzeari dagokionean, “la Caixa” Fundazioak hainbat erakusketa egin ditu Nafarroan, 2023an zehar; esate baterako, “Leonardo da Vinci. Observa. Cuestiona. Experimenta”, Iruñean, eta “Otros mundos. Viaje por el sistema solar de la mano de Michael Benson”, Tuteran. Guztira 109.568 bisitari izan dituzte. Horiei, “Hondakin jasangarriak: fikzioa ala errealitatea” erakusketa gehitzen zaie, Civicanen kokatua.
Orobat, EduCaixa programa garatzen jarraituko da, “la Caixa” Fundazioaren hezkuntza-eskaintza osoa hartzen duena. 2023an, Nafarroako 149 eskola izan ziren, eta guztira 21.243 ikaslek parte hartu zuten proiektu honen baliabide eta jardueretan.
Era berean, Nafarroako Kutxa Fundazioarekin lankidetza izaten jarraitzen da, gizarte-ekintza bateratuko ekimen ugariren bitartez. Aipatzekoa da Adineko Pertsonen Programarako eta Innova programarako akordioa, Nafarroako gizarte, kultura eta landako proiektuak bultzatzen dituena.