Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak indarkeria matxistarik eta LGTBI+fobiarik gabeko jaiak aldarrikatu ditu
2025ko ekainaren 16a
Nafarroako Gobernuak indarkeria matxistarik eta LGTBI+fobiarik gabeko jaiak aldarrikatu ditu
‘Nafarroan… Gozatu, partekatu eta errespetatu’
Lehendakaritza eta Berdintasuna, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako eta Osasun eta Hezkuntza departamentuak elkarlanean ari dira aurten ere sentsibilizazio-kanpaina bat abian jartzeko, jai-inguruneetako harreman afektibo-sexualetan tratu ona sustatzeko eta emakumeen eta sexu- eta genero-aniztasunaren kontrako indarkeria prebenitzeko.
‘Nafarroan…Gozatu, partekatu eta errespetatu’ leloaren eskutik, Nafarroako Gobernuak dei egiten die herritarrei bere harremanetan jarrera arduratsua eta errespetuzkoa izan dezaten, jai-ekitaldiak ugaritzen diren eta aisialdian pertsonen arteko elkarrekintzak areagotzen diren egunetan.
Kanpainak 78.150 euroko aurrekontua du, mezua irrati generalistetan, tokiko aldizkarietan, Navarra Televisión-en, sare sozialetan eta jende asko biltzen den inguruetan zabaltzeko, esaterako Iruñeko eta Tuterako tren eta autobus geltokietan edo Nafarroako hiriburuko Gaztelu plazako aparkalekurako sarbidean. Halaber pantaila handirako egokitzapen bat egin da, eta ekaineko lehen astean ospatu zen Zinemaren Astean zabaldu da. Gainera, Nafarroako Jauregiaren fatxadan, Foru Parlamentuan eta Nafarroa osoko hainbat herritan olanak erakusteko asmoa dago.
Toki entitateek nahi dituzten euskarrietan erabiltzeko materialak pertsonalizatu ahal izango dituzte, esaterako jaietako programak eta tokiari erreferentzia egiteko lelo egokitua duten karteletan (adibidez: “Iruñean…Gozatu, partekatu eta errespetatu”) edo bere sare sozialetan.
‘Zure laztanek nire onetik ateratzen naute. Ezin gehiago errespetatzen zaitut’
Kanpainaren irudietan, gazteak ageri dira taldean edo bikoteka, jai-inguruetan gozatzen, gozamen osasuntsu batean. Lelo nagusiaz gainera, diseinatutako kartelek errespetuzko harremanak aldarrikatzera bideratutako hainbat baieztapen biltzen dituzte. ‘Gehien erakartzen nauena? Ez dezagula ezer ziurtzat eman noski’; ‘Zure laztanek nire onetik ateratzen naute. Ezin gehiago errespetatzen zaitut’; edo ‘Nire posturatik gogokoena? Zero presio’ dira jai-garaiari buruzko hausnarketa sustatzeko aukeratu diren hiru esaldiak zein jadanik herri batzuetan hasi den eta uda osoan zehar luzatuko den.
Diseinuan Nafarroan erabiltzen den esku gorriaren sinboloa txertatzen da, bereziki jaietan, emakumeen aurkako indarkeriaren gaitzespena erakusteko eta bizitzaren eremu guztietan berdintasunaren beharra agerian uzteko, aisialdirako espazioak barne. Berrikuntza gisa, materialek Nafarroako Markaren logotipoa dute.
Mezua, iazko udan eman zen, eta inplikatutako sailek egin duten hausnarketa-prozesuaren emaitza da, gazteenen artean harreman osasuntsuak sustatzen saiatuz.
Instituto Navarro de la Juventud / Nafarroako Gazteriaren Institutuak argitaratutako datuek adierazten dutenez, harreman afektiboei dagokienez, berdintasun gutxiko patroien ideia baztertua dirudi gehienbat, diskurtsoari dagokionez behintzat. Gazteen % 94,5ek uste du harremanak berdinen arteko tolerantzian eta errespetuan oinarritu behar direla, eta adostasuna dago indarkeria-mota larritzat hartzeko bikotekideei gauzak erabakitzen ez uztea, mehatxatzea, etxetik irtetea debekatzea, sexu-harremanak izatera behartzea, mespretxuak egitea eta beste pertsona batzuekin dituzten jarduerak edo harremanak kontrolatzeko jarrerak.
Bestelako sustapen- eta sentsibilizazio-programak eta arreta-baliabideak
Orain abiarazten den kanpaina Nafarroako Gobernuak egiten duen prebentzio-lanaren barruan kokatzen da, berdintasunezko harreman sexualak eta afektiboak sustatzeko beharraz kontzientziatzeko.
Bultzatutako neurrien artean, nabarmentzekoak dira Nafarroako Berdintasunerako Institutua (IBAI/NABI) bultzatzen ari den prestakuntza- eta hausnarketa-programak, publiko orokorrari, sektore publikoari eta berdintasunean esku hartzen duten profesionalei edo indarkeriatik bizirik atera diren emakumeei zuzenduak.
Era berean, Instituto de Salud Pública y Laboral de Navarra / Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (ISPLN/NOPLOI) osasun afektibo-sexualaren sustapena bultzatzen du, komunitate-eremuko proiektuetarako aholkularitzaren eta finantzaketaren bidez.
Ildo beretik, Skolae hezkidetza-programak eskola-eredu bat finkatu nahi du, mota guztietako indarkeria sexistak prebenitzeko eta emakumeen zein gizonen arteko desberdintasunak ezabatzeko, estereotipo sexistak, homofobikoak, bifobikoak, transfobikoak, androzentrikoak edo sexuagatik, sexu-orientazioagatik, identitateagatik edo genero-adierazpenagatik diskriminatzailea den edozein jarrera ezabatzeko.
Gainera, osasun-sisteman, Sexu- eta Ugalketa-Osasunaren Arretarako Zentroek (CASSYR) ‘Gazte programa’ garatzen dute. Programa horrek informazioa, aholkuak eta laguntza ematen die gazteei sexualitatearen arloan, eta lehen mailako arretako eta arreta espezializatuko sareek emakumeen aurkako indarkeria goiz detektatzeko estrategia bat mantentzen dute.
Prebentzioko, sustapeneko eta esku-hartze goiztiarreko ekimen horiei emakumeen aurkako indarkeriaren arloan esku hartzera bideratutako baliabideak eta laguntzak gehitu behar zaizkie. Kasuen berehalako arreta indartzeko gehitu diren azken zerbitzuen artean, Sexu Indarkerietarako Arreta Integraleko Zentroa (CAIVS) nabarmentzen da. Zentro horrek laguntza integrala, espezializatua eta diziplina anitzekoa eskaintzen die 16 urtetik gorako emakumeei, urteko egun guztietan 24 orduz eskuragarri egon dadin.
Halaber ‘Puntu Bioleta’ izenekoak aipatu behar dira, Berdintasun Ministerioek sustatutako tresna bat, emakume eta neskatoentzako espazio seguruak sortzea bilatzen duena, edozein arrisku-egoeraren aurrean gertuko laguntza eta arreta eskainiaz. Nafarroan, Nafarroako Gazteriaren Institutuak mantentzen ditu lurraldean banatuta dituen gazteentzako 29 informazio-bulegoak sare horren esku, eta beste instantzia publiko eta pribatu batzuk ere bertan daude.
Berdintasunerako Departamentu arteko Batzordeak joan den astean argitaratutako balantze baren arabera, Nafarroako Gobernuak emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko eta erantzuteko 178 ekintza garatu zituen iaz, guztiak ere Foru Gobernuak ezarritako eta NABIk gidatutako eta bultzatutako 2024rako Ekintza Planean jasotakoak.