2025ko urriaren 6a

Nafarroako Gobernuak politika publikoak indartuko ditu LGTBI+ pertsonen eskubideen erabilera osoa eta bizitza sozial eta instituzionalean parte-hartze aktiboa bermatzeko

Nafarroako LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialerako II. Ekintza Plana jendaurrean jarri da
Presentación de la nueva hoja de ruta para avanzar en la igualdad social de las personas LGTBI Irudi galeria

Presentación de la nueva hoja de ruta para avanzar en la igualdad social de las personas LGTBI

Nafarroako Gobernuak politika publikoak indartuko ditu LGTBI+ pertsonen eskubideen erabilera osoa eta bizitza sozial eta instituzionalean parte-hartze aktiboa bermatzeko. Diskriminazioaren aurkako mekanismo eta protokolo berriak sustatuko ditu hezkuntzaren, osasunaren, gizartearen eta enpresaren esparruan. Nafarroako LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialerako II. Ekintza Planean ezarritako lehentasunetako batzuk dira. Plan hori jendaurrean jarriko da, plana egiteko egindako parte-hartze prozesuaren ondoren.

Félix Taberna lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilariak gaur aurkeztu du dokumentua, Patricia Abad Nafarroako Berdintasunerako Institutuko (INAI/NABI) zuzendari kudeatzailearekin eta Luna Martinicorena LGTBI+ Berdintasun zuzendariordearekin batera.

Taberna lehendakariordeak nabarmendu du beharrezkoa dela LGTBI+ kolektiboari laguntzeko politika publikoei eustea eta arlo horretan arreta integrala ematea. Plan berriaren mugarrien artean, LGTBI+fobiaren aurkako Behatokia martxan jartzea, arreta-sare publikoa zabaltzea, LGTBI+fobiarik gabeko udalerrien sarea eta LGTBI+ Nafarroako Kontseilua bultzatzea edo prebentzio- eta sentsibilizazio-ekintzak egitea aipatu ditu. "Nafarroa espazio irekia da, lur anitza da, eremu guztietan lur plurala, baita aniztasunaren, identitatearen eta orientazioaren esparruan ere, eta, alde horretatik, Nafarroako Gobernuaren laguntza izango du bere eskubideak baliatzeko. Aurrera egiten jarraitzeak eta aniztasun hori babesten jarraitzeak zentzua du” adierazi du.

Lehendakariordeak azaldu duenez, azken urteetan izandako aurrerapenez gain, 2019ko Gizarte eta Bizi Baldintzei buruzko Inkestaren moduko azterlanen arabera, biztanleria osoaren % 42ak uste zuen sexu-identitateagatiko diskriminazioa dagoela. "Beraz, gizarteak uste du kolektibo horri erne egon behar zaiola bere eskubideak bermatzeko", gogorarazi du.

LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialerako II. Ekintza Plana Foru Komunitatean LGTBI+ pertsonen berdintasun erreala eta eraginkorra bermatzera bideratutako politika publikoei jarraipena eta sakontasuna emateko helburuarekin sortu da. Plangintza estrategikoko ziklo berri bat da, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialerako ekainaren 19ko 8/2017 Foru legearekin bat datorrena. INAI / NABIk diseinatu, koordinatu eta bultzatu du plan honen lanketa partaidetua, zeinek aurreko 2019-2022 Ekintza Planaren lekukoa hartzen duen.

Patricia Abadek adierazi duenez, plan berriaren helburua “ez da hainbeste LGTBI+ pertsonen errealitatean esku hartzea, baizik eta egitura-eraldaketak sortzea, baita eremu instituzionalean eta sozialean ere", horrela bultzatzen ari diren politiketan “sendotasun handiagoa bermatzeko".

"Asmoa da LGTBI+ pertsonen berdintasunerako politika publiko hau sendotzea eta indartzea Nafarroako Foru Komunitatean, pertsona horien eskubideen erabateko bermea eta bizitza sozial eta instituzionalean aktiboki parte hartzea bezain gauza sinple eta konplexua aldi berean bermatzeko. Plan honen ardatz garrantzitsu bat erakundeen ekintza koordinatua eta zeharkakoa indartzea da. Hauek lirateke hiru helburu espezifikoak: sexu- eta genero-aniztasunaren ikuspegia sistematikoki txertatzea Nafarroako Gobernuaren eta toki entitateen politika eta programa guztietan, administrazio publikoko teknikarien eskumenak eta baliabideak sendotzea, LGTBI+ pertsonen eskubideen arloko gaikuntza, prestakuntza eta ekintza erraztuz, eta abian dagoen aldaketa soziala sustatzea, zein lehentasunez bultzatzen eta indartzen jarraitu behar baita, batez ere sentsibilizazio eta komunikazio instituzionaleko kanpainen bidez", laburbildu du.

Nafarroako Gobernuaren LGTBI+ politikei buruzko “ibilbide-orri” berria egiteko prozesua 2024ko urriaren eta 2025eko abuztuaren artean garatu da oso-osorik, eta elkarri lotutako bost fasetan egituratu da. Fase horietan, analisi teknikoa, ezagutza instituzionala eta gizartearen parte-hartzea uztartu dira, bai eta lehentasunak zehazteko balio izan duten metodologia kualitatibo eta kuantitatiboak ere (eztabaida-taldeak, inkestak, galdetegiak, laginketak eta prozesuan bildutako informazioaren analisia).

Hiru lan-ardatz, 37 neurrirekin
Plan berriak hiru lan-ardatz estrategiko ezartzen ditu, oinarritzat hartuz arreta integrala, LGTBI+ fobikoak diren indarkerien prebentzioa; eta gobernantza. Aurreikusitako ekimenen artean, nabarmentzekoa da LGTBI+ pertsonentzako Arreta Integraleko Zerbitzuaren estaldura hobetu dela lurralde osoan, eta horrez gainera zerbitzu hori gehiago ikusarazi dela. Gainera, LGTBI+ ikuspegia sustatuko da osasunean eta gizarte-arretan, protokolo espezifikoekin eta diskriminazioaren aurkako mekanismoekin. Halaber, lan-ingurune inklusiboagoak sustatu nahi ditu, DSG ikuspegia enplegu-politiketan eta enpresa-sarearekiko elkarrizketan txertatuz. Zerbitzu publikoen lankidetza bultzatuko da, migratzaileei, errefuxiatuei eta desgaitasuna duten LGTBI+ pertsonei arreta espezifikoa emateko baliabideen sarea indartzeko. Sexu- eta genero-aniztasunari buruzko ikuspegia nazioarteko lankidetza-programetan txertatzea ere bultzatuko da, testuinguru ahuletan.

Hezkuntza-sistemari dagokionez, haur-hezkuntzatik unibertsitatera arte aplikatzen diren kudeaketa, edukiak eta hezkuntza-praktikak berrikustea eta eguneratzea aurreikusten da, bai eta ikerketa-proiektuak eta sentsibilizazio-ekintzak egitea ere.

Planak aurreikusten du, halaber, LGTBI+ kolektiboaren ikusaraztean, erasoen prebentzioan eta haien eskubideen sustapenean eragitea, data garrantzitsuetan kanpaina instituzionalak eginez, ikuspegi intersekzionalarekin eta hedapen zabalarekin. Horri dagokionez, LGTBI+ erreferenteak eta edukiak sustatuko dira kultura-, kirol-, eta hezkuntza-politiketan. LGTBI+fobiaren aurkako Behatokia sortuko da, eta koordinazio-protokoloak zabalduko dira diskriminazio-kasuetarako eta gorroto-delituetarako.

Nafarroako LGTBI+ Kontseilua kontsulta- eta ebaluazio-organo gisa indartzea izango da beste neurrietako bat. Gainera, laguntza teknikoa indartzea eta toki-erakundeentzako dirulaguntzak sendotzea aurreikusten da, haien politiketan sexu- eta genero-aniztasunaren (DSG) ikuspegia txertatzeko. Halaber LGTBI+fobiarik gabeko udalerrien sarea ere bultzatuko da. 

Nafarroako Gobernuak DSGren ikuspegia txertatuko du administrazioaren prestakuntzan eta materialetan. Horrez gainera, LGTBI+ erakundeetako kideei eta langile publikoei etengabeko prestakuntza eskainiko die. 

Nabarmendu behar da Foru Gobernuak planaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko sistema bat zabalduko duela, emaitzak neurtzeko, arrakalak detektatzeko eta neurri zuzentzaileak proposatzeko. Ebaluazio horrek berekin dakar INAI / NABIk urteko jarraipen-txostenak egitea eta amaierako ebaluazioa egitea, aldia amaitzean.

Adingabeak, migratzaileak, desgaitasuna duten pertsonak edo adinekoak, eskaera espezifikoagoak dituzten taldeak

Plan hau egiteko prozesuan egindako inkesten arabera, LGTBI+ pertsonek beraiek identifikatzen dituzte trans, intersex eta queer pertsonak laguntza handiagoa behar dutenak bezala. Bestalde, adingabeek, migratzaileek, desgaituek edo LGTBI+ adinekoek eskaera espezifikoak dituzte, eta ez dira beti aintzat hartzen: Gainera, erantzun egokitua behar duten eskaera propioak dituzten kalteberatasun-eremuak dituzte, esaterako familia-aniztasuna, etxegabetasun-egoerak edo LGTBI+ pertsonen salerosketa.

Nafarroako Gobernuaren LGTBI+ pertsonentzako Arreta Integraleko Zerbitzuak eta Transbidek errekonozimendu-maila handia dute, baina haien erabilera mugatua da oraindik: inkestatutako pertsonen % 25,4k baino ez ditu eskuratu, eta % 28,2k ez daki nola egin. Horrek agerian uzten du baliabide horien zabalkundeak eta irisgarritasunak oraindik ez dutela beren ahalmen guztia lortzen, bereziki lurralde eta gizarte-talde jakin batzuetan.

2019-2022 I. Ekintza Planaren balantzea
Adierazi behar da 2019-2022 I. Ekintza Planak aurreikusitako 76 ekintzen % 76 aktibatzea lortu dela, eta gainerako % 24a ez zela abian jarri izan, batez ere pandemiaren eraginagatik edo eskumen-kontuengatik. 

Lehen planaren mugarrien artean, aipatzekoak dira LGTBI+ Nafarroako Kontseilua sortzea eta Nafarroako Gobernuaren LGTBI+ pertsonentzako Arreta Integraleko Zerbitzu Publikoa sendotzea. Halaber, INAI / NABIren baliabideen mapa egin zen eta genealogia eta LGTBI+ memoria berreskuratzeko lanak bultzatu dira. Bestalde, sexu- eta genero-aniztasunaren ikuspegia plan eta programetan zeharkako bihurtzeko ahaleginak egin ziren, funtsezko esparruetan aurrera eginez, esaterako hezkuntzan, gizarte-eskubideetan, osasunean, lan-eremuan, aisialdian eta kirolean, memorian eta nazioarteko lankidetzan.