Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak UNRWA Nazio Batuen Erakundea aintzatetsiko du palestinarren alde egindako lanagatik
2024ko uztailaren 24a
Nafarroako Gobernuak UNRWA Nazio Batuen Erakundea aintzatetsiko du palestinarren alde egindako lanagatik
Nafarroako Gobernuak UNRWA (Ekialde Hurbilean Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Sorospen eta Herri-Lan Erakundea) 1949. urtetik egiten ari den lana aitortuko du, lurralde horren barruan eta kanpoan bizi diren palestinarren giza eskubideen alde. Egoera horrek okerrera egin du pasa den urritik hona modu dramatikoan, Israelgo armadaren operazioen ostean, exodo berriak eta hildako eta zauritu ugari eragin baitituzte.
Hori dela eta, eta urtero ospatzen den Bakearen Nazioarteko Egunari begira, lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok aurtengo errekonozimendua erakunde honi emango zaiola azaldu du gaurko Gobernu Saioan. Foru Gobernuak harreman egonkorra du UNRWArekin, Zisjordaniako osasun-proiektuei laguntzeko Lankidetza Plan Zuzentzailearen esparruan.
Nafarroako Gobernuak – bere akordio programatikoan helburu politikoak dituzten indarkeria mota guztiak arbuiatzea jasotzen du – kontuan hartu du, halaber, UNRWAk lan egiteko gero eta zailtasun gehiago dituen zonaldearen egungo egoera, bai eta herritar zibil palestinarrek Nafarroako gizartean eta bere erakundeetan pizten duten elkartasun sentimendua ere; izan ere, Nafarroako Parlamentua eta toki entitate asko bakearen eta Israelgo armadaren azken hilabeteetako erasoak kaltetutako milioika zibilen giza eskubideen alde ere agertu dira.
Nafarroarekin ere harremana eta ibilbide luzea nazioartean
Jakina denez, 2016az geroztik, Nafarroako Gobernuak bat egiten du Bakearen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin, ekitaldi instituzional bat antolatuz. Ekitaldi horretan, irailaren 21ean, Gobernuko Lehendakaria bera bertan dela, eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako departamentuak proposatuta, bakearen eta bizikidetzaren aldeko lanean bereziki nabarmendu den pertsona edo erakunde bat aintzatesten du. Paco Etxeberria eta elkarte memorialistak; Federico Mayor Zaragoza; Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Liga (WILPF); Staša Zajović, Bakerako Hezkuntza eta Ikerketa Zentroa (CEIPAZ); Guillermo Múgica Munárriz eta Foro Gogoa; Voces Para la Paz erakundea eta +34 Fundazioa izan dira orain arte saritutako pertsonak eta elkarteak. UNRWAk 2023an irabazi-asmorik gabeko erakunde horren lekukoa hartuko du, espetxeetako eskubideen egoera eskasagoa den herrialdeetan espetxeratutako nafarren egoera fisikoa zein psikologikoa hobetzeko lan egiten duena.
2024an, erakundearen ibilbideak eta egungo egoerak Palestinan arreta jartzera eraman dute Exekutiboa. UNRWA Nazio Batuen Biltzarraren 1949ko abenduaren 8ko 302 (IV) Ebazpenaren bidez sortu zen, larrialdi-laguntza emateko eta garapen programak hasteko Palestinan (Gazako zerrenda eta Zisjordania), Libanon, Sirian eta Jordanian bizi diren errefuxiatuekin, osasun, hezkuntza eta gizarte zerbitzuetako oinarrizko zerbitzuen bitartez.
Gatazkaren konponbiderik ezaren aurrean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak hiru urtean behin berritu du UNRWAren agintaldia. Sortu zenetik, Agentziak etenik gabe lan egin du, bai Ekialde Hurbilean lasaitasun erlatiboko garaietan, bai larritasun garaietan.
UNRWA Espainia 2005ean sortu zen, eta UNRWAk sortutako lehen Nazioarteko Batzordea izan zen, bi helburu nagusirekin: herritarrei Palestinako errefuxiatuen existentziaren eta okupazio eta gatazka luzeko testuinguruan duten egoeraren berri ematea, eta UNRWAk Ekialde Hurbilean (Siria, Jordania, Libano, Gazako Zerrenda eta Zisjordania) 5,8 milioi pertsona baino gehiagorekin burutzen dituen programa eta proiektuei eusten laguntzea.
Zeregin horretan ari da UNRWA Nafarroa ere, 2006an Nafarroako Foru Komunitatean ezarri zenetik. Erakunde horrekin Nafarroako Gobernuak hitzarmen bat sinatua du, Nafarroako Lankidetzaren III. Plan Zuzentzailearekin bat datorrena, osasun arloan biztanleria horrek jasotzen duen laguntzari iraunkortasuna emateko, 660.000 euro bideratzen direlarik urte anitzeko programan.
Eskubide Sozialak, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko departamentuak sinatutako hitzarmen hori ez da Foru Erkidegoak eremuan edo sentsibilizazioan lan egiten duten lankidetza erakundeekin duen harreman bakarra, eta aparteko laguntza jaso dutenak krisi humanitario berriaren aurrean.
UNRWAren Nafarroako Ordezkaritza, Nafarroako GGKEen Koordinakundeak eta Hezkuntza departamentuak antolatutako Eskola Solidarioen Sarea lanaren esparruan, hainbat jarduera antolatzen ari da, hala nola IES Padre Moret Irubide eta IES Eunate BHI, IES Zizur BHI, Lantxotegi Elkartea (Berriozar) eta IES Aoiz, IES Iturrama BHI eta Nekazaritza eta Basogintzako I.I., Garcés de los Fayos Ikastola (Tafalla) eta San Ignacio gizarte-ekimeneko sarean. Era berean, UNRWAren kolaborazioak daude udal-eremuarekin (NUKF, Antsoain edo Iruña), azken kasu honetan Txantreako auzo-kolektiboarekin.
Giza Eskubideen aldeko ekintzaile baten bisita, ‘Yala Nafarroa Palestinarekin’en eskutik
Azkenik, ‘Yala Nafarroa Palestinarekin’ plataforma herritarrak mobilizatzeko hainbat ekimen bultzatu ditu, baita bisitak eta proposamenak ere toki-erakundeen esparruan, Nafarroako Parlamentuarekin zein Gobernuarekin. Urte hasieran, Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak Raji Sourani hartu zuen, Giza Eskubideen aldeko ekintzailea, abokatua eta Gazako Giza Eskubideen Zentro Palestinarraren (PCHR) zuzendari eta sortzaileetako bat, ‘Yala Nafarroa Palestinarekin’ eta ‘Su-etenerako irakasleak’ egindako proposamena aintzat hartuz. Bileran, Ollok gerraren ondorioak eta Gazako Zerrendako biztanleriak duen egoera bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuen.