Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak haurren eskubideak babestearekiko eta sustatzearekiko konpromisoa agertu du Haurren Eguna dela eta
2024ko azaroaren 20a
Nafarroako Gobernuak haurren eskubideak babestearekiko eta sustatzearekiko konpromisoa agertu du Haurren Eguna dela eta
Declaración Institucional por el Día Mundial de la Infancia 2024
Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, adierazpen instituzional bat onartu du, haurren eskubideak babestearekiko eta sustatzearekiko konpromisoa agertzeko, bihar, asteazkena, azaroak 20, Haurren Eguna izango dela eta.
Adierazpenean honela jaso da:
"Azaroaren 20an, Haurren Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioa onetsi izana ospatzen da. Eskubide zibil eta politikoen arloan nazioartean adostasun handiena lortu duen akordioa da, eta Espainiak 1990ean berretsi zuen. Tratatu horrek 54 artikulu dauzka, eta definitzen du zer giza eskubide oinarrizko dituzten eta izan behar dituzten haurrek eta nerabeek. Nabarmentzen du zer-nolako erantzukizuna duten estatu kideek, administrazio publikoek eta erakunde pribatuek eta, azken batean, gizarte guztiak, zeinak zaindu behar baitu benetan baliatzen direla Konbentzioak haur eta nerabeei aitortzen dizkien eskubideak, eskubidedun subjektu eta beren bizitzako ezinbesteko protagonista diren aldetik. Hala, haurrak eta nerabeak, babestu beharrekotzat hartu beharrean, eskubideen subjektutzat hartzen dira. Erantzukizun horren ondorioz, nahitaezkoa da beharrezkoak diren neurri guztiak hartzea, administratiboak, legezkoak eta mota guztietakoak, administrazio publikoen eta pribatuen arteko lankidetzaren eta erantzunkidetasunaren esparruan.
Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuak sustatu zuen 12/2022 Foru Legea, haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa, eta mugarri garrantzitsua izan zen haur eta nerabeen eskubideak hobetzeko. Araua prestatzeko, asmo handiko prozesu bat egin zen Nafarroako haurrek parte hartu zezaten.
Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunean, Nafarroako Gobernuak adierazten du erabateko konpromisoa duela foru-lege hori garatzen aurrera egiteko, haur eta nerabeen eskubideak eremu guztietan bermatzeko eta haurren eskubideak politika publiko guztietan kontuan hartu daitezen bultzatzeko. Aurten, bi alderdi nabarmendu nahi ditugu: batetik, prebentzio komunitarioa, toki-erakundeen, Foru Komunitateko Administrazioaren eta sare komunitarioen arteko erantzukidetasuneko espazioa baita, helburu duena ingurune seguruak sortzea haur eta nerabeak garatzeko; eta, bestetik, familia-harreraren sustapena, neurri horri esker aurrera egiten ahalko baita haur eta nerabeak erakundeetatik ateratzeko helburuetan (2030ean ez egotea 10 urtetik beherako haurrik egoitza-zentroetan), Nafarroak konpromiso hori du-eta.
Erkidego guztirako eredu izanen diren prebentzio komunitarioko jarduerak sustatzeko xedez, Haurtzaroaren, Nerabezaroaren eta Familiaren Zuzendariordetzak, 2024an, lehen aldiz onetsi du toki-erakundeei dirulaguntzak emateko deialdi bat, haur eta nerabeei zuzenduriko prebentzio komunitarioko programak abiarazi ditzaten.
Nafarroako Gobernuak konpromisoa du aurrerantzean ere haurrei zuzenduriko prebentzio-politikak bultzatzeko, haur eta nerabeak babesteko sistema indartzeko eta familia-harreraren eredua sustatzeko. Era berean, konpromisoa du haurren eskubideak zaintzeko, hainbat esparrutan: hezkuntzan, osasunean, indarkerien prebentzioan eta haurrek gizartean duten parte-hartzean."
(Albiste honi buruz gehiago jakin nahi baduzu, mesedez kontsulta ezazu gaztelaniazko bertsioa. Goiko nabigazio barra gorrian alda dezakezu hizkuntza).