Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak erdi mailako euskara teknikari 11 lanpostu betetzeko oposizioa deitu du
2024ko ekainaren 20a
Nafarroako Gobernuak erdi mailako euskara teknikari 11 lanpostu betetzeko oposizioa deitu du
Nafarroako Gobernuak deialdi bat argitaratu du gaur Nafarroako Aldizkari Ofizialean, erdi mailako euskara teknikari 11 lanpostu oposizio sistemaren bidez betetzeko, Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen zerbitzura.
Eskabideak aurkezteko epea ekainaren 21etik uztailaren 22ra bitartekoa izango da, eta probak aurtengo irailean hastea aurreikusten da.
Plaza guztietatik, bost lehia askeko txandarako gordetzen dira; beste bost, berriz, eskaera aurkezteko unean gutxienez bost urteko antzinatasuna aitortua duten Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioetara mugatuta daude. Bestetik, % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba-txandarako plaza bat ere emango da. Nolanahi ere, erreserbako eta igoera txanda horietan plaza kopurua baino pertsona gutxiago onartzen badira, gainerakoak txanda irekira igaroko dira.
Espainiako nazionalitatea izateaz eta hamasei urte baino gehiago izateaz gain, hautagaiek unibertsitateko gradudun edo diplomadun titulua, ingeniari teknikoarena edo arkitekto teknikoarena (edo baliokidetzat jotzen den titulu bat) izan beharko dute eskabidea erregistratzeko unean, edo, gutxienez, aurkezteko epea amaitzen den egunean lortzeko moduan egon beharko dute. Lizentzia, ingeniaritza edo arkitektura bateko lehen hiru ikasturteak gainditu izana ere onartuko da.
11 plazek euskara eskakizuna dute; beraz, Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren arabera, euskararen C1 maila egiaztatzen duten titulu edo ziurtagirietako bat eduki beharko dute.
Eskabideak telematikoki erregistratu behar dira, deialdiari dagokion fitxaren bidez, eta prozeduran parte hartzeko 41,60 euroko tasa ezarri da. Hala ere, tasa ordaintzetik salbuetsita egongo dira % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna duten pertsonak eta deialdia argitaratu baino hilabete lehenago gutxienez langabe gisa izena emanda daudenak.
Oposizioaren garapena
Oinarriek bi zatiz osatutako gai-zerrenda bat ezartzen dute: lehenengoa, 18 gaikoa, oinarrizko araudiak eta legeek osatzen dute, bai Nafarroakoak bai Estatukoak; bigarrena, berriz, 62 gaik osatzen dute, eta gai horiek berariaz lotuta daude euskararekin, hizkuntza-politikarekin, euskara irakasteko curriculumekin, soziolinguistika kontzeptuekin eta herri-administrazioetan euskara erabiltzeko baliabideekin, besteak beste. Gai-zerrenda horretatik aurrera, izangaiek bi proba egin beharko dituzte: bata teorikoa, test motako azterketarekin eta erantzun laburrekin, eta bestea praktikoa, ahozko defentsarekin.
Lehenengo probaren kasuan, gehienez ere test motako 90 erantzuneko galdetegi bat izango da, gai-zerrendako 1. zatiari eta bigarren zatiko 1etik 25era bitarteko gaiei buruzkoa. Zati horrek, gehienez, bi ordu iraungo du. Ondoren, erantzun laburreko 30 galdera egingo dira, gehienez ere ordu eta erdiz. Probak 60 puntu izango ditu guztira. Kanporatu egingo dira proba honetan gutxienez 30 puntu lortzen ez dituzten hautagaiak.
Bigarren probak, berriz, bi ariketa izango ditu. Lehenengoan, gai-zerrendako zati espezifikoaren 45. eta 62. gaien arteko gai bat landuko da idatziz. Ariketa honetan 70 puntu lor daitezke gehienez. Gutxienez 35 puntu lortzen ez dituzten hautagaiak kanporatuta geratuko dira. Bigarren ariketa, epaimahaiaren aurrean, idatzitako gaia ahoz defendatzea izango da. Ahozko azalpenaren balorazioa 30 puntukoa izango da. Gutxienez 15 puntu lortzen ez dituzten hautagaiak prozesutik kanpo geratuko dira.
Behin betiko emaitzak argitaratu ondoren, hamar egun balioduneko epea eskainiko zaie prozedura gainditu dutenei baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak aurkez ditzaten. Ondoren, plaza hutsak hautatzeko izapidea egingo da, eta, horren ondoren, deitutako plaza-kopuruan sartzen diren izangaiak izendatuko dira.
Gainerako hautagaiekin, aldiz, aldi baterako kontrataziorako bi zerrenda eratuko dira, bat gainditu duten baina plazarik ez duten pertsonena eta bestea gainditu ez duten hautagaiena.