Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak Justizia Errestauratiboari, Bitartekaritzari eta Jardunbide Errestauratibo Komunitarioei buruzko Foru Legearen proiektua onartu du
2022ko irailaren 21a
Nafarroako Gobernuak Justizia Errestauratiboari, Bitartekaritzari eta Jardunbide Errestauratibo Komunitarioei buruzko Foru Legearen proiektua onartu du
Foru Gobernuak gaurko bilkuran onartutako akordioaren bitartez, Justizia Errestauratiboari, Bitartekaritzari eta Jardunbide Errestauratibo Komunitarioei buruko Foru Legearen proiektua onartu da. Proiektua Nafarroako Parlamentura bidaliko da eztabaidatu eta, ondoren, onar dezan. Legeak 53 artikulu ditu, bost titulutan egituratuta, eta hiru xedapen gehigarri eta azken xedapen bat.
Arau onartuaren justifikazioari dagokionez, ikuspegi errestauratiboak, paradigma emankor eta finkatuena izanik, eta bitartekaritzak, baliabide herrikoi eta hedatuena izanik, pertsonen beharrekiko justizia demokratikoago eta hurbilago baten eraketa ahalbidetzea dute xede, baliabide juridiko europar ugariren arabera. Ildo horretatik, aipagarriak dira Europako Parlamentuaren 2012/29/EB Zuzentaraua, 2021eko abenduaren 14ko Veneziako Adierazpena edo 2008ko maiatzaren 21eko 2008/52/CE Europako Zuzentaraua.
Arestian aipatutako justizia sozial eta demokratiko horrek herritarren parte hartzearekin kontatu behar du, euren gatazka propioen ebazpen adostua bideratze aldera. Proiektu honen bitartez ahalbidetzen dira: Nafarroako Gobernuak esparru penalean justizia errestauratiboaren zerbitzura jarrita dituen baliabideak antolatu, sustatu, arautu eta deszentralizatzea, esparru zibila, merkataritzakoa, administrazioarekiko auzi-prozesua eta esparru soziala barne hartzen dituen bitartekaritza ezartzea eta, nobedade modura, praktika errestauratibo komunitarioen bitartez gatazken judizializazioari aurrea hartzeko jarduera sustatzea.
Edukia
Arau onartuaren helburua, prozesu ororen kalitate bermatzean eta Foru Komunitate osoan prozesu guztien kalitatea bermatzean eta zerbitzu homogeneoak sustatzean datza. Prozesu horien printzipio gidariak arautzen dira; bestalde, kalitatea, irisgarritasun unibertsala, lurralde ekitatea, gizarte ekitatea, haurtzaroaren babesa, genero ikuspegia eta baliabide elektronikoen bidezko garapena bermatzeko neurri sorta bat finkatzen da.
I. Tituluak Nafaroako Justizia Errestauratiboaren zerbitzuaren funtzionamendua arautzen du, prozesu penalaren edozein fasera hedatuko den bere kontzeptua eta aplikazio esparrua finkatuz, nolanahiko tipologiako eta larritasun mailako delituetan, indarrean dagoen legedi prozesal eta substantiboak berariaz debekatzen dituen haietan izan ezik. Gainera, justizia errestauratiboaren teknika erabilienak aipatzen dira, esaterako bitartekaritza, konferentziak, zirkulu, tailer eta programa errestauratiboak.
Bigarren Titulua, esparru soziala, zibila, merkataritzakoa eta administrazioarekiko-auzi prozesua barne hartzen dituen bitartekaritzaren sustapena garatzean oinarritzen da, zeinetan kontenplatzen den hainbat kasutarako doako bitartekaritzarako eskubidea, hitzarmenak sinatzea, diru-laguntzak ematea edo prestakuntza eta hedapen jarduketak egitea. Era berean, Nafarroako Bitartekaritza Erakundeen Erregistroa eta Bitartekaritzarako Kalitate Zigilua sortzea aurreikusten da.
Hirugarren Tituluak hizpide ditu judizioz kanpoko praktika errestauratibo komunitarioen definizioa eta aplikazio esparrua, judizializatu gabeko gatazken prebentzio eta ebazpenerako erremintak, hala nola gizarte kohesioa sustatzekoak, horrela komunitateak sor litezkeen gatazken egoerak hasiera-hasieratik eta bat-batean kudeatu ahal izan ditzan.
Azkenik, laugarren Tituluak arestian aipatutako prozesu guztien garapenerako baliabide material eta instituzionalen antolamendu administratiboa dakar. Lau urtez behingo Plan estrategiko bat, bi urtez behingo Kalitate Plan bat hala nola Nafarroako Bitartekaritzako Institutuen Erregistroa eta Kalitatezko Zigilurako eskakizunak onartzeko obligazioa ezartzen da. Koordinazio mekanismo bezala, Nafarroako Justizia Kontseiluan hiru lan-talde sortzeko aukera legoke.