2023ko abenduaren 11a

Nafarroako Gobernuak alokairu babestuaren eskaintza publikoa zabaldu du Oronoz Mugairin, Nasuvinsak birgaitutako 5 etxebizitzarekin

Baztango Udalak kudeatuko ditu, ohiko etxebizitza galtzeagatik gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonentzat
Irudi galeria

Nafarroako Gobernuko Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako lehendakarieorde eta kontseilari Begoña Alfarok, Baztango alkate Fernando Anbustegik eta Nasuvinsako zuzendari gerente Javier Buronek lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur. Horren bidez, Baztango Udalak Etxebizitza Sozialerako Foru Funtsari atxikitako ibiltari zaharren bost etxebizitzaren alokairu babestuko kudeaketa zuzena bere gain hartu du. Etxebizitza horiek sozietate publiko horrek birgaitu berri ditu, 325.048 euroko inbertsio globalarekin.

Izaera instituzionaleko lankidetza-hitzarmenak, prezio eskuragarrien arabera etxebizitza duin bat eskuratzea ahalbidetzeko helburu lehenetsiari erantzuten dio, hori lortze aldera alokairuko eskaintza publikoa eskualde honetan erroldatuta dauden pertsonei zuzenduz zeinek merkatu librea edota Etxebizitza Babestuaren Eskatzaileen Errolda baliatuz ezin dituzten euren bizigarritasun beharrak asebete, gaur izenpetutako hitzarmenean adierazi denari jarraiki.

Horrez gain, pertsona esleipendunek euren ohiko etxebizitzaren galeragatik jasaten ari diren beharraren egoera ziurtatu behar dute, hipoteka exekuzioaren prozesu judizialak edo judizioz kanpokoak, etxegabetze bat, ordainean ematearen prozedura edo antzeko negozio juridikoren bat egoeraren jatorri al dituzten zehaztuz. Eta etxebizitza-galtzeko berehalako arriskuan egon behar dira, hileroko alokairu edo hipotekari aurre egin ezin izatearen ondorioz, eragindako zorraren ohiko negoziazio prozedurak alferrikako eran agortu izan direnean.

Baldintza horiek, bost etxebizitzen jabegoa duen Etxebizitza Sozialaren Foru Funtseko helburuen araberakoak dira; Nafarroako Gobernuak sortu zuen, hain zuzen, ohiko bere etxebizitza galdu eta babes publikoaren beharra behar izanik gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonei arreta ematearren.

Etxebizitzako kontseilari Begoña Alfaroren esanetan Oronoz-Mugairiren jokabide hau “administrazio publikoen esku-hartzearen premiazko beharrari dagokio, horrela gizarte nafarraren hein handi batek, bereziki baliabide gutxiago izatean ageriko zaurgarritasun arriskuko egoeran dagoen herritarren atalak, etxebizitza duina eskuratu ahal izan dezan prezio eskuragarrietan”.

Horrez gain, Nasuvinsa-ko zuzendari kudeatzaile Javier Buronek, etxebizitza babestuen beharra eraginkortasunez ebazteko, nabarmendu egin du lankidetza instituzional honek duen garrantzia. “Jarduera hau eredugarria da administrazioen artean esfortzuak batzeko dagoen beharrari begira, izan ere, Oronoz-Mugairiri erabilerarik gabeko ondare publiko bat berreskuratzea ahalbidetu dio, Nasuvinsa-ren ardurapean eginiko birgaikuntza hala nola Nafarroako Gobernuaren eta Baztango Udalaren arteko lankidetzari esker alokairu eskaintzaren finkapena direla medio”, adierazi du.

Esleipena Udalaren ardurapean

Baztango Udalak bere gain hartu du Oronoz-Mugairiko Martin Urrutia Etorbidea, 20 helbidean kokatutako antzinako Kamineruen Etxeetako bost etxebizitzaren kudeaketa zuzena, 2033an amaituko den epealdirako. Halaber bere gain hartuko ditu dagozkion gastuak eta zergak; bestalde, dagozkion errentak Nasuvinsa-ri ordaintzeaz arduratuko da.

Bestalde, Udalaren ardurapean daude halaber eskarien harrera nahiz alokairu babestuko erregimenean dauden etxebizitzen esleipena, pertsona maizterrekin dagozkion alokairu kontratuak izenpetzea, hileko errenta kobratzea nahiz etxebizitzen mantentze hala nola kontserbazio egoerak bermatzea, kudeaketaren baitan dauden alderdiak kontuan hartuta.

Bisitan izan dira, bestalde, Baztango Udaleko Herri Lanen kontseilari Florentino Goñi; Nasuvinsa-ko Birgaikuntza eta Mantenu Sekzioko arduradun Amaya Urtasun; birgaitze lanak zuzendu dituen elkarte honetako teknikari Iñako Les; eta proiektuaren arduradun diren Arteka estudioko arkitekto Patxi Valer eta Gabriel Laborra.

PVCzko arotzeria eta aerotermia

Birgaituko diren etxebizitzak Martin Urrutia etorbideko 20. zenbakian aurkitzen dira, hau da, udalerri honetan 1965ean eraiki ziren antzinako Kamineruen Etxeetako bost blokeetako batean.

Birgaikuntza lanek, Nasuvinsa buru dutela eta Varazdin gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko enpresak exekutatuta, higiezinaren egokitzapen integrala eta etxebizitzetako barne-eremuen birbanaketa barne hartu dituzte lehen eta bigarren solairutan, eta horrela, bere ageriko narriadura egoeragatik duela hainbat urtetik erabilerarik gabeko pisu hauen kopurua lautik bostera hedatzea ahalbidetu da.

Fatxadetako eta higiezinaren sabaietako isolamendu termikoaz gain, etxebizitza orotan banakako aerotermia sistema instalatu da; kanpoko arotzeria beira bikoitzez hornitutako PVCzko batengatik ordeztu da, horrez gain PVCzko pertsianak ere barne hartuz. Neurri multzo honek bizigarritasun mailak eta konfort baldintzak hobetu ahal izatea eragin du, indarrean dagoen araudiaren eskakizunak kontuan hartuta.

Hiru eta bi logela

Lehenengo solairuko bi etxebizitzek 89,71 metro karratuko azalera dute erabilgarri, eta horien baitan sarrerako atondoa, egongela, sukaldea, hiru logela, bi bainugela hala nola balkoia daude. Bigarren solairuan gaitutako hiru etxebizitzen harira, baten baitan daude hiru logela eta bi bainugela, 66,40 metro karratuko azalerarekin; beste biek aldiz, logela bi eta bainugela bat dauzkate, 55,70 m2-ko eta 55,20 m2-ko azalera banarekin, hurrenez hurren.

Etxebizitza guztiek sukaldeko oinarrizko ekipamenduarekin kontatzen dute, bere baitan hartuz altzariak, estalkia, bitrozeramika-plaka eta aluminiozko ke-kanpaia.