2025ko maiatzaren 21a

Memoria Demokratikoaren arloan Kataluniako Generalitatearekin duen lankidetza berritzea adostu du Nafarroako Gobernuak

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak hitzarmen berri bat bultzatzen du Gerra Zibilean eta Frankismoan desagertutako pertsonak bilatzeko lanetan, erreparazio-neurrietan eta dibulgazio-jardueretan lankidetzan jarraitzeko
Sartagudako Oroimenaren Parkeko.
Sartagudako Oroimenaren Parkeko.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, Kataluniako Generalitatearekin hitzarmen berri bat izenpetzeko baimena ematea erabaki du, Memoria Demokratikoaren arloan elkarlanean jarraitzeko, bi erkidegoek gai horren tratamenduan dituzten bateragarritasun esanguratsuak aprobetxatuz. Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren eta Kataluniako Generalitateko Administrazioaren artean ezartzen da lankidetza, Justizia eta Kalitate Demokrazia sailaren eta Memorial Democràtic-aren bitartez, Memoria Demokratikoaren arloan.

Lankidetza-hitzarmena datozen egunetan sinatuko dute Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak eta Ramon Espadaler Generalitateko Justizia eta Kalitate Demokratikoko kontseilariak, Memoriaren politika publikoen arduradunak. Lau urteko indarraldia izango du, eta alderdiek berariaz hala adosten badute, beste horrenbeste denborarako luzatu ahal izango da.

Hala, Nafarroak eta Kataluniak 2020an hasitako lankidetza eguneratuko dute, eremu horretako baliabide publikoak optimizatzeko eta ekintza-ildoetan elkarrekin aurrera egiteko, hala nola, Gerra Zibilean eta Diktadura Frankistan desagertutako pertsonen gorpuzkiak aurkitu, berreskuratu eta identifikatzea, erreparazio-ekintzak edo ondare memorialista demokratikoa ikertzeko, zabaltzeko eta sustatzeko jarduerak.

Hitzarmena Nafarroako eta Kataluniako parlamentuek sustatutako Memoria Demokratikoari buruzko legerian oinarritzen da, giza eskubideei buruzko nazioarteko zuzenbideko xedapenetan eta edozein indarkeria politiko edo totalitarismo ez errepikatzeko bermeen, egiaren, justiziaren eta erreparazioaren printzipioetan oinarrituta.

Zortzi lan-ildo
Hitzarmen honen bidez, Nafarroak eta Kataluniak zortzi lan-ildotan aurrera egiten jarraitzea aurreikusten dute, eta horiek zabaldu eta zehaztu ahal izango dira, beharrizanak hautematen diren heinean, akordio honen gehigarriak sinatuz edo lankidetza-hitzarmen espezifikoak sinatuz.

Horrela, bi erkidegoek 1936ko kolpe militarraren ondorioz errepresio frankistaren biktima izan ziren Nafarroatik, Kataluniatik edo beste leku batzuetatik etorritako pertsonen ordaina, duintasuna eta aintzatespena lortzen lagunduko duten ekintzak sustatzeko konpromisoa hartu dute, bai eta testuinguru horretan bizia galdu zuten pertsonen gorpuak eta haien hilobiak dokumentatzeko, zaintzeko, seinaleztatzeko zorroztasun historikoz testuinguruan kokatzeko ekintzak sustatzeko konpromisoa ere. 

Era berean, herritarren artean gertakari historikoen eta garatutako analisi historiografikoen ezagutza zabaltzeko ekintzak egingo dituzte, eta pertsona horien gorpuzkiak dauden lekuak memoria eta hausnarketa kritikoko gune bihurtzen lagunduko dute.

Gainera, Nafarroak eta Kataluniak ‘Oroibidea’ artxibo digitalean eta ‘Memoria Demokratikoaren Bankuan’, hurrenez hurren, bildu dituzten datuetarako sarbidea errazteko beharrezkoak diren baldintza, protokolo eta irizpide funtzional edo teknikoak ezarriko dituzte, Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren biktimak identifikatu ahal izateko.

Informazioaren tratamenduari dagokionez, bi erkidegoek Adimen Artifizialari (IA) lotutako tresna teknologiko partekatuen aplikazioa indartzea aurreikusten dute, datu-base bakoitzaren kontsulta eskuragarriagoa izan dadin. Hitzarmenak, halaber, tesaurus edo katalogoen egiturari eta edukiari buruzko informazioa trukatzea jasotzen du, ahozko iturrien eta dokumentu-iturrien bildumak kudeatzeko.

Nafarroak eta Kataluniak elkarlanean jardungo dute, orobat, Bigarren Errepublikarekin, Gerra Zibilarekin, diktadurarekin eta trantsizioarekin lotutako erakusketa bateratuak, ekitaldiak, solasaldiak edo mintegiak antolatzeko, bai eta 1936ko kolpe militarretik edo horren ondorioetatik sortutako errepresioarekin lotutakoak ere.

Ildo beretik, hezkuntza-programak partekatzeko konpromisoa hartu dute, hala nola, Nafarroako ‘Memoria duten Eskolak’, Kataluniako Testigantzak ikasgeletan edo bi erkidegoetan eskuragarri dauden memoria-ibilbideak (Memoriaren Tokiak eta Memoriaren Espazioen Sarea), bai eta ikerketa-proiektu komunak ere, memoriaren belaunaldien arteko transmisio-politikak garatzeko. Era berean, proiektu komunak bultzatzen lan egingo dute, 1939an gerra amaitu ondoren Espainiako erbestea ezagutzen laguntzeko.