2025ko urtarrilaren 23a

Chivite kontseilariaren ustez, “porrot soziala da milaka nafar deskonturik gabe uzten dituzten garraio publikoko laguntzen blokeoa”

Aurretik erositako bonuek indarrean jarraitzen dute, baina gaurtik aurrera erabiltzaileek txartelaren %100 ordaindu beharko dute
Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako garraio publikoaren laguntzak bertan behera geratu dira gaurtik, UPNk, PPk eta Voxek Diputatuen Kongresuan ezarritako blokeoaren ondorioz. Neurri horrek milaka nafar behartzen ditu hiriarteko garraioko eta treneko txartelen kostuaren %100 bere gain hartzera.

“Eskuinaren erabaki hori porrot soziala da, eta Nafarroako herritarrek eskuratutako eskubideak urratzeaz gain, atzerapausoa dakar mugikortasun iraunkorreko, ingurumena zaintzeko eta despopulazioaren aurkako borrokan laguntzeko politiketan”, berretsi du Oscar Chivite Lurralde Kohesiorako kontseilariak.

Gaurtik aurrera, Nafarroan garraio publikoa erabiltzen duten pertsonek ezin izango dituzte 2022an jarri zirenetik abian ziren deskontuak jaso; deskontu horiek, ordea, “mugikortasun iraunkorra sustatzeko eta familiei laguntzeko funtsezko  tresna direla erakutsi dute, eta bidaiatzeagatik, orain, bikoitza ordaindu beharko dute”.

UPNren, PPren eta Voxen betoarekin %50eko deskontuak kenduko dira errepide bidezko hiriarteko garraioan, eta, beraz, herritarrek prezio osoa ordaindu beharko dute; era berean, %100eko deskontua amaituko da tren-txarteletan, eta orain osorik ordaindu beharko dute.

Aurretik erositako bonuek indarrean jarraituko dute, baina, gaurtik aurrera, garraio publikoaren erabiltzaileek txartelaren %100 ordainduko dute hiriarteko garraioko eta treneko lineetan, eta jada ezingo dira txartelak aurreko baldintzetan eskuratu.

Chivite kontseilariak azpimarratu duenez, “eskuinaren erabaki arduragabeak Nafarroako milaka familia zigortzen ditu bidegabeki, ohiko joan-etorrien kostua bikoiztuko baitzaie”.

Neurria bermatzen duten ezohiko emaitzak

2022an laguntzak ezarri zirenetik, Nafarroako garraio publikoa nabarmen hazi da. Bidaiari-emakidak 2023an %7koak izatetik 2024an %23koak izatera igaro dira; era horretan, zifra horiek erakusten dute “garraio publikoa babesteko politikak eraginkorrak direla mugikortasun iraunkorra hobetzeko eta kutsadura murrizteko tresna gisa”. 

“Garraio publikorako laguntza horiek Errege Dekretuaren mende daudenez, lehenik eta behin, estatu-mailan zer jarrera hartzen den ikusi behar dugu, hori erabaki arte itxaron behar dugu aukerak aztertu ahal izateko”, amaitu du Chivite kontseilariak.

Nafarroako Gobernuak “pena handia hartzen du indar politikoek hartu duten erabakiarengatik; izan ere, Nafarroaren aurrerabiderako funtsezko neurri horiek blokeatu dituzte. Gainera, mugikortasun iraunkorrarekiko, irisgarritasunarekiko eta herritarren ongizatearekiko konpromisoa berresten duten neurriak dira”.