Descárgate la app
Aierdi kontseilariak, Alex Mugica eta Julio Flames sukaldariekin batera, soberako jakiak murrizteko deia egin du Iruñeko Zabalguneko Merkatuan egindako ekitaldi batean
2025ko urriaren 2a
Aierdi kontseilariak, Alex Mugica eta Julio Flames sukaldariekin batera, soberako jakiak murrizteko deia egin du Iruñeko Zabalguneko Merkatuan egindako ekitaldi batean
Jose Mari Aierdi kontseilariak, Alex Mugica eta Julio Flames sukaldariekin batera, parte hartu du ostegun honetan Iruñeko Zabalguneko Merkatuan egindako ekitaldi batean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak jakiak alferrik galtzeari buruz kontzientziatzeko antolatutako kanpaina baten esparruan.
Aierdi kontseilariak adierazi duen bezala, “gaur egungo gizartean bizi dugun abiadurak eragina izan dezake gure janarien plangintzan ere, eta horrek eragina du etxeetako elikagaien galeran. Arazo horrek hausnarketa bat eskatzen digu, izan ere, familien poltsikoari ez ezik, maila globaleko elikagaien banaketari eta ingurumenari buruzko kontzientzia sozialari ere eragiten dio, zaborretan amaitzen den janari tonak ekoizteko kontsumitzen diren baliabide kopuruagatik, esaterako ura edo energia”.
Helburua izanik ez bakarrik kontzientziatzea, baizik eta alferrik galtzea murrizten laguntzen duten hainbat jarraibide ematea ere bai, merkatuan egindako ekitaldian, Alex Mugica sukaldariak sukaldaritza-eskola ireki bat eman du, eta bertaratu diren guztiek jakin dute nola egin aprobetxamendu-errezetak soberako platerekin edo hozkailuan geratzen zaizkigun elikagai solteekin. Zehazki, tomate entsalada bat salmorejoan, hegaluze marmitakoa buñuelotan edo udazkeneko konpota krema ingelesa daramaten konpota biribilkitan nola bihurtu azaldu du horiek elaboratuz. Bertaratutakoek lan platerak dastatu ahal izan dituzte horiek guztiak elaboratzea amaitu ondoren.
Errezeta-liburua
Gainera, Orekan sozietate publikoak argitaratutako eta Julio Flames sukaldariak egindako doako liburu elektroniko bat aurkeztu da: Bertan azaldu duenez, “liburu hau janariarekin dugun harremana aldatzeko, hondarrak osagai gisa ikusteko, adimenez planifikatzeko, sormenez prestatzeko eta kontzientziaz kontsumitzeko gonbidapena da”. Alean aholku praktikoak, gure hozkailuan ditugun hondarren arabera aldaketak ahalbidetzen dituzten errezetak eta ideia burutsuak aurki daitezke, soberakinak gauza zoragarri baten hasiera izan daitezkeela pentsarazteko eta deskubritzeko.
Liburua doan deskarga daiteke, bai gaztelaniaz eta bai euskeraz, kanpainako karteletan agertzen den QR kode baten bidez edo zuzenean Hondakinen Prebentziorako edo Ekonomia Zirkularrerako (OPREC) Bulegoko webgunetik.
Ostegun honetako ekitaldiarekin, Ingurumen Departamentuak elikagaien xahuketari buruz kontzientziatzeko “Antolatu zure hozkailua, murriztu alferrik galtzea” abian jarritako kanpainari amaiera emango zaio. Kanpaina hori joan den ostiralean , hilak 26, hasi zen, Carlos III.a etorbidean, Trokolo Teatro konpainia kalera atera zenean hozkailu mugikor batekin, herritarrak behar bezala antolatzera gonbidatzeko, eta zenbait aholku emateko, esaterako, apalik hotzenetan jartzea elikagaiak, adibidez haragia edo arraina, edo iraungitze-data eta lehentasunezko kontsumoa bereizten jakitea.
Nafarroan elikagaien galera murrizteko agenda 2022-2027
Urtero 57.000 tona elikagai botatzen dira zakarrontzira Nafarroako etxeetan, eta horrek esan nahi du 5 elikagaietatik 1 zaborretan amaitzen duela; guztira, etxeetan 84 kilo xahutzen dira pertsonako, OPRECek Nafarroako Gobernuaren eta Eurostaten datuekin egindako kalkuluen arabera.
Zifra horiek erreferentziako oinarri-urtearekin (2020) alderatuz gero, ikus daiteke udal elikagaien hondakinak %12 eta % 9 jaitsi direla tonatan. Jaitsiera horren ondorioz, Europako helburua lortzeko bidean da Nafarroa: 2030erako % 30 murriztea pertsonako elikagai-hondakinak. Helburu hori 2025eko otsailean adostu zuten Europako Kontseiluak eta Parlamentuak.
Nafarroako Gobernuak 2022ko azaroaren 2an onetsi eta OPRECek dinamizatu duen 2022-2027 aldirako Elikagaien Alferrik Galtzea Murrizteko Agendak zehazten ditu Nafarroako Foru Komunitatean elikagaien xahuketa prebenitzeko eta murrizteko dituen konpromisoak, Estatuko testuinguruarekin eta Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) lerrokatuz, bereziki ekoizpen eta kontsumo arduratsuari buruzko 12. GJHarekin.
Duela gutxi, erreferentziazko helburu nagusiak eguneratu dira: 2230erako per capita elikagaien hondakinak % 30 murriztea txikizkako salmentan eta kontsumitzaileen artean (lehen % 50 zen); eta 2030erako ekoizpen- eta hornidura-kateetan elikagaien hondakinak % 10 murriztea, 2020rako, lehen % 20 baitzen.
OPRECek dio estatuko eta Nafarroako zifrak ezin direla zuzenean alderatu, kalkulu-metodologia desberdinei erantzuten dietelako. Batzuetan, hondakinak neurtzen dira (zati jangarriak eta ez-jangarriak), edo soilik alferrik galtzea (elikagaien zati jangarria bakarrik); batzuetan, elikadura-kate osoari dagozkio, eta, beste batzuetan, fase espezifiko bati. Beraz, datuak orientagarritzat hartu behar dira.