2024ko uztailaren 23a

Diputatuen Kongresuak irakurketa bakarreko prozeduraren bidez ekingo dio irailean Foru Hobekuntzaren erreformari

Transferentzien Batzordearen batzorde mistoaren bileran eman da horren berri gaur
Taberna Lehendakariordearen adierazpenak Irudi galeria

Diputatuen Kongresuak irailean ekingo dio Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoaren (NFEBHLO) erreformari, irakurketa bakarreko prozeduraren bidez, eta ez da onargarria izango zuzenketak aurkeztea. Horrela jakinarazi da gaur Transferentzien Batzordearen batzorde mistoan.

Gogoan izan behar da Nafarroako Parlamentuak jadanik maiatzaren 23an onartu zuen arau berriak artikulu bakarra duela, bi atal dituena. Lehenengoak NFEBHLOren 49. artikuluaren hirugarren atala aldatzen du, eta honela dio: “Nafarroari dagozkio trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren arloan, bere foru-araubidearen eta lege organiko honetan xedatutakoaren arabera, orain arte izan dituen ahalmen eta eskumenez gain, Estatuaren legeria betearazteko eskumena hala nola trafikoa zaintzeko nahiz kontrolatzeko eginkizunak”. Bigarrenik, paragrafo bat gehitu zaio NFEBHLOri, eta xedatzen da trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren arloan Foruzaingoaren eskumenak NFEBHLOren 49.3 artikuluan xedatutakoaren arabera arautuko direla.

Horrez gainera, Nafarroako Foru Komunitateak bere lurraldearen baitan trafikoa zaintzeko zein kontrolatzeko eskumena modu progresibo, egoki eta eraginkor bat baliatzen duela bermatzeko, bi erabaki berri hartu behar ditu Transferentzia Batzordeak. Alde batetik, 252/2023 Errege Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Estatuko Administrazioaren eginkizunak zabaldu ahal izateko akordio bat, ibilgailu motordunen trafikoaren nahiz zirkulazioaren arlokoa eta beste behin ere “urratzeak detektatzeko” funtzioa esleitzekoa. Eta bestetik, aurreko zabaltze-akordioarekiko osagarria izango den akordio bat, trafikoaren arloko zaintza eta kontrolerako, zehapen-espedienteen tramitazio eta ebazpenerako hala nola ondorengo diru-bilketarako Foruzaingoaren behin betiko hedapena arautuko duena.

Transferentzien Batzordearen batzorde mistoaren bilera

Gaur telematikoki bildu da Transferentzien Batzordearen batzorde mistoa. Ontzat eman du Auzitegi Gorenaren epaiak betearazteko proposamena, zeinek partzialki baliogabetuko zuen 252/2023 Errege Dekretua, apirilaren 4koa, Trafikoaren hala nola ibilgailu motordunen zirkulazioaren arloan Estatuko Administrazioaren eginkizun eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzeari buruzkoa; baita haren akordio osagarria ere. Horrela, aipatu Errege Dekretua bi gaitan aldatuko da: Nafarroako Foru Komunitateari esleitutako eginkizunetatik “arau-hausteak antzemateari” dagozkionak kentzea, eta gehienez 2026ko uztailaren 1era luzatzea zehapenak izapidetu, ebatzi eta biltzeari buruzko eginkizunak eta zerbitzuak transferitzeko epea. 

Goizeko bederatzietan egindako bileran partaide izan dira, Felix Taberna eta Ana Ollo lehendakariordeak eta Luis Ibarrola Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Transferentzien Batzordeko Idazkaria. Bestalde, Nafarroako alderdi politikoen ordezkari bezala halaber bertan izan dira Javier Esparza (UPN), Ramón Alzórriz (PSN), Laura Aznal (EH Bildu), Pablo Azcona (Geroa Bai), Begoña Alfaro (Contigo Zurekin), Javier García (PP) eta Maite Nosti (Vox), azken hau bide telematikoz.

Horrez gain, Espainiako Gobernuaren ordezkaritza honako hauek osatu dute: Arcadi España Lurralde Politikako Estatu idazkariak; Miriam Álvarez Lurralde Koordinaziorako idazkari nagusiak; Alicia Echeverria Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak; Rafael Francisco Briet Lurralde Politikako Estatu Idazkaritzako kabineteko zuzendariak; Inés Olóndriz Autonomia eta Toki Finantzetarako idazkari nagusiak; Pere Navarro Trafikoko zuzendari nagusiak; María Lidón Lozano Trafikoko Zuzendaritza Nagusiko idazkari nagusiak; Juan Antonio Puigserver Barne Ministerioko Idazkari nagusi teknikoak; eta Jorge García Estatuko Administrazioko Transferentzien Batzordeko idazkariak.