Descárgate la app
Sexu Indarkeriei Arreta Integrala emateko Zentroa apirilaren 10ean jarriko da martxan
2024ko martxoaren 19a
Sexu Indarkeriei Arreta Integrala emateko Zentroa apirilaren 10ean jarriko da martxan
Sexu Indarkeriei Arreta Integrala emateko Zentroa Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (NABI/INAI) jarri dute martxan, eta apirilaren 10ean hasiko da lanean. Horrela adierazi du Felix Taberna lehen lehendakariordeak eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak Nafarroako Parlamentuan, eta harekin batera izan da NABI/INAIko zuzendari kudeatzailea den Patricia Abad ere, Nafarroan emakumeen aurkako indarkeria dela-eta 2023an jarritako polizia-salaketei buruzko urteko txostena azaltzeko.
Taberna lehendakariordeak azaldu duenez, Nafarroako Gobernutik, INAI / NABI bitartez, emakumeen aurkako indarkeriaren arreta hala nola prebentzio arloko jarduera publikoak koordinatzen dira. “Apirilaren 10ean Sexu Indarkeriei Arreta Integrala Emateko Zentroa martxan jartzeak aurrerapen handia ekarriko du emakume horiei ematen zaien arretan. Zerbitzuak gune seguru bat eta konfiantzazko ingurunea suposatuko du, emakume horiek bertaratzeko eta adierazpenerako aukera izan dezaten, zentzu osoan lagunduak izanik”, azaldu du Tabernak.
Felix Tabernak berretsi duenez, “Nafarroako Gobernuak lehentasun politikotzat du indarkeria matxistaren adierazpen oro desagerrarazteko lan egitea, Giza Eskubideen urraketa eta edozein gizarte demokratikoren garapenerako oztopo baita. Gizarte gisa aurre egiten diogun erronka da, 20230 Agendarekin lerrokatutako herrialde-eredu berri baten barruan lehentasuntzat hartuta”.
Nabarmentzekoa da Sexu Indarkeriei Arreta Integrala Emateko Zentroa (CAIVS), milioi bat eurotik gorako inbertsioarekin MRR Europako Funtsen bidez finantzatua, sexu-indarkerien esparruan prebentzioa eta arreta integrala eta diziplinartekoa emateko baliabide edo zentro espezializatua dela.
Urteko 365 egunetan 24 orduko estadura duen zerbitzu bat da, telefono bidezkoa, telematikoa eta presentziala, 16 urtetik gorako emakume biktimei nahiz sexu-indarkerietatik bizirik atera direnei, haien inguruneari zein familiari zuzendua eta ez da beharrezkoa aldez aurretik salaketarik jartzea. Esku-hartzea gaur egun eta iraganean jazotako indarkeriekin lotuta egingo da. Gainera, profesionalei aholkularitza emango zaie.
Zentroa herritarrei ezagutzera emateko kanpaina
Laster martxan jarriko den CAIVS zentroaren funtzionamenduarekin batera, Nafarroako Gobernuak eta INAI / NABIk kanpaina bat jarriko dute abian bihartik aurrera, helburua izanik baliabide sortu berri horren zerbitzuak ezagutaraztea eta zerbitzu horiek nola eskuratu jakitera ematea.
Hainbat emakumeren aurpegiaren bidez, kanpainak dei egiten die sexu-indarkeriaren bat jasan izan dutenei edota jasaten ari direnei, bakarrik ez sentitzeko eta zentroan behar duten arrera aurkitu ahal izan dezaten.
Euskarri desberdinek zentroak eskaintzen dituen zerbitzuak nabarmentzen dituzte, kasu, laguntza psikologikoa, soziala, hezkuntzakoa eta juridikoa, profesionalentzako aholkularitza, eta sexu-indarkeriei buruzko prebentzioa eta sentsibilizazioa. Era berean, zerbitzuaren ezaugarriak nabarmentzen dira: talde espezializatu batek 24 orduz eta urteko 365 egunetan, aurrez aurre, telefonoz edo bestela telematikoki emandako arreta. QR kode baten bidez, zuzenean sartu ahal izango da ikastetxearen web orrira. Bestalde, bideo bat elaboratu da, sormen grafiko beraren bitartez eskainitako zerbitzuak biltzen dituena.
Mezuak zentro publikoetan jarritako kartelen, markesinen errotulazioaren, prentsa-iragarkien, hedabide digitalen eta irratian emango diren iragarkien bidez zabalduko dira. Baita sare sozialen bidez ere. Gaztelaniaz eta euskaraz garatu den kanpaina honek 55.000 euroko aurrekontua du, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren Europako finantzaketaren kontura.
Emakumeen aurkako indarkeriagatiko salaketak 2023an
Tabernak eta Abadek Nafarroan emakumeen aurkako indarkeriagatik jarritako polizia-salaketen 2023ko txostena eman dute jakitera eta txosten honen arabera, iaz, emakumeen aurkako indarkeriagatik, 2.091 salaketa jarri ziren Foru Komunitatean.
INAI/NABIko, Patricia Abad zuzendari kudeatzaileak azaldu duenez, “salaketa kopuruak gorantz egin du, baina horrek ez du esan nahi derrigorrez indarkeria areagotu egin denik, sentsibilizazioa eta kontzientziazioa areagotu direla ulertzen baita. Indarkeria naturalizatua eta ikusiezina salatua izaten ari da. Hala ere, oso zaila da benetako neurketa egitea, sexu-indarkeriaren heinik handiena salatzen ez delako”.
Gogoan izan 10 salaketatik ia 7 (1.395) indarkeria fisikoagatik edo psikikoagatik edo soilik psikikoagatik gertatu zirela; % 17a (356) sexu-indarkeriagatik eta % 16a (340) babes-aginduak hausteagatik gertatu ziren bitartean.
Txostenean xedatuari jarraiki, indarkeriagatiko salaketen ia erdiak (% 47) 30-49 urteko emakumeek jarri zituzten, ondoren 18-29 urteko emakumeek (% 27,74), 18 urtetik beherakoek (% 11,48), 50-64 urtekoek (% 10,66) eta 65 urtekoek edo gehiagokoek (% 2,53). Txostenak, bestalde, nabarmendu egin du sexu-indarkeriagatiko salaketak jarri zituzten emakumeen adina (356). Emakume horietako 10etik ia 4k (% 39,89) 18 urtetik behera zituzten. 10 emakumetik 3 baino gehiago (% 32,30), 18 eta 29 urte bitartekoak ziren.
Emakume biktimen eta gizon erasotzaileen arteko harreman-motaren arabera, indarkeria-salaketa jarri zuten lau emakumetik ia hiruk (% 73,80) egungo bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aurka egin zuten. Eta salaketen % 12,20an, emakumeek ez dute inolako harremanik gizon erasotzailearekin. Kasuen % 13,97an, gizona senidea zen edo beste harreman mota bat zuten elkarrekin.