Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak Gazako genozidioa gaitzetsi eta Israelen ofentsiba geldiarazteko “betebehar moral eta legezkoa” aldarrikatu du
2025ko urriaren 8a
Nafarroako Gobernuak Gazako genozidioa gaitzetsi eta Israelen ofentsiba geldiarazteko “betebehar moral eta legezkoa” aldarrikatu du
Nafarroako Gobernuak gaurko bilkuran onartutako adierazpen instituzionalaren bidez, “Gazaren gaineko genozidioa irmo gaitzesteaz” gain, Nazio Batuek egindako deiarekin bat egin du, genozidio hori geldiarazteko “eskura dituen baliabide guztiak erabiltzeko betebehar legal eta morala betetzeko”, Hamasek 2023ko urriaren 7an Israelen egindako atentatu terroristen bigarren urteurrenean.
Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria den Carmen Maeztuk prentsaurrekoan ezagutzera eman du Foru Exekutiboak onartutako mezua; bertan, “Israelen erasoaldi militarra eta bahituen gatibualdia berehala amaitzea, lurralde palestinarretan bakea berrezartzea eta bertako biztanleei laguntza humanitarioa ematea” eskatzen dute.
Nafarroako Gobernuak Israelen erasoaldia amaitzea eskatzeko eta genozidio hori salatzeko modu baketsuan mobilizatzen ari den Nafarroako gizartea babesten du. Genozidio horren ondorioz, 66.000 pertsona inguru hil dira, Palestinako biztanleriaren zati handi bat lekualdatu da eta azpiegitura funtsezkoenak suntsitu dira.
Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak bere sentsibilitatea adierazi nahi du, besteak beste, CCOO, UGT, LAB, Solidari, Steilas, Hiru, ESK eta CGT sindikatuek deitutako lanuzte partzialen deialdiaren arrazoiekiko nahiz ELA sindikatuak deituriko grebarekin, biak ere datorren urriaren 15erako.
Adierazpen instituzionala
Hauxe da adierazpen instituzionalaren testua, hitzez hitz:
"Hamasek 2023ko urriaren 7an Israelen egindako atentatu terroristen bigarren urteurrena dela-eta, Nafarroako Gobernuak oroitarazi eta berretsi nahi du atentatu horiek irmoki kondenatzen dituela, eta elkartasuna adierazten die biktimen eta oraindik bahituta daudenen ahaideei eta hurbilekoei.
Atentatu horien ondorioz, Israelek eraso militar bat abiarazi zuen Gazan, eta, gaur egun, 66.000 pertsona inguru hil ditu, zerrendako palestinar asko eta asko desplazatzera behartu ditu, eta azpiegiturarik funtsezkoenak ia guztiz suntsitu ditu.
Nazio Batuen Erakundearen lurralde okupatuei buruzko Nazioarteko Ikerketa Batzorde Independenteak ekintza horiek aztertu ondoren, irailaren 17an aurkeztu zituen ondorioak, eta Israeli premiaz eskatu zion bete ditzala nazioarteko zuzenbidearen arabera dituen legezko betebeharrak. Txostenaren arabera, Israelgo agintari zibil eta militarren adierazpen esplizituek eta Israelgo segurtasun-indarren jokabide-ereduak adierazten dutenez, ekintza horien helburua da Gazako zerrendako palestinarrak talde gisa suntsitzea, guztiz edo zati batean, eta hori bat etor liteke genozidio batekin.
Ondorio horretara iristeko, Batzordeak aztertu zituen Israelek Gazan egindako operazio militarrak, zeinek, besteak beste, honako hau eragin baitute: hainbat eta hainbat palestinar hiltzea eta beste askori lesio larriak eragitea, inoiz ez bezala; erabateko setio bat ezartzea eta laguntza humanitarioa blokeatzea, eta, hala, gosetea eragitea; Gazako osasun- eta hezkuntza-sistemak modu sistematikoan suntsitzea; sexu- eta genero-indarkeriako ekintza sistematikoak; haurren aurkako eraso zuzenak; erlijio- eta kultura-tokien aurkako eraso sistematikoak eta orokorrak; eta Nazioarteko Justizia Gortearen aginduak ez betetzea.
Nafarroako Gobernuak irmotasunez kondenatzen du Gazaren aurkako genozidio hori, eta, bere erantzukizunaz jabetuta, bat egiten du Nazio Batuek egindako deialdiarekin, zeinaren bidez eskatzen baita eskura ditugun bitarteko guztiak erabiltzea Gazako genozidioa geldiarazteko, gure betebehar legal eta morala baita.
Horregatik, adierazpen honen bidez, Nafarroako Gobernuak babesa erakutsi nahi dio Palestinako herriari, eta adierazi nahi du konpromiso gorena duela Gazan bakea defendatzeko. Halaber, babes sendoa erakutsi nahi die, Israelen erasoak bukatzea eskatzeko eta genozidioa salatzeko xedez, Nafarroan modu baketsuan mobilizatzen ari diren herritarrei.
Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak adierazi nahi du bat egiten duela urriaren 15erako geldialdi partzialen deialdiaren arrazoiekin. Hainbat sindikatuk egin dute deialdia; besteak beste, CCOO, UGT, LAB, Solidari, Steilas, Hiru, ESK eta CGTk. Halaber, bat egiten du urriaren 15erako ELA sindikatuak aldarrikatutako greba orokorraren arrazoiekin.
Israelen eta Hamasen arteko negoziazio-prozesu bat abiarazteari dagokionez, Nafarroako Gobernuaren nahia da Israelen eraso militarra berehala amaitzea eta bahituak askatzea; Palestinako lurraldeetan bakea berreskuratzea, eta bertako herritarrei laguntza humanitarioa ematea. Gainera, espero dugu prozesu hori baliagarria izatea bi estatuen konponbidean (Israel eta Palestina) aurrera egiteko, bake bidezkoa eta iraunkorra lortzeko bidean, nazioarteko legezkotasunarekin eta Nazio Batuen ebazpenekin bat."