Descárgate la app
Nafarroako Gobernuaren adierazpen instituzionala, 2024ko Europaren Eguna dela eta
2024ko maiatzaren 8a
Nafarroako Gobernuaren adierazpen instituzionala, 2024ko Europaren Eguna dela eta
Nafarroako Gobernuaren adierazpen instituzionala, 2024ko Europaren Eguna dela eta
Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, adierazpen instituzional hau onartu du Europaren eguna dela eta, ostegun honetan, maiatzak 9:
"Nafarroako Gobernuak bat egin nahi du, konbentzimenduz eta konpromisoz, Europaren 2024ko Egunaren ospakizunarekin, urtero, maiatzaren 9an, Europa kohesionatu bat aldarrikatzen baita, aniztasunean eta bakean oinarritua. Gaur egun inoiz baino beharrezkoagoak dirudite bi ideal horiek, sobera hurbil ditugu-eta gerrak, gizarte-bidegabekeriak eta gure herritarren eskubide eta askatasunak murrizten ahal dituzten beste mehatxu batzuk.
Atxikimendu honen bidez, Nafarroako Gobernuak berriz ere azpimarratzen du zeinen garrantzitsua den Europaren integrazio proiektua. Gorrotozko mezuen aurrean, gure demokraziak ahultzen saiatzen diren gezur eta desinformazioen aurrean, Europak gure balio komunen espazioa izan beharra du; izan ere, berdintasunaren, giza eskubideen eta gizabanakoaren askatasunen defentsaren balioek adostasun unibertsala bilatzen dute elkarrizketaren, trukearen eta tolerantziaren inguruan.
Partekatzen ditugun balio demokratikoetan oinarritutako batasunean datza Europaren indarra: oinarrizko giza eskubideen aldeko konpromisoan; prentsa aske eta independentearen babesean; zuzenbide-estatuaren defentsan; eta berdintasunean: emakume eta gizonen artean, landako eta hirietako biztanleen artean, eta gazte eta adinekoen artean, besteak beste.
Interes orokorra, guztien ongia eta herritarren ongizatea eta aurrerabidea dira Europako demokraziek lortu nahi duten gizarte ereduaren oinarri. Baina eredu hori bermatzeko, ezinbestekoak dira gizarte osoaren eta botere publikoen parte-hartzea, elkartasuna, sormena eta etengabeko ahalegina.
Tamalez, Ukrainako eta Gazako dramek eredu horren kontra datozen mehatxuak erakusten dizkigute, baina, era berean, agerian uzten dute zer garrantzi duen eredu horrek, bai eta zer-nolako eragile politiko aktibo garrantzitsua den Europa munduko jokalekuan.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak Nafarroako gizarteari transmititu nahi dio zer-nolako munta duen Europa eraikitzeko proiektuak gerraren zentzugabekeriari aurre egiteko, baita aipatu printzipioetan eta demokraziaren oinarrietan atzera egitea dakarten bateko eta besteko joerei buru egiteko ere.
Gobernua, bestalde, legegintzaldi bereziki europazale batean mamitzen ari da konpromiso instituzional hori, Nafarroak hiru burutza hartuko baititu bere gain: Foru Komunitateak buru dihardu bai Automobilgintzako Eskualdeen Aliantzan (2023-2024), bai Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdean (2024-2026), eta heldu den urtean Pirinioetako Lan Elkartean ere arituko da buru (2025-2027).
Konpromiso europazale horren eta Europan bere ahotsa daukan Nafarroa baten mesedetan, Nafarroako Gobernuak Europako III. Astea ere antolatu du Nafarroan; hala, zenbait gairi buruzko ekitaldiak eta jardunaldiak izanen dira, eta Nafarroako Jauregiaren fatxada urdinez argiztatuko da, Europako errealitatea Nafarroako jendartera hurbiltzen duen kolorea izaki."