Descárgate la app
Adierazpen instituzionala, ostegun honetan Arraza Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela-eta
2024ko martxoaren 20a
Adierazpen instituzionala, ostegun honetan Arraza Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela-eta
Nafarroako Gobernuak adierazpen instituzional hau onartu du gaur, osteguna, martxoak 21, Arraza Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren karietara:
"Martxoak 21ean ospatzen den Arraza Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren karietara, Nafarroako Gobernuak gaitzespena adierazi nahi du gure lurraldean gerta daitekeen zeinahi arrazakeria eta xenofobia adierazpen partikular, pribatu edo instituzionalekiko, bai eta ere gobernuak hartutako konpromisoa azaldu gizarteko estamentu guztietatik ezabatzeko jatorri, kultura edo talde etniko bateko kide izateagatik jasandako zeinahi diskriminazio.
Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori izendatu zuen gogoratzeko Sharpevillen (Hegoafrika) 1960ko egun horretan 69 pertsona hil zituztela, poliziak tiro egin zuenean Apartheid-a salatzeko modu baketsuan protestan ari zen pertsona-talde baten aurka.
Gaur egun, zorionez, ez dugu horrelako egoerarik bizi gure ingurune hurbilean, baina kezkaz ikusten dugu diskurtso gorrotozko eta aporofobikoak ugaritu egin direla, eta, azkenean, aurreiritzi arrazista eta xenofoboen hedapena ekartzen dutela.
Gure ustez, Nafarroako gizartea nagusiki diskurtso horien kontrakoa da eta pertsonak jatorriagatik, kulturagatik edo talde etniko bateko kide izateagatik diskriminatzearen aurka dago. Nafarroako Gobernuak ez ditu jarrera eta diskurtso arrazista eta gorrotozkoak onetsiko. Badakigu Nafarroako herritarren gehiengo nagusia bat datorrela horretan gurekin.
Nafarroako Gobernuak uste du hezkuntzak eta informazioak indar handia dutela, sentsibilizatzeko eta bizikidetza sustatzeko tresnak baitira. Besteen ezagutzan sinesten dugu, elkarrekin bizitzeko oinarri gisa. Tolerantziaren printzipio etiko unibertsalean oinarrituriko bizikidetza defendatzen dugu, zeinaren ezaugarri baita munduko aniztasuna errespetatzea, onartzea eta balioestea. Tolerantziak esan nahi du ororen gainetik jartzea pertsonaren balioa, duintasuna eta eskubideak; eta horrek dakar besteen iritziak, sinesmenak edo kultura aintzat hartzea, horiekin ados egon ez arren. Uste dugu beharrezkoa dela sentsibilizatzea eta informazioa ematea, horrela lortuko baita gizarte inklusiboago bat, arrazakeriak eta xenofobiak dakarten beste pandemia horren aurkako konpromisoa duena.
Iaztik Nafarroak badu arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako foru legea eta, 2022an onetsitako Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Borrokarako Planari esker, 2023an abian jarri zen Arrazismoaren eta Xenofobiaren Biktimei Laguntzeko lehenengo Bulegoa, pertsona horiek horra joan daitezen hitz egitera, laguntza eskatzera eta edozein egoera salatzera.
Diskriminazio horiek ezin ditugulako onartu, nonahitik datozela (erakundeak, ordezkari politikoak, komunikabideak, mota guztietako gizarte-eragileak) eta nornahik jasaten dituela ere.
Nafarroako Gobernuak, oroz gaindi, giza eskubideak defendatzen ditu. Giza eskubideak, gure herritarren aniztasuna errespetatzen eta balioesten duen kulturarteko bizikidetza baten adierazpen ere baitira. Legegintzaldiaren hasieran aipatu genuen gisan, Nafarroa plurala, askotariko eta tolerantea defendatzen dugu, hala izateaz harro dagoen Nafarroa. Nafarroa inklusibo batean sinesten dugu, pertsona guztien arteko bizikidetza bermatua duena, azalaren koloreari edo pertsonen jatorriari erreparatu gabe. Mundura irekita dagoen Nafarroa bat, non denok garen berdinak eta komunitatean bizitzeko proiektu baten ezinbesteko zati.
Konpromiso hori ez da urteko egun bakarrera mugatzen: 365 egunetarako konpromisoa da. Eguneroko arrazismo eta xenofobia arazoen konponbidearen parte izan nahi dugu; horiekin lotutako adierazpide ororen kontra egin. Jendea abegitasunez hartuko duen eta elkarbizitzaren alde eginen duen Nafarroa bat eraiki nahi dugu."