2023ko ekainaren 8a

Foruzaingoko agente izateko 100 plazaren oposizioa deitu da

Eskaerak telematikoki aurkez daitezke 30 egun naturaleko epean eta probak irailetik aurrera hasiko dira.

Nafarroako Gobernuak, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, oposizio baterako deialdia egin du, Foruzaingoaren agente posturako 100 plaza betetzeko. Izena emateko epea telematikoki egiten da Nafarroako Gobernuaren enplegu publikorako deialdien atarian, 30 egun naturaleko epean, NAOn argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, hau da, uztailaren 11ra arte. Oposizioaren probak 2023ko irailetik aurrera hasiko dira.

100 plaza horiek Nafarroako Gobernuak urte horretako abenduan onartutako 2022ko LEPari dagozkio. Horietatik, 97 plaza banatuko dira txanda irekian, eta 3, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba-txandan.

Gaur Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu diren deialdiaren oinarrien arabera, oposizioan parte hartzeko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, besteak beste: Espainiako nazionalitatea izatea; adinez nagusiak izatea; Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketako titulua edo titulazio baliokidea izatea; eta B motako gidabaimena izatea.

Oposizioak bi fase izango ditu. Lehenengo fasean, ezagutza-proba fisikoak eta psikoteknikoak egingo dira; eta bigarrenean, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdietako Eskolan oinarrizko prestakuntza-ikastaro bat gainditu beharko da.

Lehen fasea: proba teorikoa, fisikoa eta psikoteknikoa

Lehenengo proba teorikoa izango da, eta gehienez ere 2 orduz idatziz erantzun beharko zaio test motako 100 galderako galdera-sorta bati. Galdera-sorta horrek lau erantzun-aukera izango ditu galdera bakoitzerako eta horietako bakarra izango da baliozkoa, deialdi honen I. eranskinean agertzen diren gai-multzoetako bakoitzaren edukiari dagokionez.

Bigarren proba deialdiaren II. eranskinean jasotako proba fisikoetako ariketak egitea izango da. 5 ariketa dira, guztiak 5 eta 10 puntu artean kalifikatuta: pisua altxatzea (bankako press); ur-ingurunea menderatzea; arintasuna (Barrowko testa); erresistentzia (Course navette testa); eta indarra/erresistentzia eta koordinazioa (alboetako jauzien testa).

Bigarren proba honetara txanda irekiko 225 hautagairi baino ez zaie deituko. Ondoren, proba guztietan eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten izangaiak kanporatuko dira.

Azkenik, hirugarren proban, nortasun orokorrari, lan-gaitasunei eta/edo gaitasun eta elkarrizketa pertsonalei eta/edo talde-lanari buruzko galdetegiak egingo dira, izangaiak enpleguaren profil profesiografikoaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren zehazteko.

Bigarren fasea: oinarrizko prestakuntza-ikastaroa ESENen

Oposizioaren lehen faseko probak amaitu ondoren, epaimahaiak oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du, lortutako puntuazioaren arabera.

Lanpostu hutsak hautatzeko izapidea amaitu ondoren, oinarrizko prestakuntzako ikastaroan onartutako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratuko du epaimahaiak eta onartutako pertsona guztien kopuruak ezin izango du gainditu deitutako lanpostu hutsen kopurua.

Orduan hasiko da oposizioaren bigarren fasea, hau da, Foruzaingoaren oinarrizko sarrera-ikastaroa egingo da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolan.