Descárgate la app
Lurralde Kohesioak 39,8 milioi euroko gastua onartu du Nafarroako 173 entitatek beren zuzkidura eta zerbitzu publikoak hobetu ditzaten
2026ko urtarrilaren 30a
Lurralde Kohesioak 39,8 milioi euroko gastua onartu du Nafarroako 173 entitatek beren zuzkidura eta zerbitzu publikoak hobetu ditzaten
Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Tokiko Inbertsioen Planaren (TIP) tokiko programazioko jarduera-ildoak behin-behinean onartzea erabaki du, 2026-2028 plangintza-aldirako. Modu horretan, Nafarroako 173 entitatek, tartean 133 udalerrik, milioi erdi biztanle inguru dituztenek, 39,8 milioi euro jasoko dituzte, eta, horri esker, 84,6 milioi euroko inbertsioa egin ahal izango da, hornidura-, saneamendu- eta euri-sareetarako, saredun edo sarerik gabeko zoladuretarako, zeharbideak urbanizatzeko eta udal- eta kontzeju-zuzkiduretarako.
Tokiko programazioaren aurkezpenean, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilaria den Oscar Chivitek TIPa defendatu du, “bizi-kalitatean eta lurraldearen kohesioan eragin zuzena duen tresna” izateagatik. Gainera, balio erantsia du; alegia, “epe ertainerako inbertsioez ari gara, eta Nafarroako toki-erakundeei segurtasuna eta ziurtasuna ematea ahalbidetzen dute, haien tamaina edozein izanda ere”.
Chivite kontseilariak nabarmendutakoaren arabera, TIPean aurreikusitako jarduerek “palanka” moduan jokatzen dute tokiko erakundeak aktibatzeko, “baliabide publikoak mugitzeaz gain, lurraldean aberastasuna sortzen baitute, espazio publikoak hobetu eta lurralde-arrakalak murrizteko aukera ematen baitute, zerbitzuko estandar homogeneoak mantenduz”.
“Eredua 2022an jarri genuen abian, lehen plangintza-aldia 2025era artekoa izanik, eta arrakasta izaten ari da; Nafarroako toki-entitateen oparotasunerako ezinbesteko tresna dela erakutsi du”, gehitu du.
Ebazpen guztiak argitaratu dira
TIParen tokiko programazioaren barnean burutuko diren jarduerei dagokienean, hogei udaletxetan egingo dira eta zazpi kontzeju-etxeetan. Horrez gain, honako hauetan egingo dira jarduerak: hamahiru hilerri, hamahiru kirol-instalazio, erabilera anitzeko hamahiru instalazio, 16 etxebizitza, hornidura-, saneamendu eta euri-arloko 91 sare, sarea duten berrogeita hamar zoladura, sarerik gabeko 67 zoladura eta zazpi zeharbide.
TIParen tokiko programazioa honela banatuko da: 12,2 milioi euro jarriko dira hornidura-, saneamendu- eta euri-sareetarako, eta 19,9 milioi euroko inbertsioak egin ahal izango dira; beste 12,2 milioi euro izango dira saredun zoladuretarako, 30,2 milioi euroko inbertsioak egin ahal izateko; 7,2 milioi udal- eta kontzeju-zuzkidurak finantzatzeko, 17,9 milioiko inbertsioak egin ahal izateko; sarerik gabeko zoladuretarako 4,8 milioi euroko finantzaketa egongo da, eta 8,8 milioi euroko inbertsioak egin ahal izango dira; azkenik, zeharbideak urbanizatzeko 3,1 milioi euro bideratuko dira, eta 7,7 milioi euroko inbertsioa egin ahal izango da.
Urtarrilaren 19an sinatu zen ebazpena, hornidura-, saneamendu- eta euri-sareetan eta sareak dituzten zoladuretan egingo diren inbertsioen zerrenda behin-behinean onartzen duena. Nafarroako Gobernuak guztira 24,5 milioi euroko ekarpena egingo du atal honetan, eta 51,1 milioi euroko inbertsioak egin ahal izango dira.
Aldez aurretik, tokiko 78 entitatetan 82 jarduera egiteko ebazpena onartu zen, udal eta kontzejuen zuzkidura-programaren barruan, eta, horretarako, 7,2 milioi euro bideratuko dira; halaber, Nafarroako tokiko 60 entitatetan sarerik gabeko zoladuretarako 67 jarduera egiteko 4,8 milioi euroko ekarpena jasotzen duen ebazpena onartu zen; eta zazpi zeharbidetako jarduerak egiteko, berriz, 3,1 milioi euroko ekarpena.
Ehun milioi 152 milioiko inbertsiorako
Lurralde Kohesiorako Departamentuak, TIParen 2026-2028 plangintza-aldian, ehun milioi euro jarriko ditu, eta, horiei esker, 152 milioi euroko inbertsioa egin ahal izango da.
Era horretan, toki-programazioa inbertsio-programekin osatuko da, goi-hornidurako ekintzetarako, hiri-hondakinen tratamendurako eta TIParen ekarpen ekonomikoaren %30a izango duten azterlan eta proiektuetarako; hots, 30 milioi euro 2026-2028 denboraldirako. Beste horrenbeste bideratuko da determinazio askeko programarako, eta, horren bidez, toki-entitate onuradunek zehaztutako inbertsioak finantzatu ahal izango dira.