Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak merkatariaren figura prestigio emateko kanpaina bat abiarazi du 'Plan Puska' lelopean
2026ko martxoaren 13a
Nafarroako Gobernuak merkatariaren figura prestigio emateko kanpaina bat abiarazi du 'Plan Puska' lelopean
Irujo kontseilariak merkatariei prestigio mateko kanpaina aurkeztu du
Mikel Irujo Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak, Pablo Ezcurra Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiarekin batera, '¡Planazo!/Plan Puska' kanpaina aurkeztu dute gaur goizean, merkatariaren figura balioesteko eta belaunaldi berriak, ikasleak eta ekintzaileak hurbileko txikizkako merkataritzako negozioekin jarraitzeko motibatzeko.
Aurkezpena Calzados la Infantil ehun urtetik gorako dendan egin da, ateak 2025eko abuztuan ireki baitzituen berriro Iruñeko Sara Caleren eta Lisboako Diogo Narcisoren ekintzailetzari esker. Kanpainaren leloa ‘Plan Puska’ da, eta ekintzaileak beren saltoki propioa muntatzera edo lehengo baten erreleboa hartzera eta bizi-plana diseinatzera bultzatu nahi ditu.
Aurkezpenean, Irujo kontseilariak eskerrak eman dizkio Calzados La infantil dendari kanpaina hau aurkezteko prestatzeagatik. Merkataritza BPGren %5ekoa dela esan du, eta sektorean 25.000 lagun baino gehiagok egiten dutela lan. Merkataritzari buruzko legean jasotzen denaren arabera, “Nafarroan 1.000 saltoki baino gehiago galdu dira, eta joera hori gelditu behar dugu”, adierazi du kontseilariak, eta, era berean, azpimarratu nahi izan du “merkatariak bokazioz erantzuten duela, bezeroekin bere proiektua partekatzen duelako”.
Bestalde, Pablo Ezcurra zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, kanpainaren helburua “merkatariari balioa ematea eta belaunaldi-aldaketa horien inguruko jardunbide egokiak ikusaraztea da, betiere errazagoa baita dagoeneko ibilbide bat duen negozio bat hartzea”. “Negozio errentagarriak dira, eta penagarria litzateke jarduera horiek galtzea, foro-aberastasun hori galtzea”, adierazi du.
Ekitaldian izan dira, halaber, Alde Zaharreko Merkatari, Ostalaritza eta Zerbitzuen Elkarteko kudeatzailea den Carlos Albillo eta Nafarroako Merkatarien Elkarteko kudeatzailea den Saio Goñi. Azkenak azpimarratu du beharrezkoa dela merkataritza kontserbatzea. “Jakin badakigu erreleboa merkatariaren figura duinduz konpontzen dela, lanbide horrek duen balio soziala ikusaraziz, eta, horretarako, negozio bideragarrien trantsizioa erraztu behar da, ekintzailetzan hasi nahi duenari lagundu eta konfiantza-esparru bat sortu, saltoki batekin jarraitzea etorkizuneko aukera gisa ikus dadin”, adierazi du.
‘Plan Puska!’ kanpainaren estrategia
Kanpainaren estrategia da urratsa emateak eta merkataritza-negozio batean hasteak duen balioa azpimarratzea. Horrela, hurbileko merkataritza sektore dinamiko gisa aurkezten du, gazteek erreleboa hartuta arrakasta izan ahal izateko, berrikuntza eta energia berritua eskainiz. Gainera, kanpaina humanizatzen du, batetik, merkatarien istorio eta testigantzak ematen baititu, haien grina, konpromisoa eta bezeroen bizitzan duten eragin positiboa erakutsiz; eta, bestetik, hurbileko merkataritzako negozioaren ondarearekin jarraitu duten ekintzaile eta gazteenak ere bai.
Kanpaina martxoaren 10etik 31ra zabalduko da Nafarroako bi egunkari nagusien euskarri digitaletan, tokiko irratietan eta Nafarroa TBn, eta negozio bati heltzeko egoeran jarrita hainbat pertsona nabarmenduko ditu. Kanpaina gaztelaniaz eta euskaraz egingo da.
Komunikabide horien osagarri gisa, iragarkiak Iruñeko eta Iruñerriko, Lizarrako, Tafallako eta Tuterako markesinetan ere erakutsiko dira. Orobat, sare sozialen erabiltzaileek kanpaina topatuko dute Instagram, Facebook eta YouTube sareetan.
Sustapen-bideo bat egin da gaztelaniaz eta euskaraz eta comercio.navarra.es eta merkataritza.nafarroa.eus guneetan ere jarri da.