2024ko maiatzaren 31a

Suhiltzaileen Zerbitzuak beste 159 suhiltzaile izango ditu udako baso-kanpainan

Ekainetik aurrera, 72 gidari eta 87 suhiltzaile-peoi laguntzaile sartuko dira pixkanaka-pixkanaka, eta zerbitzu hori urriaren 4ra artea izango da martxan
Helicóptero del Servicio de Bomberos de Navarra / Nafarroako Suhiltzaileak
Helicóptero del Servicio de Bomberos de Navarra / Nafarroako Suhiltzaileak  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak baso-suteak prebenitzeko eta itzaltzeko udako kanpaina aktibatu du, eta, horretarako, beste 159 langile sartuko dira Nafarroako Suhiltzaileak Zerbitzuaren plantillan; hau da, 87 peoi eta 72 gidari. Pixkanaka joango dira sartzen ekainean zehar, parke ezberdinetan. Iazko udako baso-kanpainan bezala, plantilla indartzeko langileak kontratatzeko epea 115 egunekoa izango da; hots, urriaren 4ra artekoa.

Lehen taldea 21 gidarik eta 27 peoik osatuko dute, eta ekainaren 3an sartuko dira Miluzeko Baso Suteetarako Heligarraio Brigadan (BSHB) eta Tuterako, Azkoiengo eta Lodosako parkeetan, eta irailaren 25era arte egongo dira zerbitzuan.

Bigarren errefortzu-taldea 24 gidarik eta 30 peoik osatuko dute, eta ekainaren 7tik irailaren 29ra arte arituko dira Cordovillako, Tafallako, Lizarrako eta Zangozako parkeetan.
Azkenik, hirugarren taldea 27 gidarik eta 40 peoik osatuko dute, eta zerbitzua emango dute ekainaren 12tik urriaren 4ra bitartean, Miluzeko BSHBn eta Cordovillako, Tafallako eta Lizarrako parkeetan.

Aireko errefortzu-baliabideak

Gainera, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuak, ekainaren 1etik aurrera, hirugarren helikoptero bat izango du, Nafarroak urte osoan zehar dituen aireko bi baliabide indartzeko.

AS 350 B3+ helikopteroa da, mono turbina aparatua, pilotuarentzako eta beste bost pertsonarentzako edukiera duena, suteak itzaltzeko lanetarako eta langileak batetik bestera eramateko aproposa, suteak itzaltzeko brigadak eta horiek ekipoak barne.

Urte osoan zehar zerbitzua ematen duten bi helikopteroak honako hauek dira: batetik, EC 135 P2+ medikalizatua, eta, bestetik, AS 350 B3+ Erreskatekoa. Lehena biturbina-makina bat da, pilotuarentzako eta beste sei tripulatzailerentzako edukiera duena. Batez ere osasun-arloko esku-hartze eta ebakuazioetarako erabiltzen da; hala nola, larrialdi medikoa edo organo eta ehunen transplantea direla-eta premiazko garraioa eskatzen duten jarduerak, eta osasun-langileen, medikamentuen, plasmaren eta bestelakoen premiazko garraiorako. Bestalde, bigarren helikopteroa erreskaterako erabiltzen da batik bat, honako hauekin: garabia, salbamendua, miaketa, behaketa, koordinazioa eta patruilatzea, larrialdi-eragiketak eta babes zibileko lanak.

Era berean, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak (MITECO) jakinarazi du ekainaren 15etik urriaren 14ra arte erabili ahal izango dela lurrean kargatzeko hegazkin bat eta Noaingo aireportuan izango duela basea. Halaber, lurrean kargatzeko beste bi hegazkin ere erabili ahal izango dira data berean, bulego automatikoan, eta Logroño-Agoncillo aireportuan (Errioxa) basea izango dute. 

Nola jokatu baso-sutea gertatzen bada

Baso-sute bat gertatuz gero, SOS Nafarroari jakinarazi behar zaio 112 telefonora deituta, sutearen kokapena eta ezaugarriak zehazteko.

Sutea txikia bada, sugarren oinarritik aurre egitea gomendatzen da, ura edo lurra botata edo zuhaixka-adarrak erabilita. Sutearen tamaina dela-eta hurbiltzerik ez badago, bertatik urruntzea komeni da, landare gutxien dagoen eremuetatik igaroz, leku horretako haizearen kontrako norabidean mugitzea, eta sutetik ihes egin ezin bada, jada erretako gune edo soilgune bat bilatzea, ahuspez etzatea eta arropa edo lur bustiarekin estaltzea. Nolanahi ere, ezinbestekoa da uneoro eskumeneko agintarien jarraibideak jarraitzea.