2025ko azaroaren 11a

2026ko Zerga Neurrien Lege Proiektua onartu da

Testuak PFEZaren beherapenak aurreikusten ditu, 340.000 pertsonari mesede egingo dietenak, eta Sozietateen gaineko Zergan %25eko gehieneko zerga-tasa berri bat sortzea, konpromiso soziala eta lanekoa dutela frogatzen duten erakundeentzat
Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak 2026ko Zerga Neurriei buruzko Lege Proiektua onartu du astearte honetan egindako ezohiko bilkuran. Proiektu “ausarta” da Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren aldetik, eta proiektua errealitate bihurtzeko beharrezkoak diren akordioak lortzeko negoziazioan egindako ahalegina ere aitortu du.

Proiektuaren edukiari dagokionean, Jose Luis Arastik onartutako testuan jasotzen diren bi gai garrantzitsuenak garatu ditu. Hain zuzen ere, PFEZarekin eta Sozietateen gaineko Zergarekin lotutako neurriak dira. Arastik ziurtatu du errenta-zergan aurreikusitako neurriak “azken urteotan zerga honetan martxan jarritako ausartenak direla”. Sozietateen gaineko Zergarako adierazitakoari dagokionez, berriz, kontseilariak adierazi du “lurralde are erakargarriagoa erakutsi nahi dela, enpresa-proiektu gehiago iristeko, horiek garbi izanik haien konpromiso sozialak eta lanekoak ondorio fiskal onuragarriagoak izango dituztela”.

PFEZ murriztua 340.000 pertsona baino gehiagorentzat

PFEZ arloan, proiektuan jasotzen den neurri batek hobekuntza garrantzitsua ekarriko du errenta ertain eta baxuen tributazioan. Gutxieneko pertsonalengatiko kenkaria handituko da progresibitatea irabazteko, 32.000 eurorainoko errentak dituzten subjektu pasiboen tributazioa murriztuz. Neurri hori eskuratu ahal izango dute 340.000 nafar baino gehiagok, komunitateko zergadunen %70ak, eta langile autonomoengan ere eragina izango du. Gainera, neurria tarte-aldaketetan gertatuko litzatekeen “jauzi-akatsa” izenekoa saihesteko moduan diseinatu da, eta, Jose Luis Arastik ziurtatu duenez, “antzeko neurriak dituzten beste lurralde batzuetan ere gertatzen da”.

Horrez gain, aurrekoarekin loturiko beste gai garrantzitsu bat da lan-etekinengatik aitortzeko betebeharraren atalasea 17.000 eurora igo dela. Alegia, Arastik adierazitakoaren arabera, “aurreko guztia kontuan hartuta, 17.000 euroko edo hortik beherako errentak jasotzen dituenak ez du aitorpenik egin beharrik izango, ez zaizkio atxikipenak aplikatuko, eta ez du PFEZ zerga horren gaineko zergarik ordaindu beharko”.

Neurri honek 135 milioi euroko kostua izango du, eta horietatik 114 milioi 2026ko ekitaldiko aurrekontuan islatuko dira; gainerakoak, berriz, 2027ko aurrekontuan izango du eragina. 

Testuan, alarguntasunaren eta erretiroaren urteko pentsioak 15.400 eurora bitarte osatzeko zerga-kenkariak igotzeko lortutako akordioa ere jasotzen da.

PFEZ arloan, proiektuan jasotzen diren beste gai batzuen artean daude LITengatik zergak ordaintzeko muga handitzea (Zuzeneko Zenbatespen Berezia), 200.000 eurotik 250.000 eurora igarota, eta garraiolarientzako zenbait laguntza salbuestea, 20.000 euroko mugarekin.

Karga-tasa berria Sozietateen gaineko Zergarako

Sozietateen gaineko Zergari dagokionez hartutako neurrien inguruan Jose Luis Arastik azaldu du “Sozietateen gaineko Zergan %25eko karga-tasa murriztu berri bat” sortu dutela, “gizarte- eta lan-konpromiso handia islatzen duten baldintza batzuk betetzen dituztela egiaztatzen duten erakundeentzat”.

Zehazki, lau baldintza dira: enpleguari eustea, ABEEE ez aplikatzea arrazoi ekonomikoak medio, laneko ezbehar-tasa murriztea eta Berdintasun Planak betetzea.

Modu horretan, lau baldintza horiek betetzen dituztela egiaztatzen duten eta orain %28ko zerga ordaintzen duten enpresek %25eko gehieneko tasa berri hori eskuratu ahal izango dute.

Neurri “ausarta” dela esan du Arastik, “fiskalitatea ere beharrezkoa baita dinamikak zuzentzeko edo kezkei beste ikuspegi batetik heltzeko. Bistakoa da Nafarroako Gobernua lan-arloko dinamika jakin batzuek kezkatzen dutela, eta, era horretan, ziur gaude horrekin zerikusia duten eragile guztien konpromisoa askoz ere handiagoa izango dela”.

Gainera, kontseilariaren ustez, neurri horren bitartez “lurralde askoz ere erakargarriagoa erakutsi nahi da enpresa-proiektu gehiago iristeko, eta horiek garbi izan behar dute haien konpromiso sozialak eta lan-arlokoak ondorio fiskal onuragarriagoa izango duela”.

Azkenik, zerga honen inguruan baita ere aipatu behar da %13ko, %11ko eta %10eko gutxieneko tributazio eraginkorra ezarri dela, hurrenez hurren, zergadunak %28ko, %23ko edo %19ko tasa duenaren arabera.

Lege-proiektua Nafarroako Parlamentura bidali da, berehala izapidetzen hasi dadin eta 2026ko urtarrilaren 1ean gauzatu ahal izan dadin.