2024ko urriaren 9a

Nafarroako farmazia-bulegoetako jendaurreko ordutegia eta guardia-zerbitzua arautzen dituen foru dekretu berria onartu da

Indarrean dagoen 2003ko araua indargabetzen duen arau berriak herritarren benetako beharrei erantzuten die eta farmazia-bulegoen zerbitzua bermatzen du, batez ere landa-eremuan
Nueva regulación del horario de atención al público y servicio de guardia de las oficinas de farmacia
 
Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak 88/2024 Foru Dekretua onartu du gaur egindako gobernu bilkuran. Dekretu horrek Nafarroako farmazia-bulegoen jendaurreko ordutegia, guardia-zerbitzua eta aldi baterako itxiera arautzen ditu. Farmazia-bulegoen jarduera 2003ko arau batek arautzen zuen orain arte, eta eguneratu egin behar zen, azken bi hamarkadetan izandako aldaketa teknikoak eta sozialak egokitzeko.

Bilkuraren ondoren ospatutako prentsaurrekoan Fernando Domínguez Osasun kontseilariak azaldu duen bezala, “azken urteotan aldaketa ugari gertatu dira eta horiek eragina izan dute farmazien berezko jardueretan, esaterako irisgarritasunean, errezeta elektronikoa sartzean, ordutegi zabaleko farmaziak irekitzean eta batez ere landa-inguruneetan, farmazia askoren bideragarritasuna arriskuan jartzen duen egoera ekonomikoan”. 

“Testuinguru berri honek eta sektoreari dagokion eskariari erantzuteak araua eguneratu eta aldatzea ezartzen duen araudi berri hau sustatzera bultzatu gaituzte, azken urteetan lortutako esperientziaren arabera egungo errealitatera nahiz eskarira egokitze aldera”, adierazi du Dominguezek. 

Onartutako dekretuaren berritasun nagusienen artean nabarmentzekoa da, alde batetik, guardiako farmazia-eremua deiturikoaren erregulazioa, farmazia-establezimenduetako guardia-zerbitzuak antolatzeko ezarritako oinarrizko osasun-eremuei edo hurbileko oinarrizko osasun-eremuen multzoei edo banaketei dagokiena. Aldaketek eremu batzuk elkartzea edo gaueko guardiak kentzea dakarte, eta horrek aldaketaren bat dakar honako farmazia-eremu hauetan: Agoitz - Auritz, Izaba- Zaraitzu, Lizarraldea-Lizarra, Tafalla – Artaxoa, Gares, Elizondo Doneztebe - Elizondo edo Azkoien.

Bestalde, landa-eremuetako guardiako farmaziei igande eta jaiegunetan ordu batzuk irekitzeko betebeharra ezarri zaie, eta horrek hobekuntza nabarmena dakar landa-ingurunean bizi diren herritarrentzat, orain arte guztiek ez zuten zerbitzu berri batekin kontatuko baitute.

Gutxieneko ordutegiak eta farmazialariaren presentzia
Dekretu berriarekin, farmaziak ordutegi arruntean irekitzeko ordutegia, guardiak alde batera utzita, astelehenetik ostiralera izango da, biak barne, goizeko zein arratsaldeko lanaldietan, berdina egun guztietarako, gutxienez lau ordukoa goizez, 8.00etatik 15.00etara, eta bi ordu eta erdikoa arratsaldez, 16.00etatik 21.00etara. Larunbaten kasuan, goizeko lanaldian, gutxienez hiru orduz egongo dira irekita guardiako farmazia-eremuetan eta/edo hiri-herrietan, eta bi orduz landa-eremuetan, 9.00etatik 14:00etara.

Behar bezala justifikatutako salbuespenezko egoerak gertatzen direnean, farmazia-bulegoek larunbatetan ixtea eskatu ahal izango dute, betiere herriko farmazia-bulegoen erdiak irekita badaude eta farmazia-arreta egokia bermatzen bada.

700 biztanletik beherako herrietan kokatutako farmazia-bulegoen kasuan, edo baita herrian jendearentzat dagoen farmazia-bulego bakarra direnen kasuan ere, betiere herrian osasun-zentroa kokatuta ez badago, jendearentzako arreta-ordutegi arrunta baino txikiagoa ezarri ahal izango dute, honako gutxieneko hauek errespetatuz: astelehenetik ostiralera, biak barne, egunean gutxienez 5 orduz egon beharko dute irekita, eta larunbatetan itxi ahal izango dira, betiere arreta farmazeutikoa guardiako farmazia-eremuan edo hurbileko herri batean guardian dauden farmazia-bulegoen bidez bermatzen bada eta gehienez 30 minutuko distantzia batera kokatuta egoten badira.

Nafarroako Foru Komunitatean jaieguntzat jotako igandeak eta egunak, tokiko jaiak barne, guardia-zerbitzua ematea dagokien farmazia-bulegoak bakarrik egongo dira jendearentzat irekita, merkataritza-guneetan eta ordutegi jarraituan daudenez gainera.

Arauak, horrez gain, ordutegi hauek planifikatzea eta Osasun Departamentuari jakinaraztea, jendaurrean ikusteko moduan kokatzea, farmazialari bat establezimenduan botikak emateko egotea, edota udako denboraldian farmazia-bulegoa ixteko kasu zehatzak aurreikusten ditu, prestazioaren eta guardien antolamendu-arloko beste kontu batzuen artean.