2023ko urriaren 9a

Gazte Sarietarako hautagaiak aurkezteko epea ireki da, eta lehen aldiz 7.500 euro emango dira

Deialdia urriaren 31 arte egongo da irekita eta gazteak, gizartearen parte-hartzeak eta gazteriaren arloan nabarmentzen den entitateak jasoko dute saria

Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren bitartez, 2023ko Nafarroako Gazte Sarietarako hautagaiak aurkezteko epea ireki du urriaren 31 arte. Hiru modalitatetarako proposamenak egin ahal izango dira: 14 eta 30 urte bitarteko gazteentzat, gizartean parte hartzea sustatu duten talde eta entitateentzat eta gazteriaren arloan nabarmentzen diren entitateentzat. Ekimen honen 26. edizioan, saritutako kategoria bakoitzak 2.500 euroko saria izango du lehen aldiz.

Edizio honek arautegi berri bat estreinatzen du, hiru nobedade garrantzitsu dakartzana. Alde batetik, pertsona fisiko edo erakunde orori euren proposamena aurkezteko aukera ematen zaio. Bestetik, herritarrentzat online sistema bat gaituko da, Gazte Txartelaren  titularrek euren hautagaitza gogokoenak hauta ditzaten. Azkenik, golardoen zuzkidura ekonomikoa 7.500 eurokoa izango da eta neurri berdinetan banatuko da hiru kategorien artean. 

Golardo hauen xedea da Foru Komunitateko gazteriaren partaidetza soziala, hala nola autonomia eta bizi-kalitatea sustatzen duten pertsona, elkarte, entitate edota erakunde publiko edo pribatuen ibilbideak eta jarduerak nabarmentzea.

Hautagaitzak Nafarroako Gazteriaren Institutuko erregistroan edo erregistroetako beste batean hala nola Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan entregatzea lehenetsiko da. Hautagaitzak aurkezteko epemuga 2023ko urriaren 31 izango da.

Kategoria bereizgarriak: pertsona gaztea, partaidetza eta erakundea

Oraindaino, sari hauek 108 pertsona edo entitate aitortu dituzte 1998ko bere sorreratik. Pertsona gazteari emandako sariak, 14 eta 30 urte arteko Nafarroako gizabanako gazte bat nabarmentzea du helburu, betiere haren ibilbide pertsonalak ageriko lotura duenean gizarte balioekin, esaterako elkartasunarekin, beste gazteen begietara erreferentea izan litekeelakoan.

Parte hartze sozialerako golardoak, bigarrenez, Nafarroan inskribatuta egoteaz gainera pertsona gazteen ekintza parte hartzailea sendotu eta bultzatzeko ekarpen eraginkorra egiten duen talde edo elkarte bat aitortzea du helburu. Horretarako, Foru Komunitateko garapen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalean gazteriaren parte hartze erreala bat bermatzen duela baloratuko da. 

Erakunde edo entitaterako golardoak, bestalde, gazteriaren aldeko bere jardueragatik eta pertsona gazteen parte hartze soziala, autonomia hala nola bizi-kalitatea bultzatzeagatik nabarmentzen diren erakunde publiko edo pribatuak aitortuko lituzke.

2023 Gazteriaren Golardoak, Nafarroaren Eguna ospatzeko oroitzapenezko ekitaldien baitan entregatuko dira. 

26. edizioaren nobedadeak

25 urteko ibilbidearen ondoren, Nafarroako Gazteriaren Institutuak zenbait nobedade esanguratsu planteatu ditu programan. Horiekin, ekimenaren alderdi parte hartzailea bultzatu nahi da, baita golardo hauen emakidak suposatzen duen aitortza nabarmendu ere. Beraz, Gaztediaren Golardoetara hautagaitza bat aurkeztu ahal izateko baldintzak malgutu egin dira, hautagaitza garaileak zeintzuk diren erabakitzerakoan orain gazteen parte hartzearekin kontatuz. 

Aldi berean, golardoak gaur egun dakarren zuzkidura ekonomikoak aitortza sozialaren garrantzia nabarmendu nahi du, horrez gainera laguntza zuzena suposatuz Nafarroako herritar gazteen alde diharduten erakunde nahiz pertsonentzat, zeregin horrekin aurrera jarrai dezaten. 

Nobedade hauek guztiak gauzatu ahal izateko, Institutuak foru dekretu berri bat onartu zuen, une horretara arte indarrean zegoen arautegia ordeztu zuena, baina alboratu gabe pertsonek, elkarteek, erakunde eta entitate publiko edo pribatuek gazteriaren esparruan emandako zerbitzu eta garatutako jarduera garrantzitsuak aitortzeko izpiritua.