Descárgate la app
79 agente erantsiko dira zerbitzuan Segurtasun Eskolako sarbide ikastaroa gainditu ostean
2023ko abenduaren 21a
79 agente erantsiko dira zerbitzuan Segurtasun Eskolako sarbide ikastaroa gainditu ostean
Gaur eguerdian ospatu da Iruñan Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako (ESEN) Poliziaren Oinarrizko Ikastaroaren amaiera, zein 79 agentek gainditu duten denera. Horietatik, 44 Foru-Poliziak izango dira (33 gizonezko eta 11 emakumezko), eta euren zerbitzuak emango dituzte Altsasu, Elizondo, Iruña, Lizarra, Zangoza, Tafalla eta Tuterako komisaldegietan. Bestalde, 35 pertsona, 26 gizonezko eta 9 emakumezko, erantsiko dira udaltzaingo ezberdinetan: 12 laneratuko dira Iruñan, 5 Zizur Nagusian, 4 Atarrabian, 3 Tafallan, 2 Baztanen, eta 1 Tuteran, Burlatan, Corellan, Uharten, Zangozan, Noainen, Martzillan, Cascanten eta Milagron, hurrenez hurren.
Agente berriek 2023ko apirilean abiarazi zuten prestakuntza honako arloetan: trafikoa, bide-segurtasuna eta garraioa; jarduera juridikoa eta polizia arloko ikerketarena; genero berdintasuna; eta defentsa pertsonala, besteren artean. Ikastaroa amaitu ondoren, euren lanpostuetan txertatuko dira, urte honen amaieran edo 2024ko urtarrilean.
Baluarte Batzar Jauregian eta Nafarroako Auditorioan ospatu den ekitaldiak buru izan du Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilari Amparo Lopez, eta honekin batera agertu dira Funtzio Publikoko zuzendari nagusi Rashid Mohamed Vazquez; Barneko zuzendari nagusi Salvador Diez; Foruzaingoko buru Ivan Ortueta, eta Eskolako zuzendari Ana Sanchez.
Hiritarrenganako zerbitzuaren helburu komuna
Ekitaldi honen amaieran, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilari Amparo Lopezek zoriondu egin ditu agenteak “euren helburua lortzeagatik”, eta agerian jarri du Nafarroako Gobernuaren konpromisoa “gure komunitaterako jardunean ari diren polizia guztiekiko” nabarmenduz “herritarren zerbitzura eginiko baterako lana dela gure azken helburu komuna”.
Lopezen esanetan Exekutiboak “lanean jarraituko du Foruzaingoaren hazkunde, garapen eta konpetentziak sendotze aldera; konpromiso horren islak dira “aurrekontuaren aldeko apustua, gorputzerako azpiegitura berrien ezarpena eta hornidura, adibidez komisaldegi zentral berri bat eraikitzeko proiektu estrategikoa eta ibilgailuen parkearen leheneratzea edota zerbitzu hobeago bat ekarriko dute garapen teknologiko ezberdinen aurrerapena”.
Era berean, gogora ekarri du ordutegi, jardunaldi nahiz ordainsarien erregelamenduaren duela gutxi eginiko onarpena, zeinek, aurreko guztiarekin batera, “herritarren babesa eta segurtasuna xede duen zerbitzua eta baliabideen eskuragarritasuna hobetzeko antolaketa eraginkorragoa erraztuko duen”.
ESEN-eko zuzendari Ana Sanchezek ere zoriondu ditu laster hasiko duten lanarengatik; esan die “erronka berriei eta egoera zailei aurre egin beharko dietela”. Eta horren harira, euren lankideengan eta bere nagusiengan babesa bilatzeko gomendatu die .
Bestalde, ikastaroko ordezkari Urbiolak tutore eta irakasleei esker ona adierazi die “bere entrega, eskuragarritasun, ezagutzen transmisio eta pazientzia guztiagatik”. Era berean, bere familien eta lagunen “babesa eta konfiantza” nabarmendu ditu, “gure ametsa” bete ahal izateko funtsezko alderdi bezala.
8 modulutan banatutako 1.093 eskola-ordu
Ikastaroak barne hartu ditu 1.093 eskola-ordu, 497 praktikoak eta 596 teorikoak izanik. Klaseak, ESEN-en ezik, Foruzaingoaren eta bestelako udaltzaingoen bulegoetan nahiz kanpoko beste zentro eta instalazio batzuetan ere garatu izan dira. Eta ordu praktikoak, Foruzaingoaren edo udal agenteei dagozkien destinoko udalerri propiotan burutu dira.
Apirilaren 28an hasi zen prestakuntzan zehar, ikasleek honako moduluak izan dituzte aztergai: Polizia komunitarioa eta asistentziala; Poliziaren misioa eta funtzioak; Prebentzioa eta Babesa, polizia arloko esku-hartzea; Juridikoa eta polizia-ikerketarena, eta polizia arloko Ezagutzak eta trebetasunak. Eta azken bloke batek, Jarrera, agenteen gaitasun hau baloratu du klasean.
Modulu bakoitzak hainbat ikasgai ditu. Horien artean landu dituzte genero berdintasuna, aniztasunerako arreta, etika eta deontologia profesionala, herritarren segurtasuna, trafikoa, bide-segurtasuna eta garraioa, polizia arloko defentsa pertsonala, poliziaren funtziorako teknologia berriak, eta polizia arloko dokumentuen eta txostenen idazketa.