Descárgate la app
Rober Astorganoren "Las mujeres de negro" dokumentalak jaso du Publikoaren Saria ‘Memoria duten Irudiak’ VII. Ikus-entzunezko Topaketan
2025ko apirilaren 16a
Rober Astorganoren "Las mujeres de negro" dokumentalak jaso du Publikoaren Saria ‘Memoria duten Irudiak’ VII. Ikus-entzunezko Topaketan
2.500 pertsona inguru izan dira aurten Nafarroako Memoriaren Institutuak (Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentua) antolatutako "Memoria duten Irudiak" ikus-entzunezko topaketaren VII. edizioan. Rober Astorganoren "Las mujeres de negro" dokumentalak Publikoaren Saria jaso du aurtengo edizioan. Laura Hojmanen "Un hombre libre", Marco Potyomkinen "Flores bajo el hielo" eta Ivan Aparicioren "El ADN de la memoria" lanak aukeratu zituen, bigarren, hirugarren eta laugarren gustokoenak, VII. edizio honetako saioetara joan zen publikoak. Aurtengo edizioan, Tuteran, Beran eta Uharten ere erakutsi ziren lanak, Iruñeko ohiko proiekzioez gain.
"Memoria duten Irudiak" zikloa bost egunez egin da, martxoaren 24tik 28ra bitartean, Golem Baiona zinema-aretoetan. Bertan, 14 dokumental proiektatu ziren, eta, besteak beste, gai hauek jorratu dituzte: diktaduran izandako zailtasun ekonomikoak eta askatasunen galera; zenbait lege frankistaren eragina, bereziki errepresiboak, emakumeentzat; Euzkadiko gerra-armadaren historia; iraganeko eta egungo mugen arteko antzekotasunak; Gerra Zibilaren eragina Soria, Errioxa edo Malagako probintzietan; emakumeen patronatuak; gerran hildako aitona-amonak izan zituzten dokumentalista batzuen familia-oroitzapenak; edo Agustín Gómez Arcos, Luis Martín Santos eta Fernando Ruiz Vergararen figurak berreskuratzea.
2025eko jardueren artean, aurreko edizioko Publikoaren Saria Felip Solé "Urraca, cazador de rojos" filmaren zuzendariari eman zitzaion. Bartzelonako zuzendariak Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Olloren eskutik jaso zuen saria. ‘Memoria duten Irudiak’ Publikoaren Saria Gerardo Lizarragak iruindarrak 1939an Agdeko (Hèrault, Frantzia) kontzentrazio-esparruan izan zen itxialdian egindako marrazki bat da.
16 dokumentalista
Guztira, 16 dokumentalista izan dira proiektatutako lanen arduradunak, eta Iruñetik igaro dira proiekzioekin batera egin ziren aurkezpen eta solasaldietan parte hartzeko. Soriako Memoria eta Duintasuna Elkarteko Blanca Villar eta Sherezade Benitok "El ADN de la Memoria" dokumentala aurkeztu zuten; Alejandro Alvarado eta Concha Barquerok "Caja de resistencia"; Aritz Gorostiagak "Mugarantz. Hacia la frontera"; Marco Potyomkin,"Flores bajo el hielo"; Jesús Lacorte,"Matxitxako"; Marina Freixa Roca,"Els Buits"; Joan López Lloret,"Tiempo de silencio y destrucción"; Juan Luis de No,"Un hombre sin miedo"; Laura Hojman,"Un hombre libre"; Rober Astorgano,"Las mujeres de negro"; José Antonio Hergueta,"Caleta Palace"; Mar Caldas,"12 de mayo de 1937"); Margarita Ledo Andión,"Prefiero condenarme"; eta Nacho Sirera,"Canción perdida". Horiek guztiek aurkeztu zituzten aurten ikus-entzunezko topaketa honi forma eman dioten Memoria Historikoarekin lotutako 14 dokumentalak.
VII. edizio honetako nobedadeetako bat Tuterako Moncayo zinemetan bi dokumentalen aurkezpenarekin izan zuen zerikusia. Nafarroako Erriberako hiriburuan, "Memoria duten Irudiak" zikloaren lan pare bat proiektatu ziren, eta egileak ere bertan izan ziren aurkezpenerako eta solasaldirako. Gainera, Bera eta Uharteko kultur etxeetan "Mugarantz. Hacia la frontera" Memoriaren Nafarroako Institutuak ekoiztutako lana eta Aritz Gorostiaga zuzendaria ere bertan izan zen.
"Memoria duten Irudiak" Memoria Historikoari buruzko ikus-entzunezko topaketarik garrantzitsuenetako bat da gaur egun Estatuan. Nafarroako Memoriaren Institutuak antolatuta, zazpi urteko ibilbidean ehun dokumentalista inguru hurbildu ditu Nafarroara, bertan parte hartzeko, eta Memoriaren gaiekin lotutako ia 80 dokumental proiektatu dira zinema-aretoetan.