Descárgate la app
Nafarroak 1.148.377 bisitari izan zituen iaz, 2020an baino %83 gehiago
2022ko martxoaren 11a
Nafarroak 1.148.377 bisitari izan zituen iaz, 2020an baino %83 gehiago
Mikel Irujo Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak eta Maitena Ezkutari Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusiak Nafarroako 2021eko balantze turistikoa aurkeztu dute.
“Nafarroa oso ondo posizionatuta dago dituen ezaugarriengatik, baina baita ere aspalditik iraunkortasuna lantzen ari delako. Egun, lan horri esker, abantaila lehiakorra du gure helmugak, bisitariek nahi dituzten balioetako asko transmititzen ditu-eta”, ziurtatu du Irujok; era berean, “iaz, guztira, 1.148.377 pertsona hurbildu ziren Nafarroara; hau da, 2020an baino %83 gehiago”, nabarmendu du. Gainera, Nafarroak turismo iraunkorraren helmuga moduan duen irudiarekin oso lotuta, azpimarratu nahi izan du “kanpinetan eta aterpetxeetan 2019ko gau-kopuruak gainditu direla eta landa-turismoa 2019an baino soilik %3 gutxiago dela”.
Halaber, Nafarroako Gobernuak, “batetik, turismo, ostalaritza, gaueko aisialdi, handizkako merkataritza eta biltzarren sektoreetarako laguntza espezifikoen bidez egin duen ahalegina azpimarratu nahi izan du Irujok, eta hori COVID-19ak eragindako kalte ekonomikoak konpentsatzeko, eta, bestetik, turismo-arloko eteen lehiakortasuna hobetzen egindako ahalegina eta Merkataritza eta Turismorako enpresa-mailako diagnostikoak, planak eta analisiak egiteko abian jarritako diru-laguntzak (ia 37 milioi euro)”.
Orobat, gogorarazi du abian jarri dutela Foru Komunitateko “Helmugetako iraunkortasun turistikoko lehen Lurralde Plana 2021”, eta 21.970.000 euro izango dituela 2024ko abendura bitarte gauzatzeko. Kopuru hori Helmugetako Iraunkortasun Turistikoko Lurralde Planaren (2021-2023) bidez turismoa bultzatzeko Foru Komunitateak bideratuko dituen 61 milioiko zenbatekoan sartzen da, Next Generation Europako funtsek babestuta. Funtsezko tresna izango da sektorea berreraikitzeko eta ehun ekonomikoa eta soziala berrantolatzeko.
Ostatu-gauei buruzko zifren barruan, Landa Turismoko eta Kanpinetako zifrak nabarmentzen dira. Landa-turismoari dagokionez, ostatu-gauak 2019koetatik soilik %3ra aurkitzen dira. Kanpinetan, berriz, ostatu-gauak 2019an baino %16 gehiago izan ziren, eta batez besteko egonaldia ere %20 inguru hazi zen 2019koarekin alderatuta. Horrez gain, ostatu-modalitateen multzoan, udan eta udazkenean kopuru errekorrak erregistratu ziren emandako gau-kopuruaren aldetik, 2019koak %5 eta %4 gaindituta, hurrenez hurren.
Foru Komunitatea gehien bisitatzen jarraitzen duten turista nazionalen artean, nafarrak, euskaldunak, madrildarrak eta katalanak aurkitzen dira, eta, bitxikeria moduan, nafarrek 2019an baino %20 inguru gehiago bisitatu dute beren lurraldea. Beste herrialdeetako bisitariei dagokienez, zenbatekoak oraindik 2019ko datuetatik urrun daude; 2021ean, EBko bidaiariak %50 gutxiago izan ziren, %40 gutxiago Europako gainerako herrialdeetakoak eta %70 gutxiago munduko gainerako lekuetakoak.
2021ean gehien bisitatutako baliabide turistikoei erreparatuta, lehen postuan Erriberriko Jauregia aurkitzen da, eta, jarraian, Zugarramurdiko kobazuloak eta Urederra ibaiaren Iturburua.
Done Jakue Bidea ere susperraldiaren bidean joan da estatuko nahiz nazioarteko kopuruen aldetik; alegia, 2021ean 2020an baino %127,8 erromes gehiago izan dira. Nazioarteko turistak dira gehienak, 12.525 (estatukoak 10.209). Hala ere, azken horiek, espero zen moduan, 2019ko zifretatik gertuago daude; hots, -%33,1 nazioarteko -%70,5en aurrean. Nazioarteko erromesak, esperotako gisa, hurbilagoko herrialdeetatik datoz, batez ere, Frantzia, Italia eta Alemaniatik, beste herrialde batzuen kaltetan (Estatu Batuak edo Korea).
Turismo-bulegoei dagokienez, 2020an baino %79 bisita gehiago izan dituzte, nahiz eta 2019an artatutakoak baino -%44,6 gutxiago izan. Abuztuan, dena den, 2019an baino soilik %14 bisita gutxiago izan ziren.
Pandemiak ere bidaiatzeko eta elkarren artean erlazionatzeko modu berriak ekarri ditu, eta hori, ezbairik gabe, gure sare sozialetan nabaritu da, jarraitzaileak %25 gehitu baitira.
Txosten osoa web gunean eskura daiteke, Behatokiaren atalean; bertan, infografiak, ikerketak eta datuak kontsulta daitezke dashboard interaktiboetan, www.observatorioturistico.navarra.es helbidean sartuta.