Descárgate la app
Nafarroak turismo arduratsu eta kontzientearen aldeko apustua egin du FITUR 2022n
2022ko urtarrilaren 10a
Nafarroak turismo arduratsu eta kontzientearen aldeko apustua egin du FITUR 2022n
Nafarroak FITURen aurkeztuko du bere eskaintza munduko helmuga jasangarrienetako bat bezala, berezkoak dituen jasangarritasun-irizpideetan aurrera egiten duen posizionamendu berri batekin eta turismo arduratsu eta kontzientea bilatuz, tokiko biztanleriaren garapenean eta gure herri eta hirietako naturguneen eta bizimoduen kontserbazioan lagunduko duena.
Nafarroak FITURen aurkeztuko du bere eskaintza munduko helmuga jasangarrienetako bat bezala, berezkoak dituen jasangarritasun-irizpideetan aurrera egiten duen posizionamendu berri batekin eta turismo arduratsu eta kontzientea bilatuz, tokiko biztanleriaren garapenean eta gure herri eta hirietako naturguneen eta bizimoduen kontserbazioan lagunduko duena.
Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilari Mikel Irujok eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia den Maitena Ezkutarik gaur goizean aurkeztu dute turismo-eskaintza eta Foru Komunitatea aurten Turismoaren Nazioarteko Azokan, FITURen, ordezkatuko duen standa. Azoka Madrilen egingo da, urtarrilaren 19tik 23ra bitartean.
Irujo kontseilariak gogorarazi duenez, “Nafarroak kokapen oso ona du dituen ezaugarriengatik, baina baita aspalditik iraunkortasuna lantzen ari delako ere. Gaur, lan hori abantaila lehiakorra da gure helmugarentzat, bisitariek bilatzen dituzten balioetako asko transmititzen baititu”.
Bestalde, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusi Maitena Ezkutarik adierazi du “iraunkortasuna standean ere ikusiko dugula; izan ere, material birziklagarriekin egin da, eta kontsumo baxuko argiztapena du, garapen iraunkorrerako 2030 agendarekin bat eginez”.
Standa
500 metro karratuko standa diseinatzeko, COVID-19 araudiak eskatutako higiene- eta segurtasun-protokoloak kontuan hartu dira, ikus-entzunezko baliabide eta baliabide teknikoetarako espazioekin, edizio honetako formatu hibridoak hala eskatzen duelako, eta era guztietako eragozpen arkitektonikoak gainditu dira desgaitasuna duten pertsonentzat.
Teknologiari dagokionez, ikus-entzunezko errealizazioko ekipo bat eta streamingeko beste bat egongo dira, eta 3,5 x 2 metroko lead pantaila eszenatoki hibridorako; bertan, zuzenean emititzeaz gain, edukia denbora errealean administratuko da 30 plataforma baino gehiagoren bidez.
Standaren diseinua, muntaketa eta desmuntaketa Iruñeko Eventos Zunzarren SL enpresari esleitu zaio 169.386,69 euroren truke.
Programa
Programari dagokionez, hilaren 19an, asteazkena, Fitur 2022 eguerdiko 13:00ean ofizialki inauguratu ondoren, Nafarroako Helmugaren eskaintza aurkeztuko da sektoreko kazetari eta profesionalen aurrean. Egun berean, arratsaldez, mahai-inguru bat egingo da: “Estatuko eta nazioarteko eskariaren ikuspegia turismo iraunkorrari dagokionez”.
Urtarrilaren 20an, osteguna, hainbat mahai egingo dira honako gai hauen inguruan: turismoa naturguneekin konbinatzeko ekimen ezberdinak, kontserbazioa lehenetsita; gastronomia, proiektu iraunkorrak eta Km0 sukaldea; ostatuak iraunkortasunaren baldintzetara egokitzea eta eraldaketa digitala bultzatzea; edota turismo arduratsuagoa bilatzen duten ekitaldiak eta jarduerak.
Guztira, hogei bat profesionalek eta tokiko erakundek hartuko dute parte; tartean, Bakedao, Lekunberri eta Iruñeko Udalek. Halaber, Verduarteko (Iruña) Nacho Gomara bezalako sukaldariak, upeltegiak eta ekoizleak izango ditugu. Tokiko barazkiak lehengai nagusi gisa; esate baterako, Raul Ripa, Bodegas Quaderna Víakoa, edo Mirian Otxotorena, Axuribeltzakoa. Horiez gain, bertan ordezkatuta izango dira Aritzaleku Kanpina, Ultzamako Basoa Suites, Cascanteko Suites Landa Hotela, Baztango Ostatu Iraunkorrak, Ultzamako Baserri Eskola, edo Senda Viva, besteak beste.
Hilaren 21a Nafarroari eskainitako eguna izango da, eta, alderdi instituzionalaz gain, Show cooking bat izango dugu; bertan, Maria Chivite Lehendakaria sukalde-lanetan arituko da David Yarnozekin, El Molino de Urdaniz jatetxeko sukaldariarekin; jatetxe nafarrak 2 Michelin izar ditu, eta iraunkortasunarekin, ingurunearekiko errespetuarekin, produktuaren hurbiltasunarekin, kalitatearekin eta bikaintasunaren bilaketarekin konprometitutako Nafarroako jatetxeetako bat da.
Jarduera guztiak zuzenean jarraitu ahal izango dira birtualki, web orrialdearen bidez. Bertan, Nafarroako pabiloiak FITUR 2022n izango duen programa osoa aurkitzen da.
2021eko datuak
Gainera, aurkezpenean zehar, Mikel Irujo kontseilariak sektore turistikoaren datuen berri eman du. Esan daiteke pixkanaka suspertzen ari dela, “nahiz eta oraindik ez iritsi pandemia aurreko datuetara, baina hobekuntza nabarmena da”, adierazi du Irujok.
Nafarroako ostatu turistiko arautuetan guztira 1.084.594 pertsonak hartu zuten ostatu azarora bitarte. Kopuru horrek %80an gainditzen ditu 2020ko datuak, baina oraindik ere -%22ko aldea du 2019arekin alderatuta. Halaber, igarotako gauei dagokienez, 2021eko urte osoan, azarora bitarte, 2020an baino %71,5 gehiago izan dira, baina 2019an baino -%17 gutxiago.
Bestalde, azken sei hilabeteetan (eskuragarri ditugun datuen arabera), 883.362 bidaiari eta 2.101.247 gaualdi izan ziren Nafarroan. Datu horien arabera, 2019an baino soilik -%1 bidaiari gutxiago eta -%5 gaualdi gutxiago izan dira. 2020ko datuak, ordea, %112 eta %85 gainditzen dituzte, hurrenez hurren. Era berean, nabarmendu behar da urria eta iraila izan zirela bidaiarien eta ostatu-gauen aldetik errekor historikoak lortu zituzten hilabeteak. Oro har, 325.207 bidaiari eta 670.146 ostatu-gau izan ziren bi hilabete horietan zehar; hau da, 2019ko denboraldi berean baino %12 bidaiari gehiago eta %13 ostatu-gau gehiago.
Landa-turismoak 16,89 puntu portzentualekin gainditu du 2019ko bi hilabeteko okupazioa, kanpinek %6,49an partzeletan eta apartamentuek %9,41ean. Bestalde, hoteletan okupazioa 2019ko urrian baino 8,43 puntu portzentual handiagoa izan da. Jaitsi diren bakarrak aterpetxeak izan dira; hots, 2,56 puntu portzentual 2019koarekiko.
Bisita gehieneko hilabetea abuztua izan da; hau da, 78.914 bisitari artatu zituzten Turismo Bulegoetan, azarora bitarte artatutako bisitarien %33. Kontuan izan dezakegun beste datu bat da kontsulten %86 Nafarroatik kanpokoak direla.
2021ean zehar, Turismo Bulegoko kontsulten %11,92 nazioarteko jatorrikoak izan ziren, 2020ko %9,26ren aurrean. Horrek adierazten du nazioarteko turismoa berreskuratu dela, nahiz eta datuak 2019ko %22,6tik urrun egon. Hala ere, irailean nazioarteko bisitariak %23,4 izatera iritsi ziren. Urte osoan zehar, Iruñeko bulegoek jaso dute bisita gehien (%21,3); ondoren, Bertizkoak (%12,9), Erriberrikoak (%11,9), Otsagabiakoak (%11,84) eta Orreagakoak (%11,2).