Nafarroako Gobernuak sendotu egin ditu emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei arreta osoa emateko baliabideak

Gaur goizean bildu da Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko erakundeen arteko III. Akordioaren Jarraipen Batzordea eta, bertan, 2022rako aurreikusitako ekintzak aurkeztu ditu NABIk
2022ko martxoaren 4a
La directora gerente del INAI/NABI, Eva Istúriz en la Comisión de 
Seguimiento
camera_alt La directora gerente del INAI/NABI, Eva Istúriz en la Comisión de Seguimiento  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (NABI) emakumeen aurkako indarkeriaren arloan 2022rako aurreikusitako ekintzak aurkeztu ditu gaur Nafarroako emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean koordinatzeko III. Akordioaren Jarraipen Batzordean.

Nafarroako Jauregian egin den saioan, Eva Isturiz NABIren zuzendari kudeatzaileak, hasteko, Sara Pina gogora ekarri du; hau da, indarkeria matxistaren biktima, Tuteran urtarrilean hil zutena. Isturizek esan du garrantzitsua dela “emakumeen aurkako indarkeria-mota guztiak bistaratzea eta Giza Eskubideen esparruan erantzun bat eskaintzea”. Era berean, nabarmendu du “Akordioa sinatu duten erakundeek elkarren artean egindako lana, eta zenbait aukera politikoren tesi negazionistak medio berdintasunean aurrera egin ordez, atzera egin dutela”. 

Bileran honako hauek hartu dute parte: Nafarroako Gobernuko departamentu inplikatuek, Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioak (NUKF), Nafarroan jarduten duten polizia-erkidegoek, arlo soziosanitarioko ordezkariek, Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentziako ordezkariek (PAGNA) eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzukoek (NL-NEZ), beste eragile batzuen artean.

Halaber, honako hauek izan dira bileran: Nafarroako Probintzia Auzitegiko 2. Sekzioko presidentea, Emakumeen Arreta Juridikorako Zerbitzuko koordinatzailea, Lege eta  Auzitegi Medikuntzako Nafarroako Institutuko zuzendaria eta Emakumeen gaineko indarkeriaren aurkako Koordinazio Unitateko zuzendaria (Gobernuko Ordezkaritzaren mendekoa).

Ikerketa, prebentzioa eta sentsibilizazioa

Aurtengo lan-ildo nagusien artean aipatzekoa da Berdintasunaren Plan Estrategikoa (BPE) egitea eta laster onartzea, jada Jendaurrean Erakusteko fasea gainditu du-eta. Plan horretan, emakumeen aurkako indarkeriari zuzendutako lerro bat jasotzen da. Isturizek baita ere adierazi du Departamentuetako berdintasun-unitateen eta haien koordinazio-egituren inguruko Foru Dekretua lantzen ari direla, eta bigarren hiruhilekoan onartuko dela.

Ikerketaren, prebentzioaren eta sentsibilizazioaren arloari dagokionez, azterketak sustatzen jarraituko da, tartean indarkeriaren biktimak diren emakumeei borondatez laguntzeari buruzko ikerketa eta Nafarroako prostituzioaren inguruko diagnostikoa.

Modu berean, desgaitasuna duten eta indarkeriaren biktimak diren emakumeen prebentzioan, detekzioan eta arretan lanean jarraituko da.

Aurreko urteetan bezala, Munduko Medikuak erakundearekin emakumeen genitalen mutilazioaren aurka borrokatzeko sinatutako hitzarmena mantenduko da. Bertan, emakumeen ahalduntze-prozesua bultzatzeko haiekin egiten diren jarduerak eta kultur imaginario sexistak baztertzeko gizonekin egiten direnak sartzen dira.

Horrez gain, hainbat sentsibilizazio-kanpaina bultzatuko dira, horietako batzuk oroitzapenezko egunekin loturikoak; hala nola, martxoak 8, Emakumearen Nazioarteko Eguna; edo azaroak 25, Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna. 

Unibertsitate-arloko lankidetzari dagokionez, Isturizek adierazi du aurten NUPekin egindako hitzarmenari esker laguntza emango dela Ikasketa Feministen eta Emakumeen Katedra berri bat sortzeko, berdintasunari buruzko eta emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko ikerketa bultzatze aldera. 

Arreta eta errekuperatzea

Genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeen eta haien seme-alaben arreta integralerako, langileen errefortzuak finkatu dira harrera-baliabideetan.

Itxaropen Gune Elkartearekin duten hitzarmenarekin ere aurrera jarraituko dute, salerosketaren biktima diren emakumeei harrera eta aldi baterako ostatua emateko baliabide espezifiko baten bidez. Hitzarmen honen bitartez, prostituzio eta/edo salerosketa testuinguruetan dauden emakumeei laguntza ematea bultzatzen da; laguntza 38.000 €-koa izan zen 2021ean, eta 141.900 €koa izango da 2022an.

Salerosketaren Aurkako Ekintza elkartearekin sinaturiko hitzarmena ere handituko da, Nafarroan sexu-esplotaziorako salerosketa-arriskuan eta –egoeran dauden emakumeei laguntza ematen jarraitzeko.

Sexu-indarkeriaren prebentzioari eta arretari dagokionean, sexu-indarkerien aurkako Krisi Zentroa 2023an abian jartzeko lanean jarraitzen da; proiektua MMR funtsekin finantzatzen da, eta Berdintasunerako Ministerioak sustatzen du.

Programak

NABI/INAIk emakumeen banako eta taldeko ahalduntze-programak bultzatzen jarraituko du. Ildo horretan, jarraipena emango zaio Tafallan “Iguala” programari, gazteen eta nerabeen artean emakumeen aurkako indarkeria-mota guztiak prebenitzeko. Halaber, “Impulso-Taupada” eta “Adin Ederra” programak lantzen jarraituko da. 

Aurten, gizon helduei zuzendutako “Gu Noski, berdintasunezko maskulunitateak eraikitzen” programak aurrera jarraituko du. Horren helburuen artean, sentsibilizatzea, rol sexisten gaineko kontzientzia hartzea, eta indarkeria-egoerak identifikatzeko taldeari erremintak ematea aurkitzen dira.

Profesionalentzako prestakuntza

Gainera, NABIk elkarlanean jarraituko du hainbat departamentu edo zerbitzurekin, arlo ezberdinetako profesionalak prestatzeko. 2022an zehar, hainbat gairi buruzko prestakuntza espezializatua eskainiko da; esate baterako, salerosketa, ziberindarkeria, prozesura judizialak, e.a. Iaz, 15 prestakuntza antolatu ziren, eta 305 profesionalek hartu zuten parte.