Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak milioi bat euro inbertituko du 2022an hamabost publizitate-kanpaina instituzionaletan
2021ko abenduaren 15a
Nafarroako Gobernuak milioi bat euro inbertituko du 2022an hamabost publizitate-kanpaina instituzionaletan
Nafarroako Gobernuak gaur goizean onartu du 2022rako Nafarroako Gobernuaren Publizitate Instituzionalaren Plana onartzen duen Akordioa, Foru Exekutiboak datorren ekitaldirako aurreikusi dituen publizitate-kanpaina nagusiak (50.000 euroko edo gehiagoko inbertsioa dutenak) laburbiltzen dituen dokumentu publikoa.
2022. urterako, guztira 15 kanpaina planifikatu dira, eta, horretarako 1.008.000 euroko finantzaketa aurreikusten da; horietatik 565.000 euro publizitate instituzionalaren aurrekontu-partidatik jarriko dira, Komunikazio eta Harreman Instituzionaleko Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Gobernu osorako zeharka kudeatzen duenetik, eta gainerako 443.000 euro publizitate-kanpaina sektorialak sustatzen dituzten departamentuek jarriko dituzte.
Publizitate instituzionalaren partidatik zortzi kanpaina finantzatuko dira, eta berrienak bezala nabarmentzen dira zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika ikasketak Foru Komunitatean bizi diren nerabeen eta gazteen artean sustatzeko aurreikusitakoak dira. Kanpaina hori maiatzean egingo da, eta 70.000 euro izango ditu. Bigarren kanpaina, berriz, Nafarroako biztanleak klima-aldaketaren aurka borrokatzeko kontzientziatzeko egingo da, ekainean izango da, eta zenbateko bera izango du.
Gainera, Gobernuak azken ekitaldietan errepikatzen diren kanpaina instituzionalak bultzatuko ditu; hala nola, Eskola Publikoaren sustapena, haur eta lehen hezkuntzako preinskripzioa egiteko denboraldiarekin bat eginez (otsaila-martxoa); errenta-aitorpena aurkezteko kanpainari buruzko informazioa (apirila); lurralde- eta gizarte-kohesioaren aldeko borroka (iraila); Nafarroako ekonomia suspertzea (Suspertu Plana 2019 – 2023), urrirako aurreikusia; edo 2022ko Nafarroaren Egunerako parte-hartze publikoaren ekitaldiak zabaltzea, azaroa eta abendua artean.
Zazpi publizitate-kanpaina sektorial
Bestalde, onartutako plangintzaren arabera, izaera sektorialeko zazpi publizitate-kanpaina aurreikusten dira, eta horiek sustatzen dituzten unitateek finantzatuko dituzte.
Euskarabideak eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) publizitate-ekimen gehien aurreikusi dituzte 2022rako.
Urtarrilean, Euskarabideak ekimen bat jarriko du abian haur eta gazteek euskara ikastea sustatzeko; kanpaina horrek bigarren alderdi bat izango du irailean, oraingoan helduei zuzenduta. Urtea amaitzeko, euskara sustatzeko erakunde autonomoak “Gora Gora Fest” kultur jaialdiaren edizio berri bat aurreikusi du, Euskararen Nazioarteko Egunaren (abenduak 3) aurretik, eta antolatutako jarduerak zabaltzeko kanpaina bat egingo da.
Bestalde, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak maiatzean kanpaina bat egingo du tabakoaren kontsumoa prebenitzeko eta ohitura hori duen biztanleria urrats bat aurrera eman eta erretzeari uzteko animatzeko. Uda ondoren, urrian, bigarren kanpaina bat abian jarriko du, oraingoan dieta osasungarria eta ariketa egitea sustatzeko helburuarekin biztanleria osoari zuzenduta, eta, bereziki, obesitatea duten edo izateko arriskuan aurkitzen diren pertsonei.
Departamentuek zuzenean finantzaturiko kanpainen plangintza klasiko batekin itxiko da, Berdintasunerako Nafarroako Institutuarena; alegia, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren gainean kontzientziatzeko kanpaina nagusia, martxoaren 8aren inguruan, Emakumeen Nazioarteko Egunean, egingo dena. Handik aste batzuetara, berriz, apirilean, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak aurten jada aurkeztu den kanpaina berrabiatuko du, merkatariaren lanbidea sustatzearren.
Gaur onartutako Planaren arabera, Nafarroako Gobernuko Departamentuek plangintza honetan jasotakoez bestelako publizitate-kanpaina instituzionalak bultzatu ahal izango dituzte, publizitate-kontrataziorako dituzten aurrekontu-kredituen kontura; eta Nafarroako Gobernuak, beste urte batez, Gobernu Irekiaren Atarian argitaratuko ditu Publizitate Instituzionalaren Planaren testu osoa zein Nafarroako Gobernuaren publizitate instituzionaleko inbertsioen gauzatze-txostena, 2022ko ekitaldian zehar.