2022ko apirilaren 22a

Nafarroako eta Espainiako gobernuek egoitza Iruñean izango duen eraikuntza industrializatzeko zentro nazional bat bultzatu dute

Maria Chivite Lehendakariak eta Raquel Sanchez ministroak bi administrazioen arteko protokolo orokorra sinatu dute gaur goizean Nafarroako Jauregian
videocam Navarra y el Estado constituyen el centro de industrialización y robótica de la construcción. collections Irudi galeria

Nafarroako eta Espainiako gobernuek eraikuntzari eta arkitekturari aplikatutako industrializazio eta robotikako zentro nazionala eratzeko hitzarmena sinatu dute  gaur goizean. Zentroak  Iruñean izango du egoitza, eta Espainian eta Europan martxan dauden estrategiei laguntzeko erreferente izatea du helburu, eraikuntzan metodologia berritzaile berri bat ikertu, prestatu eta zabalduz.

Horrela jasotzen da bi administrazioen arteko jardueraren protokolo orokorrean. Hain zuzen ere, gaur goizean sinatu dute Nafarroako Jauregiko Areto Berdean, Foru Komunitateko Lehendakari Maria Chivitek eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroa den Raquel Sanchezek.

Agiria sinatu ondoren egin duten agerraldian, Chivite Lehendakariak eskertu egin du bi gobernu-taldeen arteko lana, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren inguruan kokatuko den zentroarekin Nafarroak duen konpromisoa azpimarratu du, “garapen-eredu iraunkorragoa eta berritzaileagoa sustatzeko, talentua funtsezko palanka izanik”.

Chivitek nabarmendu du Foru Komunitateak ekosistema “aproposa” duela zentro hori hartzeko, exekutiboak eta Nafarroan proiektu interesgarriak jorratzen dituzten enpresa askok duten esperientziarengatik, “gure prestakuntza-gaitasunekin eta talentuaren aldetik dugun kokapen nabarmenarekin lotuta”.

Bestalde, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroa den Raquel Sanchezek adierazi du “Espainiak era horretako zentro bat behar duela, ikerketa aplikatuan eta garapen teknologikoan erreferentea, eraikuntzaren industrializazioan eta haren deskarbonizazioan; hots, gure herrialdeko eraikuntza-prozesu  guztietan aldaketa bultzatuko duen zentroa, sektorea eraginkorragoa eta iraunkorragoa izan dadin”.

Ministroarentzat, zentroa beharrezkoa da sektorearen eraginkortasuna hobetzen laguntzeko nahiz bertako profesionalen segurtasun- eta osasun-baldintzak hobetzeko. Gainera, “are eta garrantzitsuagoa da, gure gazteei enplegurako irteera solido bat eskaintzea”. “Zentroari esker, lanbide-heziketa duala sustatzearen aldeko apustua egiten ari gara, sektorea teknifikatzea lortzeko; pertsona guztientzako erakargarria izango den prestakuntza, emakumearen inklusioa sustatuz eta, horrela, sektore horren genero-arrakala nabarmena murriztuz”, gehitu du.

Eraikuntzaren industrializaziorako zentro nazionala

Bi administrazioek uste dute eraikuntza-prozesuaren industrializazioa arkitektura eta hiri-sarearen plangintza eta garapena eraldatzeko faktoreetako bat dela, sektorearen trantsizioan sakontzeko irtenbide egokiak ematen baititu. Ezaugarri nagusiak sektorearen digitalizazioa, eraginkortasuna, iraunkortasuna eta eraikuntzaren deskarbonizazioa dira.

Zentro nazional berriak orientazio berritzaile hori finkatu nahi du eraikuntzan, ikerketaren, prestakuntzaren eta metodologia berri horren hedapenaren bidez. Zentroa laguntza-erreferentea izango da Espainian abian diren estrategietarako, besteak beste, hiri-agenda edo birgaitze energetikoa, nahiz Europar Batasunak bultzaturiko programa eta estrategietarako. 

Jarduera-protokoloan adierazten denez, Estatuko Administrazio Orokorreko edo hari lotutako erakundeen edo instituzioen kokapena deszentralizatu nahi du Estatuak, estatuko lurralde osoko hiri eta eskualde egokiagoetan instalatzea sustatuz.

Nafarroa, dokumentuaren arabera, “leku egokia” da horrelako zentro bat kokatzeko, Foru Komunitatea “Akitania Berria – Euskadi – Nafarroa” Euroeskualdearen barruan kokatzen baita, eta horrek “kokapen estrategiko erakargarria ematen dio Europa barruan”. Era berean, testuan nabarmentzen dira Administrazio Publikoak nahiz sektore pribatuak Foru Komunitatean burututako berrikuntza-proiektuen ibilbidea Europa mailan eta etxebizitza publikoaren arloko iraunkortasun-politikak eta ahaleginak.

Bi gobernuek borondatea erakutsi dute ahaleginak batzeko, zentroa abian jarri ahal izateko lankidetza-, koordinazio- eta finantzaketa-tresnak zehaztearren.

Lan-topaketa

Agerraldiaren aurretik, Nafarroako Lehendakari Maria Chivitek eta Garraio, Mugikortasuna eta Hiri Agendako ministroa den Raquel Sanchezek bilera labur bat egin dute Lehendakariaren bulegoan, eta bertan izan da, baita ere, Nafarroako Gobernuko delegatua, Jose Luis Arasti.

Jarraian, bi gobernuen arteko lan-topaketan parte hartu dute. Zehazki, Maria Chivite Lehendakariaz eta Raquel Sanchez ministroaz gain, honako hauek bildu dira: bigarren lehendakariordea eta Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria den Jose Mª Aierdi; Nafarroako Gobernuko ordezkaria, Jose Luis Arasti; Hiri Agenda eta Arkitekturako zuzendari nagusia, Iñaqui Carnicero; Komunikazio eta Harreman Instituzionaletako zuzendari nagusia, Miguel Moreno; ministroaren kabineteko zuzendaria, Ricardo Mar; Nasuvinsako zuzendari kudeatzailea, Alberto Bayona; proiektua idatzi duen arkitektoa, Patxi Mangado; eta ETH Zürich-eko irakaslea, Andrea Deplazes.