2022ko martxoaren 24a

Nafarroak mugikortasun elektrikoan 20 milioi euro baino gehiago inbertituko dituela iragarri du Irujo kontseilariak

Nafarroan mugikortasun elektrikoa sustatzeko agendak, gaur goizean aurkeztuak, bidezko trantsizioa ziurtatu nahi du, lurralde osoaren kohesioa bilatuz

Gaur goizean aurkeztu da Nafarroan mugikortasun elektrikoa sustatzeko agenda, Ibilgailuaren eta mugikortasun iraunkorraren II. Azokaren esparruan (Ecomovers). Ekitaldian parte hartu du Mikel Irujo Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak, eta ziurtatu du datozen hiru urteetan Nafarroako Gobernuak 20 milioi euro baino gehiago inbertituko dituela mugikortasun elektrikoan.

Nafarroako Gobernuak sustatutako agendak ACAN, Enercluster Sodena, Nasuvinsa eta Zabalak osatutako trakzio-taldea du laguntzaile tekniko gisa. Gainera, 15 laguntzailek agendarekiko konpromisoa agertu dute. Agendan, 14 jarduera ezberdin definitzen dira 13 adierazleren bitartez monitorizatuko diren helburuak lortzeko.

Irujo kontseilariaren arabera, Nafarroak “Europak ezarritakoa baino asmo handiagoko helburu bat proposatu du; hau da, lurralde osoan 50 kilometroz behin kargatzeko puntu bat jartzea, eta guztira kargatzeko 250 puntu izango lirateke. Modu horretan, kargatzeko sare enblematiko bat sortuko da, eta mugaz gaindiko lankidetza bilatuko du proiektu erakusleak ezartzeko”. Irujok azpimarratu du “Nafarroa sustatuko dela turismo iraunkorreko helmuga bezala, gune turistiko garrantzitsuenetan kargatzaileak jarrita eta ibilgailu elektrikoentzako ibilbideak definituta”.

Bestalde, Industria, Energia eta Proiektu Estrategikoetako (S4) zuzendari nagusia den Uxue Itoizek azaldu du agendak lau zutabe dituela helburu espezifiko gisa: ibilgailu elektrikoa bultzatzea, kargatzeko azpiegitura publiko kohesiboa eta fidagarria hedatzea, karbono-aztarna txikiko Nafarroako turismoaren aldeko apustua egitea eta Nafarroako azpiegitura-sare enblematikoa sortzea.

Ibilgailu elektrikoa bultzatzeko estrategiaren barruan, ondorengoak nabarmentzen dira: enpresetan mugikortasun-planak sortzea, gainerako herritarrek horiek hartzea errazteko neurriak abian jartzea, erabiltzaileek kargatzeko puntuak kontsultatu ahal izateko bisore eguneratua ezartzea, datu irekien bidez informazioa denen eskura izatea edota toki-erakundeen kargatzeko puntuak modu koordinatuan kudeatzea. Kargatzeko azpiegitura publiko kohesiboa eta fidagarria hedatzeko zona zuriak identifikatuko dira; hau da, errentagarritasun-ezagatik sektore pribatuak jardungo ez lukeen eremuak identifikatzea edota administrazio-epeak murriztea. Karbono-aztarna minimoa duen Nafarroako turismoaren aldeko apustua egiteko, gutxienez 5 ibilbide definituko dira, eta turismo gehien biltzen diren 15 lekutan, birkargatzeko puntuak jarriko dira. Nafarroan azpiegitura-sare enblematikoa sortzeari dagokionean, berriz, berrikuntzako hainbat eskualde-eragileren bidez dinamizatuko da, mugaz gaindiko proiektu pilotuak ezartzeko.

Agendaren bidez, Nafarroako Gobernuak bidezko  trantsizioa ziurtatu nahi du, lurralde osoaren kohesioa lortuaz eta ingurumen eta pertsonentzat onurak ekarriaz. Gainera, mugikortasun iraunkorra bultzatuta, lanpostu kualifikatuetarako profil berriak sortuko dira puntako sektorean, eskualdearen iraunkortasun alderako trantsizioa babestuaz.

Sektoreari buruzko datuak

Nafarroan, automozioaren sektoreak 120 enpresa inguru ditu, 5,1 bilioi euroko negozio-bolumenarekin eta zuzeneko 13.000 langilerekin.

Espezializazio Adimentsuaren S4 Estrategiak adierazten duen moduan, Foru Komunitatea nabarmena da mugikortasun elektriko eta konektatu baterako sistema berriak ekoizteagatik, balio-kate iraunkorrarekin, energia berriztagarrietan gaitasuna izanik eta esperimentaziorako eskualde berritzailetzat hartuta. Helburua jatorri fosileko energia-iturriekiko mendekotasuna alde batera uztea denez, ezinbestekoa da energia berriztagarriekiko hibridazioa, Nafarroan lehentasunezko beste sektore bat dena, zuzeneko 5.700 enplegurekin eta 110 enpresarekin. Ildo horretan, Agendaren jardueren bitartez, Nafarroarentzat lehentasunezkoak diren bi sektore horiek aldi berean bilakaera egitea erraztuko da.