2022ko apirilaren 8a

Nafarroak "Bestelako turismoa" proposatu du udaberri honetarako, bizikidetzako turismo-helmuga iraunkorreko eskaintza

Bartzelona, Madril, Euskadi, Frantzia Hegoaldea, Valentziako Komunitatea eta tokiko turismoa, merkatu objektibo garrantzitsuenak
Kanpainaren sustapen bideoa "Nafarroa, Bestelako Turismoa". Irudi galeria

Nafarroako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren udaberri honetarako turismoa sustatzeko kanpaina, 2022rako ekintza-planaren barruan, baliabide naturalak eta ingurumena babestean oinarritzen da, baina beste kontzeptu sozial eta ekonomiko batzuk ere biltzen ditu, bisitatzen dituen helmugen garapena baloratu, errespetatu eta lagunduko duen elkarbizitza-turismoa lortzeko, azken batean, "Bestelako turismoa".

Kanpaina hau audientzian lider diren komunikabideekin ari da bultzatzen, eta honako segmentu hauetan oinarritzen da: landa-turismoa, familia-turismoa, natura, zikloturismoa, mendi-ibiliak, gastronomia, enoturismoa eta Donejakue Bidea; halaber, tokiko turismoa erakartzeko publizitatearekin osatzen da. Kanpaina martxoaren 15ean hasi zen, eta apirilaren 10era bitarte luzatuko da.

Nafarroak proposatzen duen bizikidetza-turismo iraunkorrak ez du soilik natura-guneak zaintzea eta horietaz gozatzea bultzatzen, baizik eta landa-inguruneak eta hiriak mantentzeko eta garatzeko ikuspegia ere sustatzen du, masifikazio-eza, landa-turismoaren xarma eta bisitatutako inguruneetan bizi diren pertsonekin solasaldiak eta istorioak partekatzea bultzatzearekin batera, horrek guztiak turismoa aberasgarriagoa egiteaz gain, ekonomia zirkularra sustatzen baitu, eta horrekin mundu guztia ateratzen da irabazten. Horixe da, hain zuzen ere, Nafarroaren “Bestelako Turismoa” kanpaina.

Turista potentzialek zer bilatzen duten jakiteko trafiko-datuei eta online bilaketei buruz egindako azterketaren ondorioz, DGTCCk sustapen-kanpaina hau sortu du, eta, aldi berean, bidaiatzeko moduaren inguruan munduan aldaketa sortu dela adierazten du. Nafarroako turismo-eskaintzarako merkatu objektibo garrantzitsuenak hauek dira: Bartzelona, Madril, Euskadi, Frantzia Hegoaldea eta Valentziako Komunitatea eta tokiko turismoa.

https://www.visitnavarra.es/ web gunean aukera zabala eskaintzen da; hala nola, “Planak”, “Ezinbesteko  turistikoak” edo “Nafarroa ezagutzeko 10 ibilbide”, Done Jakue Biderako edo gure komunitateko Landa Turismorako eskaintza aberatsa ahaztu gabe. Horiekin guztiekin, paisaia askotarikoak ezagutu daitezke, oso ongi jaten dela baieztatu edota gure herrietan eta kulturan murgildu.

Natura-inguruneetan murgiltzea jende-pilaketarik gabe

Gaur egun, nahiago ditugu natura-inguruneak, leku lasaiak eta benetakoa eta hurbilekoa ezagutzeko aukerak, jende-pilaketaren, zarataren eta masifikazioaren aurrean. Nafarroak, Europan iraunkortasunaren alde apustu handiena egiten duen eskualdeetako bat izanik, bidaiatzeko modu ezberdina proposatzen du, lurraldearen iraunkortasunerako ekarpena egiten duen bestelako turismo bat.

Foru Komunitateko lurraldearen %33ak ingurumena babesteko zerbait badu. Nabarmentzekoa da Naturgune Babestuen Sarea, Biosferaren Munduko Erreserbarekin, Errege Bardea, Europan desertu bakarra, ingurune horretara egokitutako natura-aniztasun handia duena, bertan mendi-ibiliak eta bestelako jarduerak ingurune paregabean egiteko aukerarekin.

Halaber, 3 parke natural ditu Nafarroak: Bertizko Jaurerria, lorategi botanikoarekin eta zuhaitz-aberastasun handiarekin; Urbasa – Andiako parkea, gizakiaren jarduerak oso gutxi eraldatutako eremua, eta kontserbatu beharreko ekosistema bereziak dituena; eta Errege Bardea Parke Naturala bera. Gainera, 3 erreserba integral daude Nafarroan, eta horietan ez da gizakiaren jarduerarik onartzen, ikerketa zientifikoa eta edukatiboa soilik. Lizardoia (Otsagabia), Ukerdi eta Aztaparreta (Izaba) dira.

Kokagune nagusi horiez gain, Foru Komunitateak 39 erreserba natural, urmaelak, itsaslabarrak, amildegiak eta interes ekologikoko guneak ditu, tartean Larrako Natur Erreserba; 28 kokagune natural, sotoak, pinudiak eta martin arrantzalea bezalako hegaztiek habiak egiten dituzten aintzirak; eta 47 Monumentu Natural, berezitasun edo edertasunarengatik babestea merezi dutenak, adibidez, Jauntsaratseko Haritzak.

Nafarroako lurralde osoan zehar, lur hau bisitatzen duenak bidezidor eta ibilbide bereziak aurkituko ditu aberastasun natural hori preziatzeko, aisialdirako guneak, hegaztien babes bereziko eremuak, ur-jauziak, aintzirak, basoak eta inguruneaz gozatzeko makina bat jarduera, inguruneak merezi duen errespetu eta kontserbazioarekin.

Era berean, Nafarroako gastronomia, Foru Komunitateak duen erakargarritasun handienetako bat, ez da mugimendu iraunkor horretatik kanpo geratzen. Nafarroan, Km 0 produktuak jan daitezke, baita termino hori existitu aurretik ere. Udaberri hau une aproposa da Nafarroa bisitatzeko, mila kolorez betetzen baita eta bisitariei ehunka jarduera eta hainbat plan eskaintzen baitizkie: naturarekin loturikoak, mendeetako historia duen gure lurraldearen kultur aniztasuna, Donejakue Bidearen nazioarteko erakargarritasuna, antzinako tradizioak, gastronomia, ardoa, eta, batez ere, bertako jendearen adeitasuna eta abegikortasuna.