Descárgate la app
70 mugarri baino gehiagok eta 10 lekukotzak osatzen dute Nafarroako LGTBI+ mugimendu aktibistaren Genealogia
2022ko martxoaren 18a
70 mugarri baino gehiagok eta 10 lekukotzak osatzen dute Nafarroako LGTBI+ mugimendu aktibistaren Genealogia
Javier Remirez lehendakariorde eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak Nafarroako LGTBI+ mugimendu aktibistaren Genealogia aurkeztu du gaur goizean. Mugimendu horrek 1978tik gaur egunera arte kolektibo horrek izan dituen mugarri garrantzitsuenak biltzen ditu.
Ondorengo estekan eskura dezakegun denboraren lerroaren bitartez, LGTBI+ mugimenduak Foru Komunitatean izandako tokiko nahiz estatuko 70 mugarri eta lorpen historiko baino gehiago bildu dira, argazkiak, kartelak eta eranskailuak bezalako dokumentu grafikoez gain.
Remirez lehendakariordeak ondare inmaterial horren sorrera baloratu du; izan ere, “memoria kolektiboa itzultzea bultzatzen du, eta hori bereziki beharrezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko LGTBI+ mugimendu aktibistaren kasuan; mugimendu hori gizarte batean araua apurtzera ausartu ziren pertsonek osatzen zuten, kolektibo horretako pertsonen aurkako diskriminazioan eta indarkerian oinarritutako zapalkuntza-eskemak oraindik ere sakon ezarrita zeuden garaian”.
“Mugimendu horretan parte hartu zuten eta haien askatasun eta eskubideak lortzeko ausardiaz borrokatu zuten zenbait erreferenteren testigantzak berreskuratzea eta biltzea mugarri garrantzitsua da dokumentuen eta ondarearen aldetik”, adierazi du.
Metodologia antropologikoa
Memoria hau egiteko lana Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (NABI) agindu zion Labrit Patrimoniori; hau da, Kultur Ondarea zaintzea helburu duen diziplina anitzeko taldeari. Remirez lehendakariordearekin izan dira prentsaurrekoan LGTBI+ Berdintasuneko zuzendariordea, Julen Eneriz, eta Labriteko proiektuaren arduraduna, Beatriz Gallego.
LGTBI+ Berdintasuneko Eneriz zuzendariordeak nabarmendu du garrantzitsua dela “hartutako eskubideak finkatzea eta arlo horretan inola ere atzera ez egitea, egun sexu- eta genero-aniztasunean askatasun handiagoa eduki ahal izateko bere garaian borrokan aritu ziren pertsona guztiekiko errespetuarengatik baina, baita ere, ondorengo belaunaldiek askatasun bera izan dezaten”.
Proiektu honen helburua atzera begirakoan genealogia bat eratzea zen, gaur egunera iristen dena, eta mugimenduaren jatorriak eta garai hartako testuinguru soziopolitikoko lehen aldarrikapenak zeintzuk izan ziren kontatzea, mugimenduaren historia babestu eta zaintzearren.
Labrit Ondarearen Beatriz Gallego arduradunak azaldu du “izaera genealogikoko proiektu bat izateak, memoria-ariketa izateaz gain, pertsona horiek lehengoratzeko eta errekonozitzeko izaera ere badu, kolektibo horietan militantzian aritu zirenetik gizarte askeagoa sortzen lagundu baitute”.
LGTBI+ genealogiak ondorengo alderdiak biltzen ditu: zeintzuk ziren mugimendu horretako militanteen eta jarraitzaileen ezaugarriak, zer-nolako ekintzak eta non eta noiz garatzen zituzten, zeintzuk izan ziren beste mugimendu sozialekiko interakzioak, zein den konkistatutako eremuen gainean eta oraindik lortzeko dauden erronken inguruan egiten duten irakurketa, ibilbide horretan zeintzuk izan diren eta diren erreferenteak, e.a.
300 iturri dokumental eta ahozko iturri baino gehiago
Proiektua 2021eko apirilean jarri zuten abian, analisi-esparrua prestatuta. Ondoren, ahozko iturriak biltzeko fasea burutu zen, elkarrizketa sakonen bitartez.
Testigantzak jasotzeko pertsonak hautatzeko irizpideak ziren ahalik eta kolektibo kopuru handiena ordezkatzea LGTBI+ mugimenduaren barnean, belaunaldi desberdinetakoak izatea eta Nafarroa osoko pertsonak ordezkatuta egotea.
Azkenik, horren eta disponibilitatearen arabera, lekukotza emateko ondorengo hamar pertsona hautatu ziren: Ivan Garde, Nora Gomez, Alizia Izal, Txaro Berzosa, Xabi Sanchez, Iris Dominguez, Raul Lopez, Ana Jaka, Marco Perez eta Nines Garcia.
Horrekin batera, NABIk bide bat prestatu zuen herritarren dokumentazioa jasotzeko, eta, horrela, guztira, partikularren, kolektiboen eta Nafarroako Artxibo Garaikidearen 325 dokumentu bildu ziren. Zehazki, honako hauek izan ziren: 169 argazki, 53 kartel, prentsako 45 albiste, 28 dossier eta adierazpen, 28 panfleto, triptiko, programak, e.a., eta 2 audio.
Azkenik, material osoa web gunean jarri zen, diseinu bisual erraz eta intuitiboko ingurunean, protagonismoa testigantzek izanik. Denboraren lerroa beste lau fitxak osatzen dute (‘Testigantzak’, ‘Dokumentazioa’, ‘Historia’ eta ‘Galeria’), edukiak zabaltzeko eta ordenatzeko aukera eta guzti.
Proiektua, bere formatua medio, etorkizunean osatzen joan daiteke, lekukotza, kolektibo eta material berriak sartuz.