Descárgate la app
Asturias eta Vianako printze-printzesak 2011ko Vianako Printzea Sariak banatzeko ekitaldiaren buru izan dira Baluarten
2011ko maiatzaren 31a
Asturias eta Vianako printze-printzesak 2011ko Vianako Printzea Sariak banatzeko ekitaldiaren buru izan dira Baluarten
Felipe eta Letizia Asturias eta Vianako printze-printzesa berorren gorentasunak Kulturaren, Elkartasunaren eta Mendekotasunaren 2011ko Vianako Printzea Nafarroako Nazioarteko Sariak banatu diren ekitaldiaren buru izan dira gaur arratsaldean, Baluarte Nafarroako Batzar Jauregi eta Auditorioan. Sarituak, hurrenez hurren, Faustino Menéndez Pidal heraldista, Manuel Elkin Patarroyo zientzialaria eta Iriscom enpresa izan dira.
Printze-printzesak 18:00ak aldera iritsi dira Baluartera, eta, han, Miguel Sanz Sesma Nafarroako Lehendakariak, Ramón Jauregui Espainiako Presidentetza ministroak eta Foru Erkidegoko agintari nagusiek, hau da, Elena Torres Nafarroako Parlamentuko presidenteak, Elma Saiz Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak eta Yolanda Barcina Iruñeko alkateak, agurtu dituzte. Ondoren, Felipe jaunak eta Letizia andreak Vianako Printzea Sarien epaimahaietako buruen agurrak jaso dituzte, hots, Jürgen Unterman (kultura), Miguel Induráin (elkartasuna) eta Luis Rojas Marcosenak (Mendekotasuna).
Juan Ramón Corpas Mauleón Kultura eta Turismo kontseilariak, María Isabel García Malo Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak, Txomin García Euskadiko Kutxako presidenteak eta María Ibáñez Caja Navarra fundazioko presidenteak ere berorren gorentasunak agurtu dituzte.
Kulturaren Vianako Printzea Saria, eman duten lehenengoa, Faustino Menéndez Pidal heraldistarentzat izan da, egin duen lana azaltzeko jarri duten bideo labur bat ikusi ondoren. Felipe printzearen eskutik saria jaso eta gero, eskerrak emateko hitz batzuk esan ditu Menéndez Pidalek.
Jarraian, Elkartasunaren Vianako Printzea Saria eman diote Manuel Elkin Pararroyo zientzialariari, egin duen lanari buruzko bideo bat ikusi ostean. Patarroyok ere labur eskertu ditu ekitaldira joan direnak.
Ekitaldia amaitzeko, musika tarte bat izan dute eta, ondoren, Felipe jauna berorren gorentasunak hitz batzuk eskaini dizkie sarituei.
Ekitaldiaren amaieran, berorren gorentasunek argazki bat egin dute sarituekin eta Baluarteko areto nagusitik atera dira.
Gero, gonbidatuekin pribatuan hitz egin eta taldeko argazkia egin dute lehen solairuan dagoen barruko terrazan sarituekin, agintari nagusiekin, epaimahaikideekin eta erakunde babeskeetako ordezkariekin. Jarraian, berorren gorentasunak erakusketa aretora sartu dira, eta, han, gonbidatuen taldearekin batera janaurrekoa egin eta haiekin hitz egin dute.
Gaueko bederatziak aldera, berorren gorentasunek Nafarroako Lehendakaria agurtu eta handik joango dira.