Descárgate la app
Udal-esparruko euskararen erabilera eta sustapenerako laguntzak lehia publikoaren bidez emango dira
2012ko maiatzaren 23a
Udal-esparruko euskararen erabilera eta sustapenerako laguntzak lehia publikoaren bidez emango dira
Nafarroako Gobernuak gaurko bilkuran onartu du udal-esparruko euskararen erabilera eta sustapenerako laguntza-sistemak aldatzen dituen foru-dekretua. Foru-dekretu horren kudeaketa deialdi publiko baten bidez ezartzen da, eta bertan interesa duten tokiko erakunde guztiek parte hartu ahal izango dute.
Oinarriak laster argitaratuko dituela aurreikusten du Euskarabideak, eta deialdi horietarako, 132.750 euroko aurrekontua du.
Foru-dekretu berriak 1998koa indargabetzen du, lankidetza-hitzarmenen bidez tokiko erakundeei emandako laguntzak ematea arautzen duena, eta Diru-laguntzen Foru Legeak egindako aldaketetara egokitzen da.
Arrazoien azalpenaren arabera, deialdi publikoaren bidezko laguntza-kudeaketak "interesa duten tokiko erakunde guztien publizitatea eta lehia" bermatuko ditu. "Araudi berri hau, gainera, bereziki aproposa da, prozedura sinplifikatzen baitu, era horretan gardentasunaren helburuetan aurrera eginez", jasotzen da, baita ere, dekretuan.
Laguntzak ekonomikoak edo tekniko nahiz antolaketa mailakoak izan daitezke, Euskarabidearen laguntza teknikoa eta aholkularitza eskatzeko aukera baitago sustapen-planak egiteko edo administrazio-jarduera indarrean dagoen hizkuntza araudiari egokitzeko. Gobernuak udal-esparruko laguntza emango die: euskararen erabileraren sustapenari lotutako jarduerei; tokiko erakundearen zerbitzura dauden langileen eta bertako korporatiboen prestakuntzari; eta foru-administrazioaren nahiz tokiko erakundeen artean adostu daitezkeen euskararen erabilera eta sustapenari lotutako beste jarduerei
Laguntza ekonomikoak urtean behingo deialdi batekin emango dira, aurrekontuen foru-legean esleitutako kopuruan. Foru-dekretuak Nafarroako Euskararen Kontseiluaren nahiz Tokiko Erregimeneko Foru Batzordearen aldeko txostena jaso du.