Descárgate la app
Lehendakariak nabarmendu du garrantzitsua dela haurren iritziak eta parte-hartzea kontuan izatea legeak eta politika publikoak egiteko
2022ko martxoaren 5a
Lehendakariak nabarmendu du garrantzitsua dela haurren iritziak eta parte-hartzea kontuan izatea legeak eta politika publikoak egiteko
Nafarroako Lehendakari Maria Chivitek gaur goizean inauguratu du Nafarroako haur eta nerabeek parte hartzeko udal-organoen I. Topaketa. Ekitaldi horretan, haurrek eta nerabeek dagokien guztian parte hartzeko duten eskubidea gauzatzen laguntzeko oinarriak finkatu nahi dira.
Baluarte Biltzar Jauregi eta Auditorioan egin da, eta Foru Komunitatean parte hartzeko dauden bost udal-organoetako 8 eta 14 urte arteko 50 haur inguru bildu dira (Castejon, Cintruenigo, Mendavia, Iruña eta Zizur Nagusia); hain zuzen ere, parlamentarioekin batera aritu dira ingurumenarekin loturiko lan-mahaiak lantzen, ingurumena topaketaren gai nagusia izanik.
Topaketaren helburuetariko bat gune partekatu bat sortzea zen, parte hartzeko udal-organo ezberdinetako kideak, orain arte ezagutzeko aukerarik izan ez dutenak, biltzearren.
Lehendakariak nabarmendu du guztiok, haurrak eta nerabeak barne, “gizartearen kide garela”, eta, beraz, denek ahotsa izan behar dutela. Haurrek eskubidea dute haien iritziak “kontuan hartzeko eta legeak egiteko, erabakiak hartzeko edo politika publikoak egiteko aukera ematen duten parte-hartze prozesuetan sartzeko”. “Guztiok gara bizitzaren abentura honen parte; hori dela-eta, hitz egin behar dugu, elkarri entzun eta, elkarrekin, erabakiak hartu eta proiektuak eraiki”, gogoratu du Chivitek.
Era berean, Chivitek adierazi du ingurumena “kezkatzen eta okupatzen gaituen gai nuklearra dela” eta haurrek oinordetzan jasoko dutela. “Horregatik, garrantzitsua da zuek ekarpenak egitea, zuen ikuspegia eta ideiak adieraztea planeta eta ingurunea zaintzeko”, adierazi du.
Ingurumena, jardunaldiaren gai nagusia
Ekitaldia Trokolo antzerki-taldeak gidatu eta girotu du. Ekitaldiaren irekieran, Chivite Lehendakariak hartu du parte, Joseba Asiainekin, Lehendakaritza eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiarekin, eta Mikel Aguirre Errearekin, UNICEFen Nafarroako Batzordeko lehendakariarekin, batera.
Jardunaldian, dinamika nagusi moduan, elkarrizketa-mahai batzuk antolatu dira, eta horietan haurrak eta Nafarroako parlamentarioak elkartu dira, ingurumenaren inguruko hausnarketa egiteko. Gai horri buruzko ekarpenak batera jaso dituzte, eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumeneko Departamentuari helaraziko zaizkio. UNICEFen lankidetzaren bitartez, ondorioak haurren eta nerabeen partaidetza-organoen estatuko eta Europako Topaketetarako bilduko dira, plataforma digitalera igotzearekin batera Europaren etorkizunari buruzko Konferentziaren esparruan, “EUROPE DIRECT NAVARRA / NAFARROA” Europako leihatila bakarrean.
Ondoren, logo bat aukeratzeari ekin diote, haur eta nerabeek parte hartzeko organoen Sarearen etorkizuneko topaketen nortasun-ikur gisa. Logoa udalerri bakoitzean aurrez landu da. Ondorioz, hiru proposamen aurkeztu dira, eta bozketa egin dute.
Azkenik, jardunaldiari buruzko ondorioak azaldu dituzte, eta Lehendakaritza eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak itxi du.
Haurren eta nerabeen partaidetza-organoak
Gaur egun, Nafarroan, haurrek eta nerabeek parte hartzeko bost udal-organo daude: Castejon, Cintruenigo, Mendavia, Iruña eta Zizur Nagusia. Organo horiek 2019an sortu ziren, Nafarroako Gobernuak aipatu udaletako teknikari politikoei laguntzeko eta prestatzeko prozesu bat egin ondoren; Iruñeak modu independentean egin zuen lan hori. Zizur Nagusiak akonpainamenduan parte hartu zuen, baina parte hartzeko organo bat jada bazuen 1996az geroztik.
Gaur egun, Nafarroako beste sei udalerri prestakuntza eta laguntza jasotzen ari dira datozen hilabeteetan kontseilu horiek eratzeko.
Haur eta nerabeen kontseilua herritarrek parte hartzeko organo bat da, eta, udalerria hobetzeko eta eraldatzeko lan egiten duenez, organo politiko bat da, eta horren bitartez udalak hitza ematen die haur guztiei, eragiten dieten gaietan iritzia emateko.