2022ko apirilaren 19a

Chivite Lehendakariak Iruñerrian bizikletentzako hamar azpiegitura eraikiko dituela iragarri du

Conor Sports enpresaren instalazioak bisitatu ditu eta bertan Ikastaro berritzaile bat eginen da,  batez ere langabezian dauden pertsonak bizikletak eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak konpontzen eta mantentzen trebatzeko
Irudi galeria

Maria Chivite Nafarroako Lehendakariak  iragarri du datozen urteetan hamar bat bizikleta azpiegitura eraikiko dituztela Iruñerrian eta  Europako Next Generation funtsetatik  datozen 11 milioi euroko inbertsioa egin beharko da. Aurreikusitako jarduketa guztien artean, honako hauek nabarmentzen dira: Burlata eta Iruña Belosoko aldapatik lotuko dituen bidegorri berri bat; Olloki, Uharte eta Atarrabia lotuko dituen bizikleta-bide berri bat; Iruñea eta Sarriguren Nafarroako Erresuma etorbidetik lotuko dituen bizikleta-azpiegitura berri bat, eta Sarriguren eta Berrikuntzaren Hiria lotuko dituen bidegorri berri bat Iruñetik Landaben industrialderaino.

Lehendakariak horrela iragarri du Eguesibarren dagoen Conor Sports enpresaren instalazioak bisitatu dituenean; enpresa bizikletak fabrikatzen espezializatua da, eta bertan egingo da Foru Exekutiboak antolatutako lehen ikastaroa, batez ere langabeak trebatzeko bizikletak eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak konpontzen eta horien mantentze-lanak egiten.

Prestakuntza-proiektua hau garatuko da kualifikazio egokiko profesionalak trebatzeko dagoen beharrari erantzutearren. Premia hori ikusi da Lurralde Kohesiorako Departamentuak bizikleta eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen arloko enpresen artean analisi bat egin ondoren, mugikortasun iraunkorra sustatzera bideratutako ekintzak bultzatzearren.

Ildo horretan, Lehendakariak azpimarratu du Foru Gobernua ahalegin handia egiten ari dela bizikleta alderako aldaketa bultzatzeko, garraiobide ohiko, iraunkor eta osasungarri moduan, azpiegituretan, erabiltzaileen segurtasunean eta legerian hobekuntzak eginez. “Mugikortasunaren aldetik neurri berritzaileak planteatzeko eremua oso zabala da. Urrutira joan gabe, bizikleten elektrifikazioak bi zentzutan demokratizatuko du bizikletaren erabilera: alde batetik, adin eta baldintza fisiko guztietako pertsonek zailtasunik gabe erabiltzeko aukera izatea, eta, bestetik, distantzia handiagoak edo desnibel geografiko handiak gainditzen dituzten konexio berriak ezartzea”, ziurtatu du Chivitek.

Bisitan, Lehendakariarekin batera honako hauek izan dira: Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza; Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko zuzendari nagusia, Berta Miranda; eta Nafarroako Enplegu Zerbitzua-Nafar Lansareko zuzendari kudeatzailea, Miriam Martón. Conor Sports enpresatik, Javier Orbaiceta enpresako CEOak, Aranza Maquirriain Giza Baliabide eta Kalitateko zuzendariak eta Pruden Indurain zuzendari komertzialak hartu dute parte bisitan.

Ikastaro bereziki praktikoa

Ikastaro dinamikoa, interaktiboa eta bereziki praktikoa izango da, eta bizikletak eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailu ohikoenak berrikusteko eta mantentzeko eragiketak landuko dira, mugikortasun elektrikoko azken joerak sakontzearekin batera. Gainera, espezifikoki jorratuko dira denda-tailerreko kudeaketa- eta ekintzailetza-eragiketak; hala nola, bezeroak artatzea, digitalizazioa, talde-lana eta enpresa-jarduera baten joera berriak eta oinarrizko ezagutzak.

Prestakuntzaren helburua da sektore horretako enpresetan lan egin nahi duten langabeak espezializatzea eta trebatzea, bai dendan edo tailer tradizionalean, bai ekintzailetza berritzaileko beste ekimen batzuetan. Hala ere, ikastaroan parte har dezakete pertsona landunek, beren gaitasunak hobetu edo etorkizunean arlo horretan garatzeko edo ekiteko interesa badute.

Prestakuntzan parte hartzen duten langabeek lanekoak ez diren praktikak egin ahal izango dituzte sektoreko enpresetan. Halaber, garraio, desgaitasun edo familia-kontziliazioko bekak eskuratu ahal izango dituzte, betiere horiek eskuratzeko baldintzak betetzen badituzte.

Ekimena lankidetza publiko-pribatuari esker sortu da, eta 2030 Agenda eta garapen iraunkorreko helburuak betetzen laguntzen du, hazten ari den sektore batean kokatzeaz gain, mugarri garrantzitsua baita mugikortasun iraunkorragoa lortzeko eraldaketan.

Prestakuntzan 15 lagunek hartuko dute parte, eta apirilaren 25etik ekainaren 30era bitartean egingo da, astelehenetik ostegunera, 16:00etatik 19:30era bitartean; guztira 140 orduko ikastaroa izango da. Conor Sports, Oraintxe, Iruziclo eta Eko Movilidad enpresetako sektoreko profesionalek emango dute. Lehen edizioaren deialdiak arrakasta izan duela ikusita (plazak egun bakar batean agortu baitziren), Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Zuzendaritza Nagusia nahiz Nafarroako Enplegu Zerbitzua hurrengo edizioak antolatzen ari dira.

Mugikortasun iraunkorra sustatzea

Gogoratu behar da Lurralde Kohesiorako Departamentua, Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, ekintza ugari burutzen ari dela mugikortasun iraunkorra sustatzearren.

Horietako lerro bat Nafarroako bizikleta-azpiegiturak hobetzen oinarritzen da. Era horretan, hobekuntza-lanak egiten ari dira hainbat bizikleta-bidetan. Eraikitzeko lanen artean, nabarmentzekoa da Tutera Fontellasekin lotuko duen 3 kilometrotik gorako bizikleta-erreia; gainera, kirol eta aisia jarduera asko gehitu denez inguru horretan, zerbitzua eman ahal izango zaie oinez nahiz bizikletaz zirkulatzen duten pertsona askori. Bestalde, Lesakan, bizikleta-bide bat eraikitzen ari dira, kilometro batetik gorako luzerakoa, herriaren eta Europako Eurovelo bizikleta-bideen sarearen artean.

Jada burututako jarduerei dagokienez, aipatzekoa da Beasoain-Egillor kontzejua, Ollo haranean, eta Asiain, Oltza Zendean, lotzen dituen bizikleta eta oinezkoentzako ibilbidea, 2,3 kilometroko luzerakoa; horri esker, kontzejuko 120 biztanlek autobus-zerbitzu publikora jo ahal izango dute Asiain bidez. Era berean, Metauten eta Zuñigan hiriarteko bizikleta-bide bat egin da, eta bi herriak Vasco-Navarro Trenbideko bide berdeko hogeita hamar bat udalerrirekin lotzeko aukera eskaintzen du.

Bizikleta-arloan jarduera berriak sustatzearren, Lurralde Kohesiorako Departamentuak 1,8 milioi euroko laguntza-deialdi bat egin du, toki-erakundeei zuzendua, Nafarroako herriak eta herrietako leku interesgarriak lotzeko bizikleta-azpiegiturak eraikitzeko, tartean poligonoak, ikastetxeak, e.a.

Nafarroako Gobernuak, gainera, bizikletaren erabilera bultzatzeko, batetik, %35era bitarteko kenkari fiskalak eskaini ditu bizikleta elektrikoak erosteko eta, bestetik, konpontzeko eta mantentze-lanak egiteko bi laguntza-deialdi, 150.000 euroko inbertsioarekin. Laster, programa honen hirugarren deialdia egingo da, erabiltzen ez diren bizikletei bizia emateko.

Horrez gain, Exekutiboak tresna berritzaile bat argitaratu berri du; hau da, Nafarroan lehen aldiz 700 kilometroko bizikleta-errei, bidegorri eta ibilbide jasotzen dituena, bizikletentzako aparkalekuen edo seinaleztapenen kokapen eta guzti, beste datu batzuen artean. Bizikleta Mugikortasuneko Informazio Geografikoko Sistema (IGS) honen helburu nagusiak dira bizikleta-mugikortasuna bultzatzea eta bizikleta-azpiegituren diseinua eta mantentzea erraztea.

Azkenik, nabarmentzekoa da Nafarroako Mugikortasun Aktiboaren 2022-2030 Plan Zuzentzailea (PDMAN); izan ere, 1.700 kilometrotik gorako 31 bizikleta-ibilbideko sare bat garatzea aurreikusten du, Foru Komunitateko lurralderako irisgarritasuna hobetzea eta motorizatu gabeko garraioen erabilera sustatzea, bai eguneroko joan-etorrietan, bai aisialdiko eta kiroleko arloetan, ibilgailu motordun partikularretatik aldatzea bultzatuz. Era berean, bizikleta bidezko mugikortasuna azpimarratzen du, oinezkoak aliatutzat hartuta, sinergiak aprobetxatuz eta bien arteko bizikidetza oinarrizko premisatzat hartuz.

Conor Sports, bizikletak eta MPIak mantentzeko ikastaroaren egoitza

Conor Sports SA enpresa Eguesibarren dago, eta Conor eta WRC bizikletak fabrikatzen eta komertzializatzen aritzen da, bizikletaren osagarriak eta osagaiak saltzearekin batera. 1990ean jarri zen abian, eta, gaur egun, 23 langile ditu.

Gizarteari produktuak eskaintzen oinarritzen da, mugikortasun iraunkorra eta berritzailea sustatzeko eta pertsonen osasuna hobetzeko, kirola praktikatzea sustatuz, erantzukizun zibileko bost ardatz kontuan hartuta: pertsonak osasuna, kirola, gizartea eta ingurumena eta mugikortasuna.

Enpresaren instalazioetan egingo dira ikastaroaren saio praktikoak, batez ere langabeak trebatzeko bizikletak eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak konpontzeko eta mantentzeko lanetan.