Descárgate la app
Gripearen eraginak egonkor jarraitzen du, eta azken astean 1.087 kasu berri izan dira
2016ko martxoaren 15a
Gripearen eraginak egonkor jarraitzen du, eta azken astean 1.087 kasu berri izan dira
Gripearen eraginak egonkor jarraitu du Nafarroan azken astean, bereziki kasu-kopurua areagotu egin delako 5 eta 14 urte arteko ikasleen artean eta Tutera aldeko biztanleen artean, oro har.
Zehazki, azken egunotan 1.087 paziente diagnostikatu dira gripe-sindromearekin, hau da, 172,2ko tasa 100.000 biztanleko, iragan astearen antzera (165,6).
Hala, aurreko asteotan izandako jaitsiera moteldu da. Aldaketa horren arrazoiak honako hauek dira:
- Nafarroako iparraldean eta erdialdean gripea aurreratuta izan zuten Erriberarekin eta beste autonomia erkidego batzuekin alderatuz. Hasiera batean kalte gutxien izan zuten zonaldetan pairatzen ari dira orain, ordea, gripearen goraldia.
- Gripearen jaitsiera inauterietan eskola-jarduera gutxitu izanaren ondorioz bizkortu zen agian. Eskolara bueltatu izanak, berriz, azal dezake ikasleen artean gripeak izandako beste goraldi bat.
- Azken asteotan hotza eta prezipitazioak areagotu dira, eta horrek gaixotasuna kutsatzen laguntzen du.
- Otsaileko gripearen goraldia A birusagatik gertatu zen, batez ere; goraldi horren bigarren zatian, berriz, B gripe nagusitzen ari da.
Denboraldi honetan, 332 ospitaleratze izan dira gripeagatik, haietatik 25 zainketa intentsiboetako unitateetan, eta 14 hil egin dira.