Descárgate la app
Itziar Gómez kontseilariak Ingurumenaren Zaindariak lehiaketaren sariak banatu dizkie Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasle eta irakasleei
2022ko otsailaren 8a
Itziar Gómez kontseilariak Ingurumenaren Zaindariak lehiaketaren sariak banatu dizkie Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasle eta irakasleei
Itziar Gómez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei, gaur goizean, eman dizkie, Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan, Ingurumenaren Sentsibilizaziorako "Ingurumenaren Zaindariak" I. Kartel Lehiaketako eta V. Mikrobideo Lehiaketako sariak. Sari-banaketan, kontseilariarekin batera Hezkuntza zuzendari nagusi Gil Sevillano izan da.
Deialdia Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak sustatzen du, eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eta DBHko ikasleei zuzenduta daude 2021-2022 ikasturterako, ingurumenerako irteeretan jardunbide egokiak sustatzeko helburuarekin.
Ildo horretan, Itziar Gomez kontseilariak gazteengan ingurumenaren hezkuntzak duen garrantzia aipatu du: “Garrantzitsua da zuek, etorkizuneko belaunaldiek, ingurumenak duen balioa dimentsio osoan onartzeko sentsibilitatea eta errespetatzeko beharra izatea; larrialdia ere funtsezkoa da. Gure nahia da lan hauekin naturarekiko erakutsi duzuen sentsibilitatea eta maitasuna zuengan finkatzea eta karteletan eta mikrobideoetan ederki asko jasota geratu den begirada hori ez galtzea”.
Bestalde, Gil Sevillano Hezkuntzako zuzendari nagusiak nabarmendu du garapen iraunkorreko helburuak direla ingurunea zaintzea, biodibertsitatea kontserbatzea eta bizitza-estilo iraunkorra eta ekosozialki arduratsua izatea, eta kontzeptu horiek argi eta garbi herritarren gaitasunarekin lotzen direla. Oinarrizko 8 gaitasun horietako bat prestakuntza-prozesuan jaso behar da. Helburu horiek XXI. mendeko erronka orokorrei arrakastaz aurre egiteko aukera ematen dute.
“Txangoan, ez dut arrastorik ere uzten” lelopean, guztira 38 lan aurkeztu dituzte lehiaketaren kategoria ezberdinetan, Nafarroa osoan banatutako 10 ikastetxek. Guztira 76 ikaslek eta 13 irakaslek hartu dute parte. Puntuazio handieneko kartelak erabilita, Departamentuak 2022rako egutegia egin du, eta helbide honetan eskura daiteke: Ingurumeneko lehiaketak eta sariak - navarra.es.
Sarituak
Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako kategorian, kartelik onena Monteagudoko Honorio Galilea HLHIko ikasleek egin dute; hots, Celia Oderiz Cruz eta Leyre Grijalvo Bellosok. Kategoria horretan, kartel multzo onenaren saria, berriz, Los Arcosko Santa Maria HLHIP ikastetxeko Patricia Lekunberri irakaslearentzat izan da.
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako kategorian, kartelik onenaren saria Mikel Adot Yaniz eta Candela Berrot Uribarrirentzat izan da, Otxagabiako HLHIPeko ikastetxekoentzat. Irabia – Izaga ikastetxeko Thalia Pascual Aguirre irakasleak irabazi du Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako kategoriako kartel multzo onenaren saria.
DBHko ikasleentzako “Ingurumenaren zaindariak” mikrobideoen V. lehiaketan, Iruñeko FEC Vedruna ikastetxeko Paula Carro Castiellak eta Eva Lizarrondo Goñik aurkeztutako lanak jaso du saria, eta mikrobideo multzo onenaren saria, berriz, Nerea Ugalde Ustarroz eta Elena Gimenez Guerrero irakasleentzat izan da, baita ere Iruñeko FEC Vedruna ikastetxekoak.