Descárgate la app
García Malo kontseilariak Malirako bidaia hasi du, Nafarroako Gobernuak finantzatutako garapenerako lankidetzako sei proiektu bisitatzeko asmoarekin
2008ko urtarrilaren 28a
García Malo kontseilariak Malirako bidaia hasi du, Nafarroako Gobernuak finantzatutako garapenerako lankidetzako sei proiektu bisitatzeko asmoarekin
Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo, bisitan da Malin joan zen larunbatetik, urtarrilaren 26az geroztik, Nafarroako Gobernuak 1,3 milioi eurorekin finantzatutako garapenerako nazioarteko lankidetzako sei proiektu bertatik bertara ezagutzeko asmoz; Foru Komunitatean egoitza duten garapenerako gobernuz kanpoko zenbait erakundek Afrikako herrialde horretan sustatutako proiektuak dira.
Larunbata goizean bertan, García Malo kontseilaria Espainiako Gobernuko Kanpo Aferetako eta Lankidetzako ministro Miguel Angel Moratinosekin bildu eta biek batera parte hartu zuten Espainiako Enbaxada inauguratzeko ekitaldian eta Espainiaren eta Maliren arteko Lankidetzarako I. Batzorde Mistoaren aktaren sinaduran. Moratinos ministroak eta Maliko Kanpo Aferetako eta Lankidetzako ministro Moctar Ouanek izenpetu zuten agiri horretan, bi aldeen arteko harremanak ezarri eta bi herrialdeek elkarrekin izanen dituzten jarduketa helburuak zehazten dira. Ekitaldian Espainiak Malin duen enbaxadoreak ere parte hartu zuen, Marta Betanzosek.
Espainiako enbaxada inauguratzeko ekitaldiaz baliatuz, García Malo kontseilaria Malin lanean diren Foru Komunitateko kooperanteekin eta Nafarroako Gobernuak finantzaturiko proiektuen arduradunekin bildu zen.
Zehazki, bilkura horretan parte hartu zuten Jesús Martínezek, Padres Blancos kongregaziokoak; Mª Angeles García ahizpak, Ségouko lehen zikloko Erizaintza Eskolako zuzendariak; Blanca Beorlegui erizain nafarrak, Médicus Mundi Nafarroako kooperante eta Erizaintza Eskolako irakasle denak; eta Bernarda Garcíak, ahizpa salestarrak, Naimanako neska eta emakume gazteen harrera etxeko arduradunak. Topaketan izan ziren halaber Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusia, Marta Álvarez Alonso; Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Zerbitzuko zuzendaria, Andrés Carbonero Martínez, eta Juan Ignacio San Miguel Pascual, "Fundación Acción contra el Hambre" GGKEkoa, Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseiluko kide dena.