Descárgate la app
Beaumont kontseilariak udalei lantalde bat proposatu die udaltzainen legea prestatzeko
2016ko martxoaren 15a
Beaumont kontseilariak udalei lantalde bat proposatu die udaltzainen legea prestatzeko
Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilari Mª Jose Beaumontek Udaltzaingoa duten Nafarroako 21 udalerriei lantalde bat sortzea proposatu die, polizia horiek arautuko dituen etorkizuneko foru legea prestatzeko garaian parte har dezaten.
Hala helarazi die Tafallako kultur etxean bildu den toki-erakunde horietako berrogeita hamar bat ordezkariei. Bilera horretan honako hauek ere parte hartu dute: Barneko zuzendari nagusi Agustin Gastaminza; Foruzaingoaren buru Torcuato Muñoz; Departamentuko idazkari nagusi tekniko Olga Artozqui eta Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioko lehendakari Pablo Azcona.
Udaltzaingoa duten Nafarroako udalerriak dira: Altsasu, Antsoain, Barañain, Baztan, Berriozar, Burlata, Castejon, Cintruenigo, Corella, Lizarra, Milagro, Noain, Iruña, Azkoien, San Adrian, Zangoza, Tafalla, Tutera, Eguesibar, Atarrabia eta Zizur Nagusia.
Gogora ekarri behar da, Udaltzaingoa arautzeko foru-lege baten proiektu baten lanketa indarrean dagoen Nafarroako Polizien Foru Legean jasota dagoela.
Aztertutako beste zenbait gai
Bileran beste gai batzuk ere aztertu dira, esaterako: Udaltzaingoko plantillen egoera, beren beharrak eta polizia horien eta Foruzaingoaren arteko elkarrekiko harreman handiagoko eredu baten aldeko apustua egitea, bai eta "bigarren jarduera" izenekoa arautzea ere; haren bidez, adin handieneko agenteak zerbitzu osagarriak egitera pasako ziren, Suhiltzaileen Zerbitzuarekin gertatzen den moduan.
Gainera, Nafarroako Gobernuko ordezkariek Estatuko Administrazio Orokorrak Polizien Foru Legeari jarritako konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoaren berri eman dute, eta polizien lanpostuen balorazio-azterketa zer egoeratan dagoen ere helarazi dute agenteen ordainsarien araubidea nahiz lanaldiak garatzeko.