2022ko azaroaren 14a

Irulegi mendian K.a. I. mendeko brontzezko esku bat aurkitu dute, eta orain arte ezagutzen den euskarazko inskripziorik zaharrena du

Chivite Lehendakariak aurkikuntza aurkeztu du, eta “lehen mailako gertaera historikoa” dela esan du, arkeologiaren aldetik zein hizkuntzaren aldetik
La Presidenta Chivite, en el Palacio de Góngora, donde se ha presentado el 
hallazgo.
camera_alt La Presidenta Chivite, en el Palacio de Góngora, donde se ha presentado el hallazgo.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

“Sorioneku” (zori onekoa) deszifratu ahal izan diren bost hitzetatik lehena da. Dagoeneko “Irulegiko eskua” bezala ezagutzen da. Hain zuzen ere, gorputz-adar horren brontzezko irudi bat da, etxe bateko sarrerako atean zintzilikatzeko diseinatua, etxea babesteko errituzko objektua bezala.

K.a. mendeko lehen heren garaikoa da, eta, antzinatasun hori dela-eta, salbuespenezko aurkikuntza izatera iritsi da; izan ere, orain arte ezagutzen den dokumenturik zaharrena da eta baita euskaraz idatzitako luzeena ere. Beste aurkikuntza batzuekin batera, eskualde horretako antzinako biztanleek idazkera erabiltzen zutela baieztatzen du. Horretarako, signario iberiarraren aldagai espezifiko bat erabiltzen zuten, “Baskoniako signarioa” bezala ezagutzen zena.

Eskua Irulegi herrian (Aranguren Ibarra) burutzen ari diren indusketen esparruan aurkitu dute; bertan, Brontze Aroaren erdi aldetik (K.a. XV-XI mendeak) Burdin Aroaren amaiera aldera arte (K.a. I. mendea) bizi izan ziren. Proiektua Aranguren ibarreko Udalak sustatu du, eta Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza du. Kanpaina Aranzadi Zientzia Elkartea egiten ari da.

Chivite Lehendakariak gidatu du gaur goizean Gongora Jauregian egin duten aurkezpen-ekitaldia. Harekin batera izan dira Rebeca Esnaola, Kultur eta Kirol kontseilaria; Manuel Romero, Aranguren Ibarreko alkatea; eta Jokin Otamendi, Aranzadi Zientzia Elkarteko lehendakaria.

Aurkezpenean zehar, aurkikuntzaren azalpenak eman dituzte Mattin Aiestaran eta Berta Balduz arkeologoek, lehena Irulegiko indusketaren zuzendaria, eta bigarrena Nafarroako Gobernuko zaharberritzailea. Hizkuntzaren aldetik duen garrantziaz, berriz, Joakin Gorrotxategi eta Javier Velaza arduratu dira, lehena paleolinguistikan aditua eta Hizkuntzalaritza Indoeuroparrean katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean, eta bigarrena epigrafian aditua eta Latindar Filologiako katedraduna Bartzelonako Unibertsitatean.

Abenduaren 16an jardunaldi bat egingo da aurkikuntza zehatz-mehatz ezagutzera emateko.

2021eko ekainean aurkitu zuten

“Irulegiko eskua” 2021eko ekainaren 18an aurkitu zuten, aztarnategian induskatutako etxebizitza baten sarreraren ondoan. Baina inskripzioa 2022ko urtarrilaren 18an aurkitu zuten, pieza garbitzeko eta zaharberritzeko lanak egiten hasi zirenean.

Orduz geroztik, arkeologoek, geologoek, zaharberritzaileek, kimikariek, epigrafistek eta hizkuntzalariek osatutako diziplina anitzeko talde bat pieza ikertzen ari da. Berehala metalak kontserbatzeko ganbera batean gordeko da, Ondare Historikoaren Zerbitzuko bulegoetan, eta bertan jarraituko dute ikerketa-lanak egiten. Etorkizunean, Nafarroako Museoan erakutsi ahal izatea espero da, erakusteko kontserbazio- eta segurtasun-neurri egokiak baititu.

Pieza bera brontzezko xafla bat da, eta horren patinak %53,19ko eztainua, %40,87ko kobrea eta %2,16ko beruna ditu, antzinako aleazioetan ohikoa den zerbait. Objektua ebakita dago eskuineko eskuaren forma irudikatzeko, zerbait eskematikoa baina tamaina naturalekoa. Xafla leuna da ahurraren aldean, baina eskugainean azazkalen forma du, eta, hauskortasunagatik, hatz nagiari, bihotzari eta erakusleari dagozkienak gorde gabe daude. Egun neurri hauek ditu: 143,1 mm-ko altuera, 1,09 mm-ko lodiera eta 127,9 mm-ko zabalera. 35,9 g. pisatzen du.

Eskumuturretik gertu dagoen muturraren erdian 6,51 mm-ko diametroko zulaketa bat du, pieza euskarri bigun batean, ziurrenik zurezkoa, iltzatzean sortua, zulaketan urradura-aztarnarik ez izateak zintzilikatuta ez baizik eta iltzatuta egon zela adierazten baitu.

Aurkitutako lekua eta dituen morfologia eta dekorazioa nahiz inskripzioa medio, objektu erritual bat dela baiezta daiteke, etxebizitza baten sarrerako atean zintzilikatzen zena, etxea babeste aldera.

Duela 2.000 urte baino gehiagoko inskripzioa

Inskripzioan bost hitz daude (40 zeinu), lau lerrotan banatuta. Testua idazteko erabilitako alfabetoa iberiar semisilabarioen familiakoa da. Baina ezaugarri batzuk medio, baskoien lurraldeko azpisistema espezifiko gisa kataloga daiteke, horien artean T zeinuaren erabilera, beste azpisistema batzuetan ageri ez dena.

Inskripzioaren latinezko alfabetorako translazioa honako hau da:

sorioneku · {n}

tenekebeekiŕateŕe[n]

oTiŕtan · eseakaŕi

eŕaukon ·

Nabarmena da lehen hitzaren –sorioneku- eta zorioneko euskal hitzaren (zori onekoa, adur onekoa) arteko antza. Gainerako inskripzioa ezin izan da orain arte deszifratu.

Ondorioz, “Irulegiko eskuak” berrikuntza esanguratsuak ekarri ditu arkeologiaren eta hizkuntzalaritzaren mundura. Alde batetik, sistema grafiko espezifiko bat zegoela baieztatzen du, iberiar signarioaren aldaera batetik eratorria, “Baskoniako signarioa” deitua. Bestetik, aurkitua izan den eremu geografikoan euskara K.a. I. mendean erabiltzen zela ziurtatzen du; hau da, duela 2.000 urte baino gehiago.

Ikerlarien arabera, orain arte euskaraz ezagutzen zen testu zahar zabalena adierazten du inskripzioak. Inguru horretako txanpon landuen eta beste epigrafe batzuen testigantzekin batera (esleipena eztabaidatua izanik, Andeloko mosaikoa, Arangurengo brontzea eta harriaren gainean egindako Erriberriko inskripzio bat), antzinako baskoiek idazkera erabiltzen zutela erakusten du. Badirudi, orain arte ezagutzen denaren arabera, alfabetizazio-episodio hori nahiko xumea zela, baina Irulegiko piezak testigantza emanda geratu da.

Lekukotza berezia da, halaber, euskarriaren tipologiaren eta morfologiaren aldetik (behatzak beherantz dituela iltzatutako eskua) eta erabilitako inskripzio-teknikarengatik ere (punteatua, esgrafiatu baten ondoren).

Garrantzi bereziko aztarnategia

Objektua Irulegiko mendiaren tontorrean kokatutako herrixkako aztarnategi arkeologikoan aurkitu da, izen bereko gazteluaren oinarrian. Brontze Aro erdi berantiarretik (K.a. XV eta XI. mende artean) K.a. I. mendeko lehen herenera bitarte bizi izandako kokaleku bat da. Garai horretan abandonatu egin zuten erromatar tropek su eman ondoren, Sertoriar gerren esparruan (K.a. 83-73 urteak), Quinto Sertorio eta Lucio Cornelio Sila erromatarren arteko gatazka zibila (bertako biztanleek alde baten alde egin zuten).

Aztarnategia antzinako herrixkaren kanpoaldeko zonan dago. Inguru irekia da 370 m2-ko azalerakoa; bertan, 70 bat m2-ko bi etxebizitza eta 4 metroko zabalerako bide nagusiaren zati bat agertu dira.

Indusketa bereziki garrantzitsua da, garai hartako irudi “izoztua” eskaintzen du-eta. Herrixka erre egin zuten, eta hormak etxebizitzen gainera erori ziren, barruan zegoena lurperatuz, baina baita babestuz ere. Hori dela-eta, zeramika eta eguneroko objektuak kontserbazio-egoera onean aurkitu ahal izan dira.

Ikerketak egiten 2007. urtean hasi ziren, Arangurengo Ibarreko Udalak sustatuta. Aranzadi Zientzia Elkartea lanen arduraduna da. 2017ra bitarte, gazteluaren ondoko eremuan oinarritu ziren. 2018az geroztik, Mattin Aiestaran arkeologoak zuzendutako talde bat herrixkaren ikerketa arkeologikoa egiten ari da.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak Irulegiko Multzoa (Arangurengo Ibarra, Nafarroa) Interes Kulturaleko Ondasun gisa, Zona Arkeologikoa kategoriarekin, aitortzeko espedienteari hasiera emateko izapideak egin ditu.

Iruña aurreko herrixka bat

Irulegi 893 metroko altueran kokatua dago, eta inguruko herrixka gotortuen adibide nabarmenetako bat da. Kokapen geografiko pribilegiatua du, 360 graduko ikuspegiekin Iruñerriaren gainean eta Nafarroako hegoaldea Pirinioetako haranekin lotzen duten pasabideen gainean, eta horrek defentsarako balio garrantzitsua ematen zion.

Gazteluaren oinarrian dagoen kokapen primitiboa, 2,2 hektareakoa, hazten joan zen mendeetan zehar, harik eta K.a. I. mendean 14 ha. izatera iritsi arte, nekazaritzarako eta abeltzaintzarako espazioak barne. Esparrua harresiz inguratuta zegoen. Biztanle-kopurua kalkulatzea zaila bada ere, 100 eta 200 pertsona artean bizi zitezkeela uste da.

Biztanleek bizitzeko eremu altuak aukeratzen zituzten demografiaren hazkundea eta klimaren okertzea (euritsuagoa eta apur bat hotza) medio, baliabideak urritu egiten baitziren eta haiengatik lehiatu behar baitzuten. Ondorioz, proto-hiri egonkorrak agertu ziren, erraz defendatzeko modukoak eta harresituak; bertan, nekazariak eta artzainak bizi ziren, eta, aldi berean, gerlariak ere baziren.

Irulegi, beste bizpahiru kokagunerekin batera, Iruñerriko populazioa egituratzen zuten kokalekuetako bat izan zitekeen, Erroma iritsi eta Ponpeio sortu aurretik (gaur egungo Iruña), K.a. 74 edo 75 urteetan.

Ingurua hainbat mendez hutsik egon ondoren, Irulegiko tontorrean errege-gaztelu bat eraiki zela dokumentatuta dago, XIII. mendearen erdi aldera. Zehazki, 1259an, bertako alkate izendatu zuten Martin Garcia de Eusa. Eraikuntza aurreko defentsa-kokalekuetan egin zen, ziurrenik 924ko kanpaina musulmanean zegoen dorre edo gotorleku baten gainean,

Kokapen estrategikoak paper oso garrantzitsua eman zion erresumaren eta bereziki Iruña hiriburuaren defentsan. 1494an Nafarroako erregeek aginduta suntsitu egin zuten, Gaztelako erresumaren aldekoek erabili ez zezaten.

Gaur egun, oraindik ere gazteluaren oinarria kontserbatzen da.

Lehendakariaren hitzaldia

Chivite Lehendakariak aurkikuntza “lehen mailako gertaera historiko” moduan definitu du, “gure historian eta gure kulturan orain arte genuen ezagutzan beste batzuek ez bezalako jauzia” izateagatik.

Halaber, egin duten lan “zorrotza” nabarmendu du, horrek aurkikuntzaren egiazkotasuna bermatzen baitu. Horregatik, zorionak eman dizkie protagonistak izan diren guztiei: adituei (arkeologoak, historialariak, hizkuntzalariak eta epigrafistak), Aranzadi Zientzia Elkarteari, Aranguren Ibarreko Udalari eta Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuari.

“Zoragarriena da hau hasiera besterik ez dela. Ez dakigu Irulegik zer-nolako altxor gehiago gordetzen dituen”, amaitu du Lehendakariak, eta Nafarroako Gobernuaren lankidetza bermatu du aurkikuntza horiek kontserbatzeko eta zabaltzeko.