Descárgate la app
Gaur eman da ezagutzera kalitate editorialerako José Lázaro Galdiano Edizioaren Saria izen bereko Museoan
2018ko urriaren 9a
Gaur eman da ezagutzera kalitate editorialerako José Lázaro Galdiano Edizioaren Saria izen bereko Museoan
Fulgencio Pimentel argitaletxeak Casa Encendida eta Mayeusis Fundazioarekin batera editaturiko Berio Molinaren Setras, caligrafía sonora liburuak arte liburuaren kategorian eta La Fábrica argitaletxeak plazaraturiko Chema Madoz, obras maestras liburuaren edizio handitu eta berrikusiak bibliofiloaren liburuaren modalitatean, Nafarroako Gobernuak emandako kalitate editorialerako 2018ko José Lázaro Galdiano Edizioaren Saria lortu dute.
Sariak diru kopurua bikoiztu du aurten eta lehendabiziko aldiz bi kategoria ditu (arte liburuak eta bibliofilia), 3.000 euroko sari banarekin, arte liburutzat jo daitezkeenen edizioaren kalitatea aldarrikatzeko eta nazioarteko ospea lortu zuen José Lázaro Galdiano nafar intelektual, editore, bibliofilo eta arte biltzailearen oroimena omentzeko.
Honekin, Saria eman aurreko urtean, edozein hizkuntzatan landutako arte liburuak edo arteari buruzko liburuak argitaratu dituzten editoreen lana eskertu nahi da.
Setras, hitzaurrean argitzen denez, “soinuak kaligrafian duen eraginari buruzko azterlana da, subjektibitatea, fisika, ekintzaren artea eta, batez ere, absurdoa eta elkarketa librea ikuspuntutzat hartuta”.
Chema Madoz, obras maestras liburuak artistaren historia kontatzen du erreproduzitutako 400 artelan baino gehiagoren bitartez, eta 20 aleko argitalpen honetan, kutxatila batean, egilearen jatorrizko argazki baten kopia sinatua ere sartu dute.
Epaimahaiak edizioaren delikadezia eta kalitatea goraipatu ditu bi liburuetan.
José Lázaro Galdiano Edizioaren Saria Nafarroako Gobernuak eratu zuen 2009an, Lázaro Galdiano Museoaren eta José Lázaro Galdiano sortu zen Beire herriko Udaletxearen lankidetzaz. Saria emateko ekitaldia Madrilen egingo da luze gabe.
16 argitaletxe
José Lázaro Galdiano Edizioaren Sariaren edizio honetan, ordain arteko zazpigarrenean, 16 argitaletxe eta 29 liburu aurkeztu dira guztira. Azken hauetan, batez besteko maila oso altua izan da, epaimahaiaren ustetan, eta askotariko testu, formatu eta diseinuen artean, erakusketen katalogoak, arteei buruzko saio-liburuak, hainbat artistari buruzko liburu monografikoak, poesia lanen edizio irudidunak eta antzinako obren faksimilak aurki daitezke.
Hauexek dira, Nafarroako Gobernuko Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari Pello Pellejero Goñi buru, Saria esleitzeaz arduratu diren gainerako epaimahaikideak: Elena Hernando Gonzalo, Lázaro Galdiano Museoko zuzendaria; Juan Antonio Yeves Andrés, Lázaro Galdiano Museoko Liburutegiko burua; Alfonso Meléndez Pérez, tipografoa, eta Matías Múgica Franco de Medinaceli, Nafarroako Gobernuko Argitalepenen Ataleko teknikoa.
José Lázaro Galdiano Edizioaren Saria da argitaletxeen kalitateko lana baloratzea xede duten Estatuko lehiaketa gutxietako bat eta diruzko saria duen bakarra.
Sariaren izena Nafarroako Beire herrian jaiotako José Lázaro Galdiano editore eta bibliofilo apartaren omenezkoa da. Beste hainbat merituren artean, "La España Moderna" izeneko argitaletxea eta aldizkaria sortu eta zuzendu zituen, XIX. mendearen bukaerako eta XX. mendearen hasierako garrantzitsuenak.
ARGAZKI-OINA:
Ezkerretik eskuinera, Juan Antonio Yeves (Lázaro Galdiano Museoko Liburutegiko burua), Alfonso Meléndez (tipografoa), Pello Pellejero (Nafarroako Gobernuko Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendaria), Elena Hernando (Lázaro Galdiano Museoko zuzendaria) eta Matías Múgica (Nafarroako Gobernuko Argitalepenen Ataleko teknikoa).