2022ko martxoaren 1a

Hezkuntza Departamentuak, lehen aldiz, Haur Hezkuntzako etapa osoko irakaskuntzetarako curriculum bat jasotzen duen foru dekretua garatu du

0 eta 6 urte bitarteko hezkuntza-etapa honen proiektuari ekarpenak aurkezteko aukera egongo da gardentasun-atariaren bitartez

Hezkuntza Departamentuak Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako 0 eta 6 urte bitarteko etapako irakaskuntzetarako curriculum bat jasotzen duen foru dekretua egin du, historian lehen aldiz. 

Foru Dekretuaren edukia jendaurrean ikusgai dago Gobernuaren gardentasun-atarian, eta horren aurrean ekarpenak egin daitezke. Hain zuzen ere, “hezkuntza-mugarri bat da”, aurretik inoiz ez baitzen izaera arauemailearekin arautu Haur Hezkuntzako etapa osorako gutxieneko irakaskuntzen antolamendua; era horretan, etapa osoaren edukiak, helburuak, xedeak eta printzipio orokorrak eta pedagogikoak ez ezik, eskolatzearen hasieratik bertatik garatu beharreko funtsezko gaitasunak ere definitzen dira. Horrez gain, arlo bakoitzean, etaparako aurreikusitako gaitasun espezifikoak nahiz ziklo bakoitzerako ezarritako ebaluazio-irizpideak eta oinarrizko jakintzak jasotzen dira.

Foru-dekretua bat dator Hezkuntzaren Lege Organiko berriarekin (LOMLOE), hezkuntza-sistema XXI. mendeko erronketara egokitzearen aldetik, Europar Batasunak eta UNESCOk 2020/2030 hamarkadarako ezarritako helburuen arabera eta haurtzaroko eskubideak benetan betetzeari dagokionean, Haurren Eskubideen gainean Nazio Batuen Konbentzioak ezarritakoari, hezkuntza-inklusioari eta Ikaskuntza Unibertsalaren Diseinuaren printzipioak aplikatzeari jarraiki.

Foru-dekretuaren proiektuaren arabera, ikastetxe publikoek, pribatuek eta hitzartutako pribatuek beren hezkuntza-proiektuan sartu beharko dute bi zikloen (0-3 urte eta 3-6 urte) hezkuntza-izaera jasotzen duen proposamen pedagogikoa, curriculuma garatu eta osatuaz eta haur bakoitzaren ezaugarri pertsonaletara nahiz haien errealitate  sozioedukatibora egokituaz.

Haur Hezkuntza identitate propioa duen hezkuntza-etapa bat da, eta haurrak jaiotzen direnetik sei urtera bitarte artatzen ditu; hiru ikasturteko bi ziklotan antolatzen da bakoitza, eta hiru arlotako hezkuntza-edukiak ditu: harmonian haztea, ingurunea ezagutzea eta ustiatzea eta errealitatea komunikatzea eta irudikatzea. Etaparen helburuen artean honako hauek nabarmentzen dira: garapen integrala eta harmonikoa dimentsio guztietan: fisikoa, emozionala, sexuala, afektiboa, soziala, kognitiboa eta artistikoa; autonomia pertsonala indartzea eta bizikidetzarako balio zibikoetan heztea, besteak beste.

Printzipio orokorrei dagokienean, foru-dekretuan adierazten da Haur Hezkuntza boluntarioa dela eta bigarren zikloa doakoa izango dela. Era berean, Gobernuak eta hezkuntza-administrazioek lan egingo dute lehen zikloa pixkanaka ezartzen joateko, behar besteko eskaintza publikoa eginda, eta doakotasuna zabaltzearen alde egingo dute, pobrezia-arriskuan eta gizarte-bazterketako egoeran dauden ikasleak eta eskolatze-tasa baxuko egoera lehenetsiaz. Horretarako, ekitate- eta inklusio-printzipioak bermatze aldera, ziklo hau programatu, kudeatu eta garatzerakoan, kultur, gizarte eta ekonomia arloetako desberdintasunek haurren ikaskuntzan eta bilakaeran dituzten ondorioak konpentsatzera joko da.

Etaparen printzipio pedagogikoak zehazteko orduan, dekretuaren arabera, ikasteko plazerra sortzera bideratutako praktika bat egingo da, ikasteko esperientzia globalizatuetan eta emozionalki positiboak direnetan nahiz esperimentazioan eta jolasean oinarrituta. Hori guztia afektuzko eta konfiantzazko giroan, auto-estimua eta gizarteratzea sustatzeko eta familia-ingurunetik eskola-ingurunerako trantsizio positiboa errazteko.

Haur Hezkuntzako bi zikloetako alderdi nabarmenak hauek dira: emozioen eta mugimenduaren kudeaketa, gorputza kontrolatzeko ohiturak, komunikazioaren eta hizkuntzaren adierazpenak, bizikidetzarako eta gizarte-harremanetarako jarraibideak, ingurunea eta izaki bizidunak ezagutzea eta balioetan heztea. Halaber, kontsumo arduratsurako eta iraunkorrerako hezkuntza eta osasunaren inguruko sustapena eta hezkuntza sartuko dira.

Modu berean, Lehen Hezkuntzari aurre egiteko ezinbestekoa izan gabe, irakurketarako eta idazketarako lehen hurbilpena egin ahal izango da, edota oinarrizko zenbaki-trebetasunak, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak eta ikusizko eta musikazko adierazpena lantzen goiz hasteko esperientziak jorratu ahal izango dira. Lehen ziklotik, Hezkuntza Departamentuak erregelamendu bidez zehaztutakoaren arabera, atzerriko hizkuntzarako lehen hurbilketa ere egin ahal izango da.

Helburuak eta gaitasunak

Etapako helburu zehatzen artean, besteak beste, honako hauek aipatzen dira: norberaren eta gainerako ikaskideen gorputza ezagutzea eta desberdintasunak errespetatzen ikastea; familia, natura eta gizarte ingurunea aztertzea, haietan Nafarroako berezko ezaugarri batzuk ezagutuz; eta bizikidetzako eta gizarte-harremanetako oinarrizko jarraibideak hartzea eta gatazkak modu baketsuan ebaztea.

Aurrean aipaturiko etapa-arloei dagokienez, foru-dekretuan adierazten da ikastetxeek, Hezkuntza Departamentuak erregelamendu bidez zehaztutakoa kontuan hartuta, eskola-orduko denbora bat eskaini beharko diotela curriculumaren zati bat euskaraz garatzeko, A hizkuntza-ereduaren kasuan, eta gazteleraz, D hizkuntza-ereduari dagokionean. Era berean, ikastetxeek eskola-ordutegiko denbora batean curriculuma atzerriko hizkuntzan garatu ahal izango dute.

Foru-dekretuaren proiektuan ezarritakoaren arabera, etapa osoko funtsezko gaitasun komunak hauek izango dira: hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna, gaitasun eleanitza, gaitasun matematikoa eta zientzia, teknologia eta ingeniaritzarako gaitasuna, gaitasun digitala, gaitasun pertsonala, soziala eta ikasten ikastekoa, herritartasunerako gaitasuna, ekintzailetzarako gaitasuna eta kontzientzia eta adierazpen kulturaletarako gaitasuna.

Ikaskuntzaren fase hain goiztiarrean, ebaluazioa “globala, etengabea eta prestakuntzakoa” izango da, eta arreta berezia eskainiko zaio ikasleen banako arretari eta aniztasunari. Gainera, ikastetxeek, Hezkuntza Departamentuak araututakoaren arabera, prozedurak ezarriko dituzte irakaskuntza eta ikaskuntzako prozesuetan gerta daitezkeen zailtasunak goiz detektatu ahal izateko eta horiek prebenitzeko, goiz esku hartzea erraztuko duten planen eta programen bitartez.