Descárgate la app
Nafarroako Foru Ogasunak hainbat ondasun enkantean jarri ditu, bitarteko elektronikoen bidezko prozedura berri baten bidez
2021ko abenduaren 27a
Nafarroako Foru Ogasunak hainbat ondasun enkantean jarri ditu, bitarteko elektronikoen bidezko prozedura berri baten bidez
Nafarroako Foru Ogasunak enbargatutako ondasunak besterentzeko enkantearen prozedura aldatu du. Hemendik aurrera, enkanteak ez dira aurrez aurre egingo; aitzitik, bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Estatuko Aldizkari Ofizialaren enkanteen atariaren bidez, web orri honetan, non enkante judizialak, notarialak eta AEATren enkanteak egiten ari baitira,
Enkante elektronikoen Atari honetara atxikita enkantearen prozedura arintzen eta sinplifikatzen da batez ere.
Gainera, nabarmendu beharreko beste gai batzuen artean, aipatzekoa da prozedura berria errazagoa dela herritarrentzat; izan ere, behin bakarrik eman behar da alta BOEko Estatuko Agentziaren Enkanteen Atarian, era horretako prozedura guztietan parte hartzeko.
Sistema berriari esker, halaber, informazioa errazago bilatzen da, bilaketa-motor batekin soilik enkante publiko guztietara sartzeko aukera baitago. Horrez gain, gaur egun, enkanteen Atariak alerta-sistemara harpidetzeko aukera eskaintzen die erabiltzaileei posta elektronikoaren bitartez.
Bestalde, lizitatzaileen anonimotasuna eta gardentasuna uneoro bermatzen dira, denboraren zigilua eta prozesu guztien trazabilitatea ezarrita.
Aurreko sistema presentzialarekin alderatuta, berrikuntzetako bat da eskaintzak egiteko epea 20 egun naturaletan irekita egongo dela, eta epe horretan eskaintzarik badagoen ala ez ikus ahal izango da. Gainera, norberaren eskaintza gainditu bada, Atariak zuzenean jakinaraziko dio lizitatzaileari.
Nabarmendu beharreko beste kontu bat da eskaintza onena aurkeztu duen eskaintzaileari ondasuna automatikoki esleituko zaiola, betiere hori enkante-tasaren %50ekoa edo handiagoa bada. Gainera, jada ez dago gutxieneko eskaintzarik; beraz, aurkeztutako eskaintzetako onena enkante-tasaren %50 baino baxuagoa bada, Enkante Mahaiak, Nafarroako Foru Ogasuneko administrazio-unitateak, enkantea zuzentzen duenak, interes publikoari erreparatuta eta arrazoituta, esleipena egitea adostu ahal izango du berdin-berdin.
Sistema berriaren bitartez, Nafarroako Foru Ogasunak herritarren parte-hartzea sustatzea ez ezik, kreditu publikoa defendatzeko kobrantza-aukerak hobetzea ere espero du.
Enkanteak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Estatuko Aldizkari Ofizialean ere iragartzen jarraituko da.
Jarduneko enkanteak
Gaur egun, hainbat enkante ari dira egiten Atarian, eta tartean hauek nabarmentzen dira: Tabako eta Tinbre Saltokiaren emakida administratiboa, Aurizperriko txaleta; hainbat etxebizitza Arrotxapea auzoan (Izalzu kalea 9, Marcelo Celayeta etorbidea 142, Virgen del Río kalea 2); Txantrea auzoan (Cendea de Cizur kalea 27 eta Villafranca kalea 8); etxebizitza Lizarran (Lizarra kalea 49); eraikitzeko aukera duen orubea Uharteko jurisdikzioan, 2.760 m2-ko azalerakoa, hirugarren sektoreko hirigintza-erabilerarekin; eraikigarritasuna 10.145´69 m2-koa da, eta ITAROA Merkataritza Zentroaren ondoan aurkitzen da.
Datozen asteetan beste higiezin batzuen enkantea abian jartzea aurreikusten da. Tartean honako hauek nabarmentzen dira: Iruñeko erdigunean birgaitutako pisu bat (Nagusia 53), etxebizitza Milagron (Lazo kalea 4), etxebizitza atxikia Javean (Tesalonika kalea), apartamentua Menorcako urbanizazioan eta industria-nabe bat San Adrianen eta Zangozan.