2022ko irailaren 1a

Gizarte Historia Bakarrak gizarte-zerbitzuetako kudeaketa-epeak laburtu eta kalitate handiagoko arreta ahalbidetuko du

Nafarroako Gobernuak tresna hori garatzeko kontratua esleitu dio Inetum enpresari, Europako funtsetako 1,6 milioi euroko aurrekontuarekin

Nafarroako Gobernuak beste urrats bat eman du Nafarroako Gizarte Historia Bakarra garatzeko eta ezartzeko, tresna hori aztertzeko, diseinatzeko, garatzeko eta ezartzeko zerbitzua garatzeko kontratua esleitu baitu. Era horretan, gizarte-zerbitzuetako kudeaketa-epeak laburtzeaz gain, kalitate handiagoko arreta ahalbidetuko da.

2022-2024 denboraldirako enpresa esleipenduna Inetum izango da. Foru Exekutiboak lan horretarako 1.641.873,90 euroko aurrekontua (BEZ sartu gabe) jarri du guztira, Europako funtsen Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planetik – EB Next Generation-etik eratorrita.

Gizarte Historia Bakarrari esker, formatu elektroniko berean bildu ahal izango da gizarte-zerbitzuetako lehen arretaren eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren erabiltzaileen ibilbideari buruzko informazio  guztia, eta edozein unetan kontsultatu ahal izango da. Modu berean, pertsonen gizarte- eta familia-egoera, eskariak, diagnostikoa, egindako esku-hartzea eta bilakaera kontsultatzeko aukera egongo da.

Foru Komunitatean, Nafarroako Gizarte Errealitatearen Behatokiaren Zuzendaritza Nagusiak eta Eskubide Sozialetako Departamentuak garatu dute erreminta, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuarekin batera, eta jada ezarri da Andaluzia, Asturias, Gaztela eta Leon, Gaztela Mantxa, Katalunia, Galizia eta Errioxa bezalako autonomia- erkidegoetan.

Inetum enpresak 6.000 langile inguru ditu autonomia-erkidego guztietan banatuta, eta guztira 27 herrialdetan aurkitzen da. Nafarroan, 22 urte baino gehiago daramatza IT zerbitzuen jarduera garatzen, eta 70 pertsonako plantilla du.

Abantailak herritarrentzat eta Administrazioarentzat

Sistema berriak eskainiko duen abantailetako bat izango da arreta espezializatuko gizarte-zerbitzuen datuekiko eta Nafarroako Gobernuak enpleguaren, osasunaren, etxebizitzaren, hezkuntzaren edo justiziaren inguruan ematen dituen beste prestazio batzuekiko elkarreragingarritasuna; horri esker, administrazio-kudeaketa batu, sinplifikatu eta optimizatuko da.

Administrazioko hainbat instantziaren arteko bateragarritasun horrek sistema ezberdinen arteko sare-lana eta profesionalen koordinazioa erraztuko ditu aldi berean. Halaber, gizarte-prestazioen kudeaketa integratua egiten ez ezik, segimenduak eta ebaluazioak zorrotzago, modu pertsonalizatuan eta profesionalen artean partekatuta diagnostikatzen, planifikatzen eta egiten ere lagunduko du.

Bestalde, herritarrentzako abantailei dagokienean, Gizarte Historia Bakarrak aukera emango du Gizarte Zerbitzuekin lotutako prozedurak digitalki izapidetzen; era berean, historia pertsonala kontsultatzeko aukera emango du.

Era berean, arreta-eskariaren igoeraren aurrean, nabarmendu behar da tresna honekin egungo informazio-sistemen gaitasuna handituko dela eta, ondorioz, izapidetzeko denborak eta kostuak murriztu.

Pertsonen arretaren hobekuntza

“Horrekin guztiarekin pertsonen arreta argi eta garbi hobetuko da, integratuagoa izango baita eta profesionalen artean hobeto koordinatua, informazio osoa eguneratuta izango baitute denbora errealean”, nabarmendu du Eskubide Sozialetako kontseilari Carmen Maeztuk. Haren ustez, “tresna honi esker, informazioa hobeto aztertu eta ebaluatuko da eta, era horretan, gizarte-politikak hobeto planifikatuko dira”.

Bestalde, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilari Juan Cruz Cigudosak adierazi du “Gizarte Historia Bakarra herritarrentzako funtsezko aurrerapena dela, pertsonen trantsizio digitala bultzatzeaz gain, sistema soziosanitarioari arintasuna ematen diolako”. Ildo horretan, azpimarratu du, baita ere, “Nafarroako Gobernuak apustu egin duela Administrazioa digitalizatzeko, Foru Komunitatea abangoardia teknologikoan kokatzearren”.

Nafarroan Gizarte Historia Bakarra diseinatzea eta ezartzea lehentasunezko proiektua da bi departamentuentzat, eta zuzendaritza eta talde, toki-erakunde eta talde interesgarrien inplikazioa eskatzen du, garrantzi handiko proiektua, etengabe aldatzen ari dena eta iraupen luzekoa izateagatik.