Descárgate la app
Migratzaileen Harrera Planean migrazioen inguruko informazio-zerbitzu bat sortzea aurreikusten da
2021ko abenduaren 29a
Migratzaileen Harrera Planean migrazioen inguruko informazio-zerbitzu bat sortzea aurreikusten da
Foru Gobernuak gaurko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, Nafarroako Migratzaileen 2021-2026 Harrera Plana onartu da, eta Planak 13.220.554 euroko zuzkidura ekonomikoa izango du gauzatzeko sei urteetarako. Neurrien artean gehien nabarmentzen dena da migrazioen arloko informazio-zerbitzua bat sortuko dela bi arreta-punturekin, Iruñean eta Tuteran, eta horien bitartez Nafarroan espezializatutako zerbitzu ezberdinetara bideratuko da.
Gaur onartutako testua sei ardatz hauetan oinarrituko da: jatorritik prestatzea eta iritsitakoan arreta ematea, profil zehatzetan esku-hartze espezializatua egitea, erakundeak testuingurura eta kultur aniztasunera egokitzea, komunikazioa sustatzea eta aliantza eraginkorrak garatzea, komunitatea eta kulturen arteko partaidetza indartzea eta genero-berdintasuna sustatzea.
Aipatu informazio-zerbitzuaz gain, Harrera Planak esku hartzeko 54 neurri izango ditu guztira, horietako batzuk jada abian direnak; hala nola, atzerritartasunaren arloko aholkularitza-zerbitzua indartzea, aldi bereko telefono-interpretaziorako baliabidea sendotzea eta zabaltzea, Familia Berrelkartzeko Zerbitzua (SERFAM) sortzea eta indartzea edota Kideak programa sortzea Nafarroan familia-babesik ez duten migratzaile gazteentzat.
2022an eta hurrengo urteetan abian jarri beharreko neurrien artean, hizkuntzak ikasteko lana nabarmentzen da, dauden baliabideen mapatik eta estali gabeko premien diagnostikotik abiatuta; prestakuntza-edukien programa globala sortzea eta ezartzea; migratzaileei osasun mentaleko arreta emateko prozedurak hobetzea; edota nazioarteko babesaren eskatzaile edo onuradunei harrera egiteko eredu bat partaidetzaz sortzea.
Entzute aktiboa eta parte-hartzea
Nafarroako Migratzaileen Harrera Plana entzute aktibo eta arretatsuan oinarritu da, hainbat gune birtual eta presentzial burutu baitira, herritartasun antolatuarekin edo banaka eta eremu eta zerbitzu publiko eta pribatu askotako profesionalekin.
12 laborategi egin dira, eta horietan 138 emakumek eta 70 gizonek parte hartu dute; halaber, 197 ekarpen jaso dira Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren atariaren bitartez, eta Foru Exekutiboaren 13 zuzendaritza nagusiren ekarpenak ere bai. Guztira, hauek izan dira parte-hartzaileak: 52 elkarte, Nafarroako Gobernuko 51 zuzendaritza nagusi edo zerbitzu, tokiko 35 erakunde, hamar fundazio, lau sindikatu, hiru komunikabide eta 37 pertsona norberaren izenean.
Nafarroako Gobernutik inplikaturiko bederatzi departamentuez gain, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, Nafarroako Gazteria Institutuak, Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Gobernuaren Delegazioak hartu dute parte.