Descárgate la app
Julio Caro Baroja Nafarroako Museo Etnologikoak 127 pieza berri sartu ditu bere bilduman azken hiru urteetan
2022ko otsailaren 22a
Julio Caro Baroja Nafarroako Museo Etnologikoak 127 pieza berri sartu ditu bere bilduman azken hiru urteetan
Julio Caro Baroja Nafarroako Museo Etnologikoak 127 pieza bildu ditu bere bilduman azken hiru urteetan, eta erakundeak 16.467 funts museografiko inbentariatu ditu. Eskuratze gehienak partikularrek emandakoak dira, baina orain arte beste instantzia batzuek zaintzen zuten Nafarroako Kultura Ondarea berreskuratzeko kasuak ere izan dira.
Administrazioko beste unitate batzuetatik berreskuratzeari dagokionean, 2021ean hiru funts ezberdin eskuratu dira. Alde batetik, Aurizberriko disko-formako zortzi hilarri, orain arte elkarte partikular baten lokalean aurkitzen zirenak eta Gipuzkoako Aldundiari emanak. Halaber, Labeagako hilarri bat berreskuratu da, Museoaren egoitzara ere eraman dena gordailuan, segurtasun eta prebentzio-kontserbazio arrazoiak medio zaintzeko.
Bestetik, Nafarroako Dantzak eta Jantziak liburuaren argitalpeneko 53 marrazki original gehitu dira, Jose Mª Pastorrek eginak (“Artzai”), eta Vianako Printzea Kulturako Zuzendaritza Nagusiko Argitalpen Atalak kontserbatua. Azkenik, Iruñeko Ospitale Orokor zaharreko mahai-tresneriako 24 elementu gehitu dira, Osasun Departamentuak emanda.
Partikularren dohaintzei dagokienez, familiaren ondareari helburu kultural eta sozial bat emateko asmoarekin (horiek dira sarrera gehienak), tartean Victor Eusak diseinaturiko etxeko kapera bat, zentral hidroelektrikoetako kanalak garbitzeko orga bat, teilaturako pago-oholtxoen multzo bat eta Soraurengo zeremonia-jantzien hainbat elementu nabarmendu behar dira.
Horrez gain, nabarmendu behar da “azken hiru urteetan zehar, garrantzia edo berezitasun bereziko zenbait obra erosi direla; hala nola, presoentzako egurrezko zepo bat eta Xabierko San Frantziskoren margolan bat, biak XVII. mendekoak eta Muruzabal jauregiko apainduratik etorriak”, Museoaren arduradunek azaldu dutenez.
Elementu horiei Lizarrako eltzetegietan XIX. Mendean egindako bi ontzi gehitu behar zaizkie, Garesko etxe partikular batekoak; Sakana eta Luzaideko “paxiak” edo bataiatzeko zazpi gerriko eta sei musika-tresna herrikoi. Pieza horiek guztiak Arruazuko Jose Mª Satrustegi Zubeldia etnografo zenak bere landa-ikerketetan jasotako bildumakoak dira.
Museoa
“Julio Caro Baroja” Nafarroako Museo Etnologikoak bildumak handitzen, dokumentatzen eta kontserbatzen jarraitzen du, eta titulartasun publikoko ia 16.500 bat pieza etnografiko ditu.
Gainera, barne-jarduera etengabe egiten jarraitzen du, herritarrei zerbitzuak eskainiz; hots, liburutegi espezializatua ostiralero irekitzen du goizez, eta instalazioak ezagutzeko bisita gidatuak egiten ditu gazteleraz eta euskaraz, Museoen Nazioarteko Eguna (maiatza) eta Ondarearen Europako Jardunaldiak (iraila-urria) bezalako egun zehatzetan.
Era berean, Museoak, publikoari etengabe irekitzen ez zaion lantokia izanik, Nafarroako Kultur Ondare Ukiezinaren dokumentazio-lana egiten du Pyrenerekin lankidetzan, eta, horren ondorioz, bi dokumental berri grabatu dira: “Erronkariarren Abelbidea. Bardeara egindako bidaia baten egunerokoa”, iaz estreinatu zena, eta “Oholtxozko teilatu baten berreraikuntza”, martxoan estreinatuko dena.
Azken ekoizpen horretan, egurrezko oholtxoak egiteko modu tradizionala jasotzen da, kasu honetan, Iratiko Oihanaren bihotzean dagoen Elurretako Ama Birjinaren ermitaren teilatua berreraikitzeko.