2018ko maiatzaren 4a

NKGIk herri kirolak bultzatzen ditu bertako kulturaren zati gisa

Lau ekintza-lerro diseinatu dira modalitate horren Federazioarekin batera
Herri Kirolak sektoreko agenteak NKGIko zuzendari kudeatzailearekin eta 
zuzendariordearekin, Rubén Goñirekin eta Primitivo Sanchezekin, hurrenez 
hurren.
Herri Kirolak sektoreko agenteak NKGIko zuzendari kudeatzailearekin eta zuzendariordearekin, Rubén Goñirekin eta Primitivo Sanchezekin, hurrenez hurren.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, Herri Kirolak Federazioarekin elkarlanean, lau ekintza-lerro abian jarri ditu kirol-mota hori bultzatzeko Nafarroako bertako kulturaren zati gisa. Bultzatzeko programa Nafarroako Kirol Batzordeko Bertako Kirolen Batzordean jorratu da, kirol-modalitate horren egoeraren analisia egin eta gero. Batzorde horretan Herri Kirolak sektoreko eta NKGIko agenteek hartu dute parte, herri kirolak sustatzeko ekintzak diseinatzearren.

Bultzatzeko programan 4 jarduera-lerro proposatzen dira: “Ezagutu herri kirolak”, kirolarientzako laguntza, kirol eta tokiko erakundeentzako laguntza eta herri kirolak ezagutzera ematea eta hedatzea.

“Ezagutu herri kirolak”

Ekintza-lerro honen helburua da herri kirolak ezagutzera ematea eta sustatzea ikasleen artean. Kirol-mota hau gutxien ezarrita dagoen zonetako ikastetxeetako lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleentzat da (10-14 urte). Lehen fasean, 5 ikastetxetara heldu nahi da, eta taldeak finkatu, ondoren Nafarroako Kirol Jokoetan parte har dezaten. Zona hauek izango dute lehentasuna: Lizarra, Iruñerria eta Tafalla.

Jardueraren barnean honako hauek egingo dira: herri kiroletako materiala sortzea, eskola-ingurunean parte hartuko duten adinetara egokitua; material hori ikastetxeari uztea; unitate didaktikoa irakasleek erabiltzeko; pertsona espezializatuak ikastetxean jarduera garatzen laguntzeko; herri kirolen eguna egitea ikasitakoa ikastetxeko gainerakoei ezagutzera emateko; kirolari ezagunak etortzeko aukera ematea; eta sustapen-materiala banatzea modalitate hori hedatzearren.

Lehen ekintza-lerroa maiatzean bertan abian jartzea aurreikusi da.

Herri kiroletako kirolarientzako laguntza

Ekintza-lerro honetan, kirolariei laguntzea proposatzen da Miguel Indurain Fundazioaren programen barnean jarritako baliabideen bitartez.

Horretarako, Miguel Indurain Fundazioaren eta Nafarroako Herri Kirol Federazioaren artean lankidetza-hitzarmena sinatzea aurreikusten da, kirol-emaitzen arabera, eta maila handiko kirolarien definizioa arautzen duten irizpideak berrikustea.

Kirol eta tokiko erakundeentzako laguntza

Halaber, programaren barnean, herri kirolak bultzatuko dituzten programak garatzea erraztu nahi da. Ildo horretan, laguntzen deialdi guztietan, kirol erakundeek eta tokiko erakundeek garatutako herri kirolen proiektuetarako diskriminazio positiboko irizpideak jasotzea da helburua.

Herri kirolak ezagutzera ematea eta hedatzea

Azkenik, bultzatzeko programa honetan, erreferenteak sortzeaz gain, herri kiroletako kirolariak ezagutzera eman nahi dira, gizarteak oro har eta gazteek bereziki ezagutu ditzaten.

Ildo horretan, Miguel Indurain Fundazioaren bitartez, garrantzi bereziko kirol-ekitaldiak antolatzea bultzatu nahi da, diziplina horretako kirolariak ezagutzera ematea bekak entregatzeko galan eta Fundazioaren ekitaldietan agertzea.

Era berean, sustapen-bideoak egin nahi dira hedatzeko, kirol-mota hori komunikabideetan agertzea bultzatu nahi da eta Nafarroako Herri Kirol Federazioaren web gunea berritzea eta sare sozialak bultzatzea.